Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Zirkular eta Bioekonomiaren lehenengo Plana onartu du, lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna sustatzeko, hondakinak murrizteko eta ekoizpen garbia optimizatzeko (Gobernu Bilera 2021-10-13)

Argitalpen-data: 

PE_EC_BIO_Octubre_2021.jpg
  • Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2021-2024 Planak 45 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du, 32 miloi baliabide propioak dira eta 13 miloi Mext funtsak 
  • Plan honek produktibitate materiala % 30 handitzea eta hondakinen sorrera-tasa % 10 murriztea aurreikusten du, eta Euskadi ekonomia zirkularraren liderren artean kokatzen du Europan 
  • Urriaren 21ean irekiko da toki-erakundeentzako eta enpresentzako laguntza-programa berri baten epea. NEXT funtsetatik datozen 13 milioi euroko zuzkidura izango du programa horrek, eta proiektu zirkular berriak eta hondakinak kudeatzeko proiektu berriak finantzatuko dira 
  • Bioekonomia barne hartzen du plan honek, baliabide biologiko berriztagarriaen erabilera bultzatuz balio handiko produktu berriak sortzeko 
  • Planak 11 jarduera-ildo eta 53 ekintza konkretu biltzen ditu; horien bidez, Euskadiko trantsizioa bultzatu nahi du lehengaien kontsumo aldetik efizienteagoa den ekonomiarantz 

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur Euskadiko Ekonomia Zirkular eta Bioekonomiaren 2024rako Plan Estrategikoaren onarpenari. Plan horrek bioekonomiaren bultzada jasotzen du aurreneko aldiz, teknologia berritzaileak bitartekotzat hartuta, eta ekoizpen zein kontsumo eredu berri baten alde egiten du, Euskadi ekonomia efizienteagora eramateko xedez. 

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak prestatuta, gaur onartutako Planak erantzuna eman die zenbait erronkari, hala nola: zirkularragoak diren negozio-eredu berrien sorrera bultzatzea; material (aurreratuak eta berriztagarriak), prozesu eta produktuetan berriztatzea; produktuen balio-bizitza luzatzea; lehengaien kontsumoa eta hondakinen sorrera murriztea; kontsumo-eredu zirkularrago bat sustatzea; elikagaien xahuketa murriztea; plastikoen erabilera efizienteagoa bultzatzea; hondakinen berrerabilpen, birziklapen eta berreskurapena areagotzea; eta lehengai sekundarioen erabilera handitzea. 

Basque Green Deal, Euskadiko Itun Berdeari, garapen-eredu inklusibo eta iraunkorrari bultzada emateko printzipioetako batzuk dira. 

Erronka horiei aurre egiteak -enpresak, administrazioak eta herritarrak inplikatuz- ahalbidetuko du Euskadi erreferente gisa kokatzea ekonomia zirkularrerako trantsizioan eta bioekonomia zirkularrean.  Hain zuzen ere, bioekonomia da plan honekin bereziki bultzatu nahi den alderdi bat. Bioekonomian aritzen diren sektore ekonomikoek lur eta itsasoko baliabide biologiko berriztagarriak –hala nola laboreak, basoak, animaliak eta mikroorganismoak- erabiltzen dituzte elikagaiak, materialak eta energia ekoizteko, baliabide naturalen kudeaketa irtenbide teknologiko berriekin uztartuz, gaur egun erregai fosilez ekoizten duguna ordeztuko duen produktu-belaunaldi berri bat sortzeko. Aukera bat da balio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ekologia, ekonomia eta berrikuntza uztartzearen bidez sortzeko. 

Europako Batzordearen ekonomia zirkularrerako Ekintza Planarekin bat etorriz, Euskadiko Ekonomia Zirkular eta Bioekonomiaren 2024rako Planak lau ardatz estrategiko ezartzen ditu: ekoizpena; kontsumoa; hondakinen eta lehengai sekundarioen kudeaketa; eta lehiakortasuna eta berrikuntza. 

Hamaika jarduera-ildo jasotzen dira (Negozio-zirkularren eredu berriak eta balio erantsi handikoak; Berrikuntza eta teknologia berriak ekonomia zirkularrean eta bioekonomian; Material jasangarri berriak; Produktu eta eraikinen ekodiseinua; Fabrikazio efizientea eta baliabideen ustiapen jasangarria; Bioekonomia zirkularraren aukerak sendotzea; Kontsumo zirkularra; Merkatuko eskaria eta baldintzak sortzea; Elikagaien xahuketa; Plastikoen kontsumoa; Hondakinen kudeaketa jasangarria; eta Lehengai sekundarioak), 53 ekintza konkretutan islatuta. Jarduera-ildo eta ekintza hauen helburua da Euskadiko trantsizioa bultzatzea baliabideen erabileran efizienteagoa den ekonomiarantz, ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri batera zuzendutako berrikuntzaren bitartez. 

53 ekintza 

Ekintza horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Basque Circular Hub-en sorrera (Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Zerbitzu Aurreratuen Zentroa); inbertsio publiko eta pribatua indartzea ekonomia zirkular eta bioekonomiaren alorreko berrikuntza-proiektuetan; material berrien garapenerako ikerketa-proiektuak abiatzea; edo Basque Ecodesign Center erakundea bultzatzea lehiakortasuna hobetzeko, balio-katea trakzionatzeko eta beraren jarduera-eremua sektore berrietara (eraikuntza, finantzarioa…) hedatzeko proiektuak garatzeko. 

Aurreikusita dauden beste ekintza batzuk honako hauek dira: ekoproduktibitatea ETEetan sostengatzera zuzendutako “ETE zirkularra” programa garatzea; aliantza iraunkorrak sortzea bioekonomia zirkularraren alorrean traktore diren europar eragile teknologikoekin; ekonomia zirkular eta bioekonomiaren irizpide berriak sartzea Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako Programan; herritarrak elikagaien kontsumo-eredu arduratsuagoaz kontzientziatzea, elikagaien xahuketaren arazoa azpimarratuz. 

Halaber, Planak honako ekimen hauek ere aurreikusten ditu: borondatezko akordioak egitea funtseko eragileekin, kontsumitzen diren plastikozko ontzien % 75 birziklagarria izatea lortzeko eta erabilera bakarreko plastikozko poltsa ez-birziklagarriak ezabatu ahal izateko; hondakinak tratatzeko teknologia berri eta efizienteagoak txertatzea eta garatzea, eta hondakinak kudeatzeko sektore aurreratu bat Euskadin bultzatzea; eta material birziklatu eta berriztagarrien gidak prestatzea eta banatzea, eraikuntza-proiektuetan txertatzeko. 

45 miloi: Aurrekontua eta laguntzak 

2024rako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana inplementatzeko aurreikusitako aurrekontua 31,9 milioi eurokoa da, baliabide propioekin, eta horiei Next Generation funts europarretatik datozen 13 milioi euro gehitu behar zaizkie. Funts horiek Europako Erkidegoak udal-hondakinen eta ontzien  kudeaketaren arloan dituen helburu berriak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak bizkortzeko erabiliko dira. 

Plan hau 2019an hasitako prozesu parte-hartzaile batez landu da, eta beraren bitartez funtsezko eragile askoren informazioa jaso ahal izan da: Euskadiko enpresak, klusterrak, erakunde publikoak, unibertsitateak eta zentro teknologikoak. 

Esparru horren baitan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 13 milioi euroko laguntza-lerro bat diseinatu du, EBk udal hondakinen, ontzien eta ontzien hondakinen kudeaketaren alorrean ezarri dituen helburu berrien betearazpena bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak azkartzeko xedez. 

Diru-laguntza horien deialdia datozen egunetan egingo da, eta haien helburua da ekonomia zirkularra Euskadin sustatzea, zehazki honako ekimen hauen bidez: gaikako bilketa berriak ezartzea, batez ere biohondakinena, baita oraingoak hobetzera ere; gaika bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea; gaika bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabilpen eta birziklapenerako prestatzeko instalazio berriak eraikitzea; eta honako asmo hauetarako inbertsioak: hondakinak biltzeko (garbiguneak, adibidez), bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, eta abar.) instalazioak; eta oraingo tratamendu mekaniko-biologikorako instalazioen eta berreskuratutako erregai solidoak (BES) prestatzeko instalazioen hobekuntza. 

Laguntzen eskatzaileak honako hauek izan daitezke: udalerriak edo beste toki-erakunde batzuk (foru aldundiak, mankomunitateak, eskualdeak, eta abar.), edota toki-erakunde horiek eta hondakinak biltzeko edo tratatzeko zerbitzuak betetzeko eskumena berenganatuta duten sozietate publikoek osatutako partzuergoak; erakunde juridiko publiko eta pribatuak (enpresak, elkarteak, gremioak, fundazioak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, ikastetxeak eta unibertsitateak, eta abar.), merkataritzako hondakin ez-arriskutsuak edo industrietan sortutako etxeko hondakinak sortzen dituztenak eta gaikako bilketarako proiektu bat aurkezten dutenak; eta hondakinen kudeatzaileak. 

Laguntza horien funtsak Euskadi Next - Euskadiren berreskurapenerako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsio-programatik datoz.