BILBON, 2021eko azaroaren 2an / Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baietsi egin du Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoari buruzko uztailaren 24ko 117/2018 Dekretuaren 10. artikuluaren eta I. eranskineko 1-A atalaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
LEA/AVCk Dekretua aldatzeko eskatu zuen; izan ere, EITak egiteko jarduera arkitektoen eta arkitekto teknikoen alde gordetzea ez dago erregulazio ekonomiko eraginkorraren printzipioetan justifikatuta. Era berean, uste du asko murrizten duela zerbitzu profesional horien merkatuko lehia eraginkorra, eta ez dela ez beharrezkoa ez proportzionala, zerbitzu horiek emateko gaitasuna duten hainbat profesional kanpoan uzten baititu. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak baliogabetu egiten ditu 117/2018 Dekretuaren I. eranskinaren 10. artikulua eta 1. atala, ez datozelako bat zuzenbidearekin.
Dekretuaren xedea Euskal Autonomia Erkidegoan erabilera nagusia bizileku izatekoa duten eraikinen ikuskapen teknikoak bete behar dituen irizpideak eta baldintzak arautzea da, pertsonek etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko duten eskubidea bermatzen laguntzeko.
LEA/AVCren ustez, eraikinen segurtasun-, bizigarritasun- eta erosotasun-baldintzak lortzea behar bezala bermatuta geratzen da eraikuntza-proiektuak egiteko, obrak zuzentzeko eta obrak egikaritzeko gaitutako teknikariek EITak egiten dituztenean, administrazio-, osasun-, erlijio-, bizitegi-, irakaskuntza- eta kultura-erabilera ez duten eraikinen kasuan. Horrek, beste profesional gaitu batzuek, hala nola ingeniariek, ingeniari teknikoek eta abarrek eraikinen ikuskapen teknikoko zerbitzua egin ahal izateko aukera ematen du. Horrela, gaur egun arkitektoen eta arkitekto teknikoen alde dagoen jarduera-erreserba apurtu egiten da, eta horrek lehia handiagoa sortuko du sektorean, herritarren onerako.
“Euskadin araudia hobetzeari” buruzko azterlana
Erabaki judizial hori LEA/AVCk “Euskadin araudia hobetzeko” gaur egun duen proiektuarekin lotuta dago. Proiektu horren helburua, hain zuzen ere, beharrezkoa eta proportzionala izango den araudi modernoa lortzea da, herritarrentzat eta eragile ekonomikoentzat beharrezkoak ez diren oztopoak ezabatzeko.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.