Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako prebentzio neurri berriak hartu ditu 150 kasuko tasa gainditzen duten udalerrietan

2021-11-16

  • Neurri berrien helburua da udal-agintariek baloratzea prebentzio-neurriei eutsi ezin zaien jarduerak etetea edo atzeratzea, eta neurriak dauden ekitaldietan jarduera horiek indartzea
  • Osasun Sailak baimena eskatuko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari gaueko aisialdiarekin edo jatetxearekin lotutako jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko
  • Agindu berriarekin batera, indarrean jarraituko dute maskara nahitaez erabiltzea, eskuen higienea eta espazio itxien aireztapena bezalako neurriek, bai eta urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotakoek ere.
  • Osasun sailburua: “txertoa da birusa geldiarazteko tresnarik onena, eta neurriak bete behar ditugu atzera ez egiteko”

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ezagutzera eman ditu intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa duten udalerriei zuzendutako neurri berriak. Ekitaldi jendetsuak saihestera edo horiek modu seguruan egiteko neurriak indartzera bideratutako neurriak dira. Era berean, sailburuak aurreratu du Eusko Jaurlaritzak baimena eskatuko diola EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari gaueko aisialdiarekin edo jatetxearekin lotutako jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, sailburuak egungo egoeraren azterketa egin du, pandemiaren adierazle nagusien eta horien ebaluazioaren errepasoa eginez. Egoera hori kontuan hartuta, neurri berriak proposatu ditu, eta bihar, asteazkena, azaroaren 17an argitaratu eta indarrean jarriko den agindu berri batean jasoko dira.

NEURRIAK

Sagardui sailburuak azaldu duenez, pandemiaren egungo egoerara egokitutako neurriak dira. Hala, Osasun Sailak uste du beharrezkoa dela urriaren 6ko Aginduaren eranskinean aurreikusitakoez gain neurri osagarriak hartzea 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-tasa metatua duten udalerrientzat. Neurri osagarri horiek honako hauek lirateke:

Bat - Udal agintariek 2021eko urriaren 6ko Aginduan aurreikusitako prebentzio-neurriak betetzen direla bermatu ezin duten jarduera guztiak bertan behera uztea edo aldi baterako atzeratzea, jarduera horien eremua edozein dela ere.

Janaria eta edaria edatearekin lotuta daudenetan interes berezia jarriz, horrek maskara ez erabiltzea errazten baitu, birusa dibulgatzeko arriskua areagotuz.

Bi - Prebentzio-neurriak mantenduz antolatzen diren ekitaldietan, bai barruko espazioetan, bai aire zabalean, neurriak indartzea komeni da. Hau da:

  • Jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak aurreikusten diren tokietan.
  • Pasabideak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.
  • Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea.
  • Ahal denean, kanpoan antolatu jarduerak. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak, eta COVID-19a hartzeko edo transmititzeko arriskua handiagoa da espazio itxietan eta jende askorekin.

Hiru - Beste neurri bat da Osasun Sailak astean bitan (astelehen eta ostegunetan) bidaliko duela buletin epidemiologikoa. Horrek udalerrien egoera ezagutzeko, udalen lana errazteko eta herritarrak pandemiaren bilakaeran duten inplikazioaz kontzientziatzeko balioko du.

Neurri horiek Osasun sailburuak sinatutako agindu batean jasoko dira, eta bihar, asteazkena, azaroaren 17an argitaratu eta indarrean jarriko da.

Aldi berean, Osasun Sailak aste honetan bertan baimena eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko. Baloratzen ari dira, 12 urtetik gorako pertsonentzat, honako toki hauetan eskatzea: gaueko aisialdiko establezimenduetan, musika- eta dantza-jarduerak egiten diren establezimendu edo lekuetan (kontzertuak, adibidez) edo baimendutako talde handiek aldi berean bat egin dezaketen jatetxeetan.

PANDEMIAREN ADIERAZLEAK ETA EGOERA

Sailburuak adierazi duenez, joerak adierazten du pandemiak hazkunde-abiadura handiarekin egiten duela aurrera. “Datozen egunetarako joera eta aurreikuspena hazten jarraitzea da”, adierazi du.

Sagardui sailburuak azaldu duenez, txertaketak  egora berri bat posible egin du, eta, horregatik, pandemiaren jarraipen-adierazle nagusien irakurketa eta balorazioa desberdinak izan behar dira.