Euskal Hezkuntza Sistemako irakasleei aitortza egiteko ekitaldia

2021-12-01

  • Lehendakaria buru zela, ekitaldiak Euskal Hezkuntza Sistemaren ordezkaritza zabala batu du Bilbon, hasi irakasleekin eta familietara, tartean ikastetxeetako zuzendarien elkarteak edo Euskadiko Eskola Kontseiluko kideak zirela, besteak beste
  • Irakasleen lanari aitortza egiteko helburu horrekin, Hezkuntza Sailak kanpaina bat jarri du abian kultura, zientzia, komunikazioa eta kiroleko pertsona ezagunak protagonista direla

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Hezkuntza Sailak bultzatuta gaur goizean irakasleak eta hauen lana aitortzeko Bilbon burutu den ekitaldiaren buru izan da. Euskal Hezkuntza Sistemaren ordezkaritza zabala bildu du ekitaldiak: irakasleak, familien ordezkariak, ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteak, itunpeko ikastetxeetako patronalak, unibertsitateetako zein Lanbide Heziketako arduradunak, Euskadiko Eskola Kontseilua, edo hezkuntzaren arloko ordezkaritza politikoa, besteak beste.

Ekitaldian, irakaslearen figura aitortzeko kanpaina ere aurkeztu da, Hezkuntza Sailak gaur bertan abiaraziko duena. Bertan, kulturako, zientziako, komunikazioko eta kiroleko aurpegi guztiz ezagunek eskola-garaian irakasleren batek bizitza osorako utzi zien oroitzapenak eta arrasto sakona kontatuko dituzte.

Bai Bilbon burutu den ekitaldiak eta bai gaur bertan komunikabideetan abiatuko den kanpainak irakasleen lana, konpromisoa eta inplikazioa nabarmendu nahi dituzte, hainbat belaunalditako maisu eta andereñoek irakasteko eta berritzeko erakutsi duten grina txalotzearekin batera.

Atzoko, gaurko eta biharko irakasleak

Horregatik, irakasleak izan dira protagonista nagusiak gaurko ekitaldian. Atzoko, gaurko eta biharko maisu eta andereñoak. Lehenik eta behin, lau irakasle igo dira oholtzara –Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, Bigarren Hezkuntzakoak, Lanbide Heziketakoak eta unibertsitatekoak–, joan zen ikasturtean erretiroa hartu berri dutenak, Euskal Hezkuntza Sisteman hamarkada luzez lanbidean aritu ondoren.

Erretiratuen atzetik, beste lau irakasle deitu dituzte agertokira, gazteagoak azken hauek, ikasturte honetan etapa horietan bertan irakasle lanetan hasi direnak.

Zortzi profesionalak oholtzan zirela, belaunaldi-erreleboa eszenifikatu da, irakaskuntzan gertatzen ari den lekuko-aldaketa beharrezkoa. Haritz egurrezko irudi baten bidez irudikatu da lanbide barruko jarraipena, maisu eta andereño belaunaldi berriek aurrekoengandik ere ikasten baitute. Aipaturiko egurrezko irudiak –bi ataletan banatzeko aukera ematen zuenak- bizitzaren eta jakinduriaren zuhaitzaren irudia zeukan grabatua. Horrela bada, belaunaldi bakoitzeko ordezkariak jakituriaren zuhaitzaren irudiaren atal bat eraman du berarekin ekitalditik.

Bizitza osorako oroitzapena

Gaurko ekitaldiarekin bat eginez, eta irakasleen lana aitortzeko helburu berarekin, Hezkuntza Sailak kanpaina bat jarri du abian, kultura, zientzia, komunikazio edo kirol arloetan oso ezagunak diren pertsonak protagonista izango dituena. Anne Igartiburu aurkezlea, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Toti Martínez de Lezea idazlea, Axi Muniain surflaria, Africa Baeta kazetaria eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria dira spotetako protagonistak.

Horiek guztiek, haurtzaroko edo nerabezaroko irakasleren batek utzitako arrasto sakona kontatzen dute bideoetan, maitasunez eta esker onez beteriko hitzetan. Urtetan atzera egingo dute, eskola garaira, irakasle haiek transmititu zizkieten balioen testigantza emateko, eta bizitzan zehar lagun izan dituzten irakaspen baliotsuak gogoratzeko. Oraindik ahaztu ez duten irakasle hark nola lagundu zien barnean zekarten ahalmen guztia estimatzen eta ateratzen ere azalduko dute.

Kanpaina honek herritar guztiei gonbita egin nahi die, une batez ariketa bera egin dezaten, familian edo lagunartean, gogora ekarriz zein irakaslek markatu zuen norbera era positiboan. Azken batean, Euskal Hezkuntza Sistemako irakasleen lana aitortu eta balioestea da helburua.