Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa ostegun honetan bildu dira, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Bileraren helburua izan da bi erakundeek komunean dituzten proiektuetan aurrera egitea, besteak beste, trenbide-sare konbentzionalean, plataforma logistikoetan eta abiadura handian.
Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak, María Luisa Domínguez ADIFeko presidenteak eta Denis Itxaso Euskadiko Gobernuko ordezkariak hartu dute parte ordubete baino gehiago iraun duen lan-bileran. Lan-bilera horretan, bi erakundeek Euskal Y-aren obrak zer egoeratan dauden aztertu dute, baita epe laburrean egingo diren urratsak ere. Ildo horretatik, bi erakundeek abiadura handia Gasteizera eta Bilbora lurpetik iristeko konpromisoa berretsi dute, eta trenbideen azpiegitura berria lehenbailehen martxan jartzeko asmoa adierazi dute.
Raquel Sánchez ministroak aditzera eman du Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza beste bi kudeaketa-mandatu azkentzen ari direla, Eusko Jaurlaritzak obra horiek kudeatu ahal izan ditzan, Gipuzkoako tartearekin jada egiten duen bezalaxe. Arriola sailburuak azaldu duenez, lehen kudeaketa-mandatua Zaratamo eta Cantalojas arteko tunela egiteko mandatua izango da, abiadura handia bertatik sartuko baita Bilbora. Akordioa itxita dago, bi erakundeetako pauso administratibo eta juridikoen zain.
Bigarren mandatuari esker, Eusko Jaurlaritzak —Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez— Arkautiko (Araba) korapiloaren zati baten eraikuntza-proiektua eta obra egin ahal izango ditu. Euskal Y-aren puntu horretan urrats berriak egingo dira laster, ADIFek hurrengo asteetan lizitatuko baitu abiadura handia Gasteizera iristeko oinarrizko proiektua. Inplikatuta dauden erakundeek beren erabaki-organoetan onartu duten protokoloari esker, proiektu hori informazio-azterketarekin batera jarri ahal izango da abian —ingurumen-tramitazioak ebatzi zain dago—.
Euskal Y-aren bi puntu gehigarri horiek Euskal Autonomia Erkidegoak egikari ditzan “Ministerioaren harmen eta jarrera ona” eskertu du Arriolak, eta bi erakundeek akordio horiek “lehenbailehen” formalizatzeko duten interesa nabarmendu du. “Espero dugu legegintzaldi hau inflexio-puntua izatea azpiegitura horren obren aurrerabidean”, adierazi du sailburuak.
Ministroak azpimarratu du kudeaketa mandatu berriak “errealitate bat” direla. Era berean, bi erakundeek azpiegitura hori ahalik eta azkarren martxan jartzeari ematen dioten garrantzia nabarmendu du, eta horretarako Gasteizko eta Bilboko lurperatzeak egiten diren bitartean martxan jartzea ahalbidetuko duten irtenbideak artikulatzen ari direla aditzera eman du. Aukera desberdinak aztertzen ari dira: behin-behineko geltoki bat Bilborako sarbiderako, aldirietako konexioarekin, eta, Gasteizen kasuan, sarbidearen hainbat fasetako garapena gaur egungo geltokira, lurpeko integrazio-lanak egiten diren bitartean lurrazalean iritsita.