EIBM-CMCE-K, 2022rako Eusko Jaurlaritzaren eta Foru-Aldundien hiru zerga eta zorra eta defizita kontzertatzea erabaki du

cmce_3.jpg

2021-07-29

  • Finantza Transakzioak, Zerbitzu Digitalak eta merkataritza elektronikoaren BEZa dira euskal Ogasunek bilduko dituzten zerga-figura berriak

  • 2022an, Eusko Jaurlaritzak % 0,9ko erreferentziazko defizit-tasa eta % 15,6ko zor-tasa izango ditu; Foru Aldundien defizita, berriz, % 0,2koa izango da

  • Violeta Ruiz Almendral izango da Arbitraje Batzordeko presidentea, eta Javier Muguruza Arrese eta Sofia Arana Landín batzordekideak

 

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak (EIBM-CMCE) oraindik itundu barik zeuden hiru zerga-figurak ituntzea erabaki du: Finantza Transakzioen gaineko zergak, Zerbitzu Digitalak eta merkataritza elektronikoaren BEZa. Horrela, euskal ogasunak zerga horiek biltzen hasiko dira, aitortutako ogasun integral gisa, Euskal Ekonomia Itunean ezarritakoa betez. Akordioa koherentea da zergak balioa sortzen den lekuan ordaindu behar direla ezartzen duen nazioarteko zerga-sistemarekin.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien 2022rako defizit- eta zor-erreferentziazko tasak ere adostu dira, eta Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea berritu da; organo horretan ebatziko dira Ekonomia Itunaren lotura-puntuei dagokienez administrazioen artean sor daitezkeen gatazkak.

 

Finantza transakzioen gaineko zerga –FTZ-ITF–

Zerga hori zeharkako zerga da, eta 1.000 m/€-tik gorako burtsa-balioa duten konpainia kotizatuen akzioak eskuratzea zergapetzen du. EIBM-CMCEren akordioaren arabera, IFTZ-TFren diru-bilketarako konexio-puntua akzioak eskuratzen dituzten enpresen helbide soziala izango da.

 

Zerbitzu digital jakin batzuen gaineko zerga -ZDJZ-IDSD-

Zerga horrek % 3ko zerga ezartzen die lineako publizitate, lineako bitartekaritza eta datu-transmisio zerbitzu digitalei. Akordioak zerbitzu horietan parte hartzen duen erabiltzailea dagoen den lekua ezartzen du konexio-puntu gisa.

Bi zerga horiek ituntzeak urtean 220 m/€ inguruko diru-bilketa ekar diezaioke Euskadiri.

 

Merkataritza elektronikoaren BEZa (OSS BEZa)

2020ko martxoko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan aurrerapauso handia eman zen; izan ere, foru-ogasunak gaitzen zituen konexio-puntua adostu zen, zergadunek merkataritza elektronikoaren BEZaren kuotak euren foru-ogasunean sartu ahal izan zitzaten, Zerga Agentziari ordaindu behar izan barik.

Gaur beste pauso bat eman da, eta akordioak lortu dira Ekonomia Ituna aldatzeko, BEZaren kontzertazioari dagokionez, eta baita EAEren eta Estatuaren artean informazioa eta finantza-fluxuak trukatzeko ere, Europako zuzentaraua betetzeko.

Araubide berezi hori BEZaren erregimen berria da Europa mailan, eta, beraz, une honetan ezin da diru-bilketan izan dezakeen eraginaren baloraziorik egin.

BEZaren araubide berezi horren arabera, enpresak kontsumitzailea dagoen herrialdeko BEZaren tasari dagokion zenbatekoa sartuko du bere ogasunean. Ondoren, estatu kideetako ogasunen artean informazioa eta finantza-fluxuak trukatu beharko dira, BEZa kontsumoa gertatu den herrialdean sar dadin.

 

Merkataritza elektronikoaren BEZaren adibideak:

1. Alemanian dagoen kontsumitzaile batek bizikleta bat erosi dio euskal enpresa bati on-line dendaren bidez. Euskal enpresak dagokion Foru Ogasunean sartuko du Alemanian indarrean dagoen BEZ tasaren arabera bezeroari jasanarazi dion BEZa. EAEko Foru Ogasunak Alemaniari transferituko dio BEZ hori.

2. Euskadin dagoen kontsumitzaile batek bizikleta bat erosi dio Alemaniako enpresa bati on-line dendaren bidez. Alemaniako enpresak Alemaniako ogasunean sartuko du bezeroari jasanarazi dion BEZa, dagokion Lurralde Historikoan indarrean dagoen BEZ-tasaren arabera. BEZ hori Lurralde horri dagokio, kontsumo-lurraldea delako.

 

2022ko Defizitaren eta Zorraren erreferentzia-tasak

Foru Aldundiei defizit-gaitasuna aitortuz 2020ko irailean lortu zen eta finantza-arloan euskal autogobernuari bultzada eman zion mugarri historikoaren ostean, gaur 2022rako defizitaren eta zorraren erreferentzia-tasak adostu dira.

 

Horrela, helburu hauek adostu dira:

 

DEFIZIT HELBURUA (% EAEKO BPGari dagokionez)

 

EUSKO JAURLARITZA

FORU ALDUNDIAK

2022

-0,9

-0,2

 

DEFIZIT HELBURUA (M/€)

 

EUSKO JAURLARITZA

FORU ALDUNDIAK

2022

707

157

 

 

ZOR PUBLIKOAREN HELBURUA* (% EAEKO BPGari dagokionez)

 

EUSKO JAURLARITZA

2022

15,6

 

*Helburu hori kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzaren zorpetze-muga 12.255 m/€-koa da.

 

Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea

Beste erabaki bat Arbitraje Batzordea berritzeari buruzkoa da. Arbitraje Batzordea, itundutako zergen konexio-puntuen aplikazioari dagokionez Estatuko Zerga Administrazioaren eta Foru Aldundien artean edo Foru Aldundien eta edozein Autonomia Erkidegotako administrazioaren artean sor daitezkeen gatazkak eztabaidatu eta ebazteko organoa da.

Horrela, Violeta Ruiz Almendral izango da presidentea, eta Javier Muguruza Arrese eta Sofia Arana Landín izango dira bi batzordekideak. Izendapenekin batera, funtzionamenduari eta antolaketari buruzko zenbait gai adostu dira, eta baita baliabideak egokitzea eta esleitutako funtzioak betetzeko gaitasuna hobetzea ere.

 

Beste akordio batzuk

Azkenik, EIBM-CMCEk kupo likidoen, finantza-konpentsazioen eta enplegu-politika aktiboen balorazioen behin betiko (2020) eta behin-behineko (2021) balorazioak adostu ditu.

EIBM-CMCEko euskal ordezkaritza ondorengoa da:

  • Pedro Azpiazu, Ekonomia eta Ogasun Sailburua.
  • Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua.
  • Ramiro González, Arabako Ahaldun Nagusia.
  • Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia.
  • Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia
  • Itziar Agirre Berriotxoa, Ogasun Sailburuordea.

 

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 29an