Emakundek, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak lan-osasunaren genero ikuspegian emandako aurrerapenak aztertu dituzte

IMG-20210225-WA0023.jpg

2021-02-25

  • Gaur egin duten jardunaldian lan-arriskuen aurreko portaeretan eragiten duten genero-faktoreei buruzko azterlan bat aurkeztu da

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "Aurrerapenak lan-osasunean eta lan-baldintzetan genero ikuspegitik" jardunaldia inauguratu du gaur, Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariarekin eta Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearekin batera.

Topaketa online egin da, eta Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak eta Osalan/Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak lan-segurtasunaren eta -osasunaren arloan genero-ikuspegia txertatzen laguntzeko ezarritako aliantzaren barruan kokatzen da.

Izaskun Landaidak azpimarratu du beharrezkoa dela lan-osasuna genero-ikuspegitik aztertzea eta lan-merkatuaren bilakaeraren zain egotea, genero-desberdintasunetan ez sakontzeko, "bereziki pandemia-testuinguru honetan". Emakundeko zuzendariak adibide bat azaldu du: "Zaintza lanak banatu gabe telelana emakumeen artean hedatzeak emakumeen lan-karga handitzea ekarri du, eta horrek eragina du haien osasunean eta enplegurako aukeretan”.
Landaidak adierazi duenez, "emakumeak eta gizonak ez dira beren biologian bakarrik bereizten, baita ere lan-egoeran, okupazio motan, zereginetan eta dituzten erantzukizunetan. Genero-analisiak faktore horiek guztiak eta sexuaren eta generoaren arteko desberdintasunek lan-munduan dituzten ondorioak kontuan hartzea eskatzen du ".

"Lan osasunaren eredu berri baterantz" izeneko hitzaldi nagusia Lucía Artazcoz Bartzelonako Osasun Publikoko Agentziaren Osasun Publikoaren Behatokiko zuzendariak egin du. Bere hitzaldian, egungo paradigma berrikusteko beharra azpimarratu du, "eta laneko osasuna eta publikoa bateratzeko bidean aurrera egitea, lana osasunaren gizarte-determinatzaile nagusietako bat baita". Horrez gain, ongizaterako eta lanerako fokua birbideratzearen eta lana eta familia bateragarri egiteko politikak bultzatzearen aldeko apustua egiteaz gain, adituak laneko osasunari buruzko ikerketak egitearen beharra ere azpimarratu du.

Ildo horretan, jardunaldian azterlan bat aurkeztu da, laneko arriskuen eta horien ondoriozko kalteen aurreko jarreretan eta portaeretan eragiten duten genero-faktore nagusiei buruzkoa. Txosten hori IKEI aholkularitzako Laura Gallok eta Jessica Duránek aurkeztu dute, eta lan-arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia garatzeko zenbait jarduera proposatzen ditu, hala nola egungo legedia aldatzea edo enpresei arlo horretan laguntza teknikoa ematea. Ikerketak, halaber, bereziki emakumeei eragiten dieten arriskuei buruzko ikerketa sustatzearen alde egiten du, edo prebentzioaren azterketa sektore arteko ikuspegitik zabaltzearen alde.

Icíar González Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak ere parte hartu du gaurko topaketan. Azken urtean genero-ikuspegiarekin egindako jardueren laburpena egin du, COVID 19k oso baldintzatuta egon direnak. Gainera, CTG-Osalan Laneko Arriskuen Prebentzio Arloko arduradunak, Victoria Alvarezek, lan-arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzeko euskal institutuaren jarduerak aurkeztu ditu.