ESAS, musika arloko emakumeen ekarpenak ikusarazteko lanean
Joan den martxoaren 8an ESAS aurkeztu zen, emakume-orkestra bat martxan jartzeko ideiatik jaiotako artista eta sortzaileen sarea. Bidean aurkitutako zailtasunak aukera bihurtuz, plataforma iraunkor bat sortu zuten Ane Legarreta, Natalia Sanchez eta Nekane Diaz ekimenaren bultzatzaileek. Bertatik musika klasikoko emakumeen lanak ikusarazteko, belaunaldi berriei erreferenteak eskaintzeko eta diziplina artistiko guztietako sortzaileen artean sinergiak sortzeko egiten dute lan, kulturaren alorreko genero-desorekak behin betiko hausteko asmoarekin. Sarearen helburuak eta ibilbidea errepasatu ditugu euren laguntzarekin.
Zer da ESAS?
ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea da. Elkartearen xedea emakume musikari profesionalak ezagutzera ematea da, beti ere bikaintasun musikaletik abiatuta, beste espezialitate kulturalekin aliantzak areagotzeko formatu desberdinetako ekitaldiak sortuz.
Nola sortu zen sare hau martxan jartzeko ideia?
Musika klasikoko espezialitate desberdinetako emakumeen arteko elkarrizketei erreparatuz. Asko gara emakumezko erreferenteak bilatzen ditugunak oholtzetan (eta hauen atzean) eta gehienetan zailtasunak ditugunak horiek guztiak aurkitzeko.
Lehenengo momentuan, emakumezkoen orkestra bat sortu nahi genuen, ekitaldi oso konkretu baterako. Baina, nola osatu emakume-orkestra bat, gaur egun ia erabat maskulinoak diren espezialitate asko badaude? Ideia hori errealitatea bihurtzeko pauso asko eman behar genituen, eta konturatu ginen bidea ez zela ekitaldi bat egitea, denboran iraupena duen ikusgarritasun proiektu bat sortzea baizik.
Aurkezpen publikoa martxoaren 8an egin zenuten. Nola baloratzen duzue denbora honetan ekimenak izan duen erantzuna?
Lehenengo momentuak oso bereziak izan ziren. Jendeak eta komunikabideek interes handia izan zuten gure proiektuarekiko, eta harrera ona izan genuen.
Baina ez da izan momenturik errazena gure ekintzak gauzatu ahal izateko, kultura arloa bereziki mugatua izan delako aforo murrizketekin. Hala ere, gurekin harremanetan jarri diren emakumezko musikariak asko izan dira eta baita beste espezialitate artistikoetakoak ere.
Hartu dugun erabakia zera izan da, formatu txikiagoko ekintzak garatzen hasiko gara, epe erdira gure helburu nagusia betetzeko gaitasuna izan arte: emakumez osaturiko orkestra sinfoniko bat eratzea.
Zer ekimen garatu ahal izan dituzue aurkeztu zenetik?
Garatu ditugun ekimenen artean aipagarriena Galdakaoko udalak antolatu duen Sormene espazioan parte hartzea izan da. Bertan antolatu genuen kontzertuan emakumezko konpositoreen obren estreinaldiak egin genituen, oholtzan parte hartu zuten musikari guztiak emakumezkoak ziren eta baita ikus-entzuneko lanetan aritu zirenak, hori da izan ere ESAS sarearen helburua: diziplinen arteko ekintza garatzea musika klasikoa erdigunea izanik.
Gainera, aurten Coca–Colak urtero antolatzen duen “Gira Mujeres” deialdian parte hartu genuen, eta 502 proiektuen artean finalistak gelditu ginen.
Eskuartean ditugun proiektuen artean, Getxoko Muxikebarri aretoan hiru kontzertu eskainiko ditugu hurrengo denboraldian. Bertan parte-hartzaile guztiak emakumezkoak izango dira, bai antolakuntzan zein oholtzan.
Aipatu duzuenez, zuen helburua sektore artistiko guztietako emakume sortzaileen lana ikusaraztea da, musika klasikoa bereziki azpimarratuz. Zein da diziplina honetan zehazki bizi den egoera?
Datu zehatzak aztertzearekin batera ondorioztatu dugu Orkestra Sinfonikoetako programazioetan emakumezkoen eta gizonezkoen partaidetza oso desorekatua dagoela oraindik ere espezialitate konkretuetan, konpositoreak eta zuzendariak gehienbat.
Honetaz gain, orkestretako eta beste talde sinfonikoen plantillaren ehuneko gutxiengoa dira emakumeak, erdia baino askoz gutxiago kasu gehienetan.
Haratago, instrumentuen familiak aztertuta, nabaria da espezialitate batzuetan dagoen arrakala, bereziki haizezko-metaletan eta perkusioan.
Zer urrats eman behar dira egoera hori orekatzeko?
Aipatutako espezialitateetan emakumezko erreferenteak ikusaraztea eta gazteenei erakustea ez dela sexualizatutako instrumenturik ezta espezialitaterik existitzen.
Izugarria da gaur egun oraindik ere pertsona batzuek uste izatea emakume izateagatik okerragoa izango zarela lanean, baina, zoritxarrez, oraindik bizi-bizi dagoen pentsamendu bat da.
Zein dira, zuen ustetan, etorkizun hurbilean artearen esparruan pertsona guztientzako aukera-berdintasuna lortzeko landu behar diren erronka nagusiak?
ESAS saretik proposamen batzuk baditugu: aurreiritziak alde batera utziz lan egitea, talde-lana eta ahizpatasun ekintzailea sustatzea edo kalitatezko ekintzak eskaintzea, besteak beste. Izan ere, hauxe da gure filosofia, norberaren gaitasunetan sinestea arrakasta lortzeko abiapuntua baita.
(2021eko abenduaren 27an argitaratutako Berezia).