Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Espetxe Erakundeei buruzko akordioa eta beste hiru transferentzia itxi dituzte

2021-05-10

  • Transferentzien Batzorde Mistoak lau eskualdaketak ziurtatu ditu gaur Bilbon egin den ekitaldi batean, eta bertan parte hartu dute Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak

Transferentzien Batzorde Mistoak gaur ziurtatu du Espetxe Erakundeen arloko Estatuko Administrazioaren funtzioak eta zerbitzuak, bai eta langileak, aurrekontuak eta ondareak ere Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko akordioa, horrez gainera, Errepideko Garraioaren, Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eta ISSN kode bibliografikoaren kudeaketaren eskualdatzea ere gauzatu da. Gai horiek eskualdatuta, oraindik beste 27 transferentzia geratzen dira eskualdatzeko bi gobernuek adostutako egutegian ezarritakoa betetzeko eta, era horretara, Gernikako Estatutua osatzeko.

Batzorde Mistoa Gernikako Estatutuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion transferentziak gauzatzeko arauak ezartzen dituen organoa da. Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen eskualdatzea ere arautzen du.

ESPETXE ERAKUNDEAK

Transferentziarik handiena espetxeei buruzko Estatuko legeria, Espetxeak izenez ere ezagutzen dena, betearazteari buruzkoa da. Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko akordioari jarraituz, Euskadira eskualdatuko dira espetxeen arloko eginkizunak eta zerbitzuak, eta, horren ondorioz, Jaurlaritzak bere gain hartuko du Basauriko (Bizkaia), Zaballako (Araba) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeen antolamendurako, araubiderako eta funtzionamendurako eskumen esklusiboa. Era berean, zigortuei zigorrak betearazteaz, eta horren koordinazioaz eta jarraipenaz ere arduratuko da.

Eskualdatzea datorren urriaren 1etik aurrera gauzatuko da. Lau hamarkadatan baino gehiagotan Espainiako Barne Ministerioa eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza izan dira Euskadin dauden hiru espetxeen arduradun. Urritik aurrera lekukoa Eusko Jaurlaritzari pasatuko diote, eta Jaurlaritzak bere gain hartuko du espetxe-zerbitzu publikoa emateko baliabide materialen sare osoa. Gaur egun 1.300 preso inguru daude Zaballako (Araba), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) kartzeletan, eta horietatik ehun inguru emakumeak dira.

Hiru eraikinak Euskadiri eskualdatu zaizkio eta Jaurlaritzarenak izango dira, lehen Estatuarenak ziren baldintza juridiko beretan. Zubietako espetxea eraikitzen dutenean, Eusko Jaurlaritzak Martutene itzuliko dio Espainiako Gobernuari, eta espetxe berriaren titulartasuna bere gain hartuko du. Espainiako Gobernuak martxoan esleitu zituen espetxea eraikitzeko lanak, eta, ezarritako epeen arabera, 2023ko udaberrian amaituta behar luke. Eragiketa horrek ez du aldaketarik eragingo eskualdaketari lotutako Estatuko urteko kostu osoaren balorazioan.

Transferentziak Langraizko kartzela zaharra ere barne hartzen du. Espainiako Espetxe Erakundeak itxi zuen eta jada ez dago presorik bertan, duela gutxira arte bere pabiloietako batzuk espetxeetako funtzionarioei ostatu emateko erabiltzen baziren ere.  Gaur gaurkoz espetxea ez da zerbitzu publikotik kendu.

Langileei dagokienez, Euskadiko hiru kartzeletan lan egiten dutenak 700 inguru dira. Eusko Jaurlaritzak euskal funtzio publikoan sartuko ditu eta bere gain hartuko ditu horien nominak. Zaballan hirurehun inguru daude, eta Basaurin eta Martutenen, berriz, ez dira berrehunera iristen. Gehienak funtzionarioak dira, baina badira lan-kontratupeko langileak ere.

Transferentziaren balorazioa 1.120.933.225 eurokoa da, eta EAEk, beraz, urtean 69.949.977 euro atxikiko ditu bera gain hartutako eginkizunak eta zerbitzuak finantzatzeko (Kupotik % 6,24 deskontatuko da). Euskadik, beraz, kopuru hori atxikiko du Kupoari gehitu gabe, eta bertako Aurrekontuetara eramango du bere gain hartutako eginkizun eta zerbitzu guztiak finantzatu ahal izateko.

2011n, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen espetxe-osasuneko zerbitzu publikoak, jarduera mediko legalak barne, eta Osakidetzan integratu zituen.

ERREPIDEKO GARRAIOA

Bi gobernuek errepideko garraioaren transferentzia ere adostu dute. Hala, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan igarotzen den errepideko garraioaren antolamendua, koordinazioa, ikuskapena eta kontrola, bai eta bertatik igaro gabe Euskadin jatorria eta helmuga dutenak ere.  Laburbilduz, bere gain hartuko ditu garraio operadorearen baimenaren kudeaketa, garraio pribatuaren eta garraio-jarduera osagarrien kontzesioak ematea eta kudeatzea, eta garraiorako eta jarduera osagarrietarako lanbide gaitasuneko azterketak kudeatzea.  

Arabako lurraldea funtzio horietako batzuk betetzen ari da jada 1950eko foru-hitzarmen bati esker. Akordioak aurreikusten du Arabako Foru Aldundiarekiko ezarritakoa parekatzea Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundientzat, bai eta Arabako hitzarmena eguneratzea ere. Eskualdatzeak eragina izango du aldundiekin hitzarmenak sinatzen diren unean, 2021. urtean zehar.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu orain Estatuaren mende dauden 4 langile publikoak, eta behin-behinean euskal funtzio publikoan integratuko ditu, gero foru-aldundietara eskualdatzeko. Era berean, bere gain hartuko du Txabarri Jauregiko 77 metro koadroko eremu bat ere (Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren egoitza, Bilboko Moyua Plazan dagoena). Transferentziaren balorazio ekonomikoa 153.000 eurokoa da, eta EAEk, beraz, urtean 9.581 euro atxikiko ditu eginkizunak eta zerbitzuak finantzatzeko.

ISSN

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioak identifikazio bibliografikoaren nazioarteko kodea (ISSN) eskualdatzea ere jasotzen du. Argitalpen seriatuak identifikatzeko nazioartean ezaguna den zenbaki bat da. Kudeaketa Espainiako Liburutegi Nazionalari egokitu zaio eta eskualdaketa sinatu ondoren eskumena euskal administrazioaren esku geratuko da. Eskualdaketa honen bidez Jaurlaritzak bere gain hartuko du ISSN kodea Euskadin ematea, eta, horretarako, editoreen eskaerak jasoko ditu eta ISSNa esleituta duten aldizkako argitalpenak izapidetuko eta katalogatuko ditu.

ONDARROAKO ITSAS BARRUTIKO ERAIKINA

Bi gobernuen artean adostutako transferentzien artean Estatuaren titulartasunekoa den Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasatzea dago. Transferentzia honekin bere garaian eskualdatutako portuen transferentzia osatuko da. Eraikin hau hartzen duen lursailaren azalera 172 metro koadrokoa da, eta eraikinaren azalera guztira 688 metro koadrokoa da. Bertan zegoen Ondarroako Itsas Barrutiaren egoitza, eta eskualdaketa honi esker bertako portua berritzeko lanak amaitu ahal izango dira. Garai batean eraikin militarra zena eta gero, 1995ean, portuen eskumena zuen Ministerioaren esku geratu zena, eraitsi egingo da, eta gune horretan biribilgune bat eta kamioiak kargatzeko portutik irteteko sarbidea eraikiko dira. 

Horrela, Ondarroako arrain-lonja berriaren eraikina eraikitzeko proiektuari amaiera emango zaio, eta, ondoren, bertara pasatuko dira Ondarroako Itsas Barrutiko langileak. Azkenik, eraitsi egingo da Estatuko zerbitzu hori hartzen zuen eraikin hau. Operazio horri esker, portua berritzeko lanak amaitu ahal izango dira.

PARTE-HARTZAILEAK

Gaur eguerdian Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin den bileran izan dira Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Batzorde Mistoaren lehendakaria; Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua; Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua; Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Sabino Torre Araubide Juridikoko sailburuordea eta Begoña Pérez de Eulate Autogobernuko zuzendaria eta Batzorde Mistoko idazkaria ere izan dira bileran.

Espainiako ordezkaritzaren buruan Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa izan da, eta harekin batera izan dira: Víctor Francos Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko estatu idazkaria; Miryam Álvarez Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia; Denis Itsaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria Euskadin; Inés Olóndriz Autonomia eta Toki Finantzazioko idazkari nagusia; Mónica García Aurrekontu Egonkortasuneko eta Lurraldeko Finantza Kudeaketako idazkari nagusia; Carmen Cuesta Autonomia eta Toki Lankidetzako zuzendari nagusia; Ángel Luis Ortiz Espetxe Erakundeetako idazkari nagusia; Miguel Ángel Vicente Zigor Exekuzioko eta Gizarteratzeko zuzendari nagusia; Jaime Moreno Lurreko Garraioko zuzendari nagusia; Ana Santos Liburutegi Nazionaleko zuzendaria; eta Jorge García Carreño Transferentzien Batzorde Mistoko idazkaria eta Autonomia Erkidegoekiko Aldebiko Harremanetarako zuzendariordea.