Amaitu da Joaquín Beltrán bilatzeko Zaldibarko operatiboa
2021-05-14
- Lehentasunezko azken bilaketa-eremuko indusketa-lanak amaituta –4. mozketako 4. fasea–, egiaztatu da ezin izan dela Joaquín Beltránen gorpua aurkitu
- Lehendakariak, atzo arratsaldean, zuzenean jakinarazi zion familiari bilaketa-prozesua amaitu dela
Zaldibarren bilaketa operatiboak ez du etsi, iazko otsailaren 6an zabortegia eraitsi zenetik, azpian harrapatutako langileen gorpuak aurkitzeko lanean. Alberto Sololuzeren gorpua abuztuaren 16an topatu zuten (DNA frogek 3 egun beranduago baieztatu zuten identitatatea), baina Joaquín Beltránena ezin izan da aurkitu.
Operatiboan 80 eta 100 profesional bitartean izan dira, egunero, bilaketa-lanetan, 112-SOS Deiak-en larrialdietakoak eta Ertzaintzako unitate espezializatuetakoak, besteak beste polizia zientifikokoak, bilaketarako txakur-taldekoak, brigada mugikorrekoak, droneen kontrolatzaileak, etab.
Guztira, 450.000 m3 inguruko bolumena induskatu eta aratu dute, xehetasunez, lur-erautsiaren aurreko azken erreferentzien arabera Joaquín Beltrán zegoen lekutik beheragoko kotan dauden eremu guztietan. Lehentasunezko azken bilaketa-eremuko indusketa-lanak amaituta –4. mozketako 4. fasea–, egiaztatu da ezin izan dela, tamalez, Joaquín Beltránen gorpua aurkitu.
Hala egiaztatu dute Josu Erkoreka lehendakariordeak eta Segurtasuneko sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, gaur goizean, lehen orduan Vitoria-Gasteizen egin den prentsaurrekoan.
15 hil hauetan, Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze bilatzeko lanetan aritu da, baita lursaila egonkortzen, jarduketa subsidiarioan egindako larrialdi-lanen esparruan.
Familiartekoei jakinaraztea
Iñigo Urkullu Lehendakariak topaketa izan zuen, atzo arratsaldean, Joaquín Beltránen hurbileneko familiarekin, zuzenean egoeraren eta bilaketa-prozesuaren amaieraren berri emateko.
Aratzeko eta induskatzeko lanak Eitzaga auzorako lur-jausi nagusiaren eta autopistarako gainezkatzearen beherengo eremuetatik hasi ziren, luizia baino segundo batzuk lehenago Joaquín Beltrán zegoen kokapenaren goiko eremura arte. Eremu horren beheko aldean, zabortegiaren dike nagusian, bere ibilgailua aurkitu zuten, 100 bat metrotara, giltzak kontaktuan zeudela, abiatze-posizioan.
Argudiaketa teknikoa
Operatiboko teknikariek uste dute lur-jausi nagusiaren energia mekanikoak –haren ardatz nagusian zegoen langile desagertua– eta zabortegiaren prozesu kimikoen ekintzak berak edozein gorpuzki identifikatzeko aukera eragotzi ahal izan dutela.
- Areka perimetraleko hormetako baten hormigoia nola desagertu den nabarmendu dute, eta Alberto Sololuzeren gorpua aurkitu zuten eremuko objektu eta materialen baldintzak eta dikearen oinarrian aparkatuta zeuden ibilgailu batzuk zer egoeratan agertu ziren gogorarazi dute.
- Operatiboko kideek diotenaren arabera, objektu edo materialek dituzten aldaketak lixibiatuarekin duten kontaktuaren araberakoak dira, neurri handi batean. Gai organikoen kasuan, aldaketetan eragina izango du horiek degradazio biologiko handiko eremuetan egoteak edo ekintza biologikoa arintzen edo deuseztatzen duten konposatuak dituzten eremuetan egoteak.
Datozen asteotarako aurreikusten diren lanen helburua zabortegiko masari eustea eta hura egonkortzea izango da, haren oinarrian egin baita azken bilaketa-faseak egin ahal izateko mozketa.