Erakundeen eta gizarte-eragileen artean 2030 Agendaren gobernantza partekatua bultzatuko duen foroa eratu da  

2021-11-09

  • Foroak “lankidetzan aritzeko borondatea” erakusten du, “Garapen Jasangarriaren Helburuak herrialdearen lehentasun gisa bultzatzeko”
  • Krisian dagoen mundu baten aurrean, 2030 Agenda “premia bat eta aukera bat da planetarentzat eta pertsonentzat. Euskadiren konpromisoa da”
  • “Gure konpromisoa da 2030 Agendaren sustapenean nazioarteko lidergoaren parte izaten jarraitzea”
  • “2030 Agendak mundu osoan adostasuna lortu duen neurrian, Euskadin ere adostasun handia lortu behar du”
  • Glasgow-ko COP 26ren erabakiak “minimo bat dira, eta Euskadiren asmoa da anbizioa gehitzea deskarbonizazioan, berriztagarrietan edo biodibertsitatean” 

Gaur arratsaldean eratu da Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroa, Miñaon, Arabako Parke Teknologikoaren eraikin nagusian egin den topaketa batean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Foro horrek sustatuko du 2030 Agendaren gobernantza partekatua euskal erakundeen eta gizarte-eragileen artean. 

Lehendakariaz gain, honako hauek ere organo horretako kideak dira: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak; hiru foru-aldundiak; EUDEL eta hiriburuetako udalak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeen ordezkaritza bat Sareen Sarearen bitartez; bai eta lankidetza publiko-pribatuko ordezkariak ere, Basque Center for Climate Change (BC3), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergo zientifiko-teknologikoa edo ACLIMA Basque Environment Cluster direlakoen bitartez. 

Lehenengo bilera horretan, “Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren egitura, lehentasunak eta laneko lehen agenda” izeneko dokumentua onartu da. Edukiaren arabera, Foroak organo hauek izango ditu: Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta bost lantalde –Gobernantza; Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agenda; Eraldaketa Soziala; Eraldaketa Energetiko-klimatikoa; eta Eraldaketa Ekonomiko-digitala. 

Bost lantalde horietako bakoitzak lehentasunen panel bat eta horien inguruko agenda bat ditu lotuta. Talde horien osaerak aukera emango du parte hartzeko aukerak eremu bakoitzeko gizarte-eragile kopuru handi batera zabaltzeko. 

Lehendakariak azpimarratu du foro hori bateratze-espazio bat dela, erakundeen arteko baterako gobernantza-eremu bat eta erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlaneko gobernantza-esparru bat. 2030 Agenda partekatzeko borondatea adierazten du, herrialdearen lehentasun gisa”. Haren lehen helburua da “koordinazioa eta ituna optimizatzea 2030 Agendaren gobernantza-jardunbide egokia eraikitzeko eta eskaintzeko”. 

2030 Agendaren Foroaren lehen bilera hau 17. GJHri buruzkoa izan da, eta aliantza-metodologia bat eskatzen du. Ildo horretan adierazi duenez, “foro hori eratzeak berariaz erantzuten dio 17. helburuari. Lankidetza ezinbestekoa da. Aurrera egin ahal izango dugu, errealitatea hobetu eta eraldatu ahal izango dugu, lankidetzan aritzeko eta aliantzak egiteko gai bagara”

Lehendakariak adierazi duenez, “2030 Agendak mundu osoan adostasun handia lortu duen neurrian, Euskadin ere adostasun handia lortu behar du. GJHek gizarte-kontratu berri bat eskaintzen dute, ikuspegi global eta lokala, dimentsio politiko eta pertsonala eta gizarte-justiziarako bokazio inklusiboa jasota

Bileran zehar, Lehendakariak Foroaren Lehendakaritzaren Lehen Adierazpena aurkeztu du, “Agenda 2030: beharra eta aukera. Euskadiren konpromisoa” izenburupean . Diagnosian adierazi duenez, “munduak aurrez aurre du zalantzazko bidegurutze berri bat”, eta horri erantsi behar zaio “pandemia bat, zeinak globalizatu baitu bere eragin sanitario, ekonomiko eta sozial larria”. 2030 Agenda “erantzun egokia da gure errealitate globala eta tokikoa eraldatzeko beharrari eta aukerari begira”. 

Gogorarazi du nazioartean Euskadi herrialde aitzindaria eta erreferentea izan dela Garapen Jasangarriko Helburuen konpromisoan eta garapenean. “2030 Agendaren sustapenean nazioarteko lidergoaren parte izaten jarraitzeko erabakia hartu dugu. Agenda horrek erakunde, eragile sozial eta ekonomiko guztiak eta gizarte osoa interpelatzen ditu, eta justiziaren, iraunkortasunaren, elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren ikuspegi globala eta tokikoa eskatzen du”. 

Lau erronkak 

Lehendakariak aurkeztutako Adierazpenaren edukiak foro honen lau erronkak zehaztu ditu:

Lehenengoa. Klima-aldaketari buruzko nazioarteko akordioei balio erantsia ematea. Glasgowko COP 26ren akordioak gutxienekotzat hartu ditugu eta Euskadik anbizioa gehitu nahi du helburu hauetan: deskarbonizazioan, berotegi-efektuko gasak ezabatzean, karbono-neutraltasunean, energia berriztagarrietan eta biodibertsitatean.

Bigarrena. Hiri Agenda bat koordinatzea eta sustatzea, hiria, mugikortasuna eta hirigintza berdea eta inklusiboa bultzatzeko.

Hirugarrena. Ekitatean oinarritutako trantsizio ekonomiko digital inklusiboaren erronkei irtenbidea emango dieten proiektu eta ekimen teknologikoak identifikatzea, partekatzea eta bultzatzea.

Laugarrena. Elkarlanean aritzea giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko, pobreziarekin eta bazterkeriarekin amaitzeko, genero-berdintasuna bermatzeko eta erronka demografikoari elkarrekin erantzuteko.

 Adierazpenaren amaieran, Lehendakariak premiaren eta aukeraren kontzeptu bikoitza azpimarratu du: “Mundua krisian dago. Behar bat eta aukera bat ditugu. 2030 Agenda Nazio Batuen akordio bat da, mundu bidezkoagoa, ekologikoagoa, oparoagoa eta baketsuagoa lortzeko nazioarteko ahaleginik onenak batzen dituena. Premia eta aukera planetarentzat eta pertsonentzat. 2030 Agenda Euskadiren konpromisoa da”. 

Foro horren hurrengo osoko bilkura martxoaren 29an izango da. Bereziki 11. helburuari begira egongo da: hiri eta komunitate jasangarriei; horregatik, gai-zerrendako puntu bat eskainiko dio hiri-agendari. 

Gaurko osoko bilkuraren eta datorren martxoan egingo denaren artean, Batzorde Iraunkorraren eta Foroko bost lantaldeen bilerak deituko dira. Horrela, beren zereginak hasiko dituzte, eta Osoko Bilkurari horien berri emango diote, gaur onartutako gobernantza-ereduaren arabera.