Enpresako 5G laguntzen programak, aurten, 1.683.933 euro bideratuko ditu konektibitatea zabaltzera Gobernu Bilera 2021-7-20)
2021-07-20
Gobernu Kontseiluak onartu du 1.683.933,43 euro bideratzea Enpresako 5G laguntzen programara; SOCADE SA Euskadiko Garapeneko Kapital Sozietatearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, lurralde osoan 5G teknologia sustatu eta bizkortuko du. Enpresa-, hiri- eta landa-eremuan, administrazioetatik zabalkunderako bide emango da eta, horretarako, enpresa-erabileren kasuak sustatuko dira, zenbait ekintzaren bidez, haren ezarpena eta haren zerbitzuen garapena bultzatzeko.
Programa hau sustapen-tresna bat da 2025erako Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategian zehaztutako jarduketa-ildoen barruan eta Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin bat etorriz; hura Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari Euskadik eginiko ekarpena da. Hartan, enpresek eginkizun nagusia betetzeko deia egiten da; horrek, aldi berean, erantzukizun eta aurrekaririk gabeko aukera dakarkie negozio baten helburuak ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bateratzeko. Azken batean, garapen jasangarriko helburuek soluzioak eta teknologiak garatu eta ezartzeko aukera dakarte, garapen jasangarriaren arloan munduan dauden erronka handienei aurre egin ahal izateko.
5G sareak jasotzen dituen berrikuntza teknologikoak zenbait sektoretan aplikatzen dira, besteak beste: industrian, eta horrek aukera ematen du prozesuak denbora errealeko monitoretza bidez optimizatzeko eta kontrolatzeko, eta logistikan, hornidura-katean zehar gailu arinagoekin eta kontrolatzeko errazagoekin integratutako komunikazio-sistemen bitartez. Baita energian ere, sarea monitorizatuz eta eraginkortasunez kontrolatuz, eta osasunean, “wearables” delakoaren eta IoT gailuen bidez –horiek datuak denbora errealean transmititzen eta jasotzen dituzte–. Halaber, sektore anitzeko eremuen garapenean lagunduko du, hala nola mugikortasun autonomoarenean, ibilgailu konektatuaren ezarpenaren bidez, eta etorkizuneko ibilgailu autonomoarenean edo hiri adimendunen garapenean; hala, ingurune seguruagoa, garbiagoa eta jasangarriagoa izateko bide emango du, besteak beste.
5G konektibitatearen hedapena lehiakortasun-elementua da Euskadiko enpresa-ekosistemarako, haren eraldaketa digitalaren prozesuan, eta Euskadiko gizartearentzako, teknologikoki aurreratuak diren zerbitzuen erabileran.
Laguntzak
Programa honetan aurreikusten diren laguntzetara enpresa-jarduera betetzen duten pertsona fisikoek eta juridikoek jo ahalko dute, enpresaren tamaina gorabehera, baldin eta EAEn jarduera-zentroa badute; hartan egingo dute dirulaguntza jaso dezakeen jarduketa.
EAEko enpresetan 5G teknologiak ezartzeko proiektuak lagundu ahalko dira diruz, Euskadin teknologia horren eskaintza eta eskaria aktibatzeko aukera ematen dutenak, enpresen lehiakortasuna hobetzea lortzeko.
Proiektuek honako tipologiaren batekoak izan beharko dute:
- 5G sareen erabilera sentsorikan, hari gabeko komunikazioetan eta industria-instalazioetako datuen prozesamenduan.
- 5G sarearen erabilera 4.0 Industriako teknologiekin (zibersegurtasuna, ikuspegi artifiziala, elkarlaneko robotika, etab.) zerikusia duten proiektuetan.
- 5G sareen erabilera mugikortasuneko proiektuetan, ibilgailu autonomo-konektatuan, garraio adimenduneko sareetan, hornikuntza-katearen logistikan/optimizazioan, etab.
- 5G sareen erabilera energia- eta ingurumen-trantsizioarekin zerikusia duten proiektuetan (sareen monitorizazioa, kontsumoaren murrizketa, eraginkortasun energetikoa, ingurumen-kudeaketa, etab.).
- 5G sareen erabilera trantsizio soziosanitarioarekin zerikusia duten proiektuetan (anbulantzia konektatua, urrutiko ebakuntza kirurgikoak, etab.).
Laguntzak, norgehiagoka-araubidean, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta proiektu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 75 izango dira gehienez; gutxienez 25.000 euro eta gehienez 100.000 euro. Enpresako eta urteko proiektu bati baino ezingo zaio laguntza eman.
Laguntzaren eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2021eko urriaren 22an amaituko da.
Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak eskuratzeko eta haiek betetzeko aukera bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoa da.
https://euskadi.eus/servicios/1111301
Espedientera, errekerimenduetara, jakinarazpenetara eta Agindu honetan inplikatutako eskabidearen ondoko gainerako izapideetara honako honen bidez jo behar da: http://www.euskadi.eus/miscarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako sinadura elektronikoa eta identifikazio-baliabideak honako helbide honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos