XVI. Tene Mujika beka
- DataIrailak 17
- Gaia Literatura
Tene Mujika hil zela 40 urte betetzen diren egunean (irailak 16) aurkeztu du Debako Udalak haren izana eta irudia ezagutzera emateko prestatzen ari den ekimen sorta.
Debako Udalak urteak daramatza Tene Mujika, lehenengo literatur saria ematen, eta ondoren izen bereko beka, gure herriko historia hurbila ikertzen dituzten liburuak argitaratzeko, Elkar argitaletxearekin elkarlanean.
Tene Mujikaren irudia eta lana, bere garaiko emakumeekin gertatzen den bezala, ez da garai bereko gizonena bezain ezaguna. Hori erreparatu beharra ikusi du Debako Udalak, eta dagokion aitortza egitea erabaki du.
Une honetan, bat egin dute hainbat pertsonak Mujikari buruz egiten ari diren lanek, eta indarrak batzea erabaki dute. Tene Mujika hil zela 40 urte betetzen direnean, bere pertsona eta bere lanak ezagutzera emateko urrats berria eman du hortaz, Debako Udalak.
Tene Mujika literatur sariaren eta historia hurbila ikertzeko bekaren lan irabazleekin erakusketa zabalduko dugu orain. Santa Maria elizako kalostran egongo da ikusgai urriaren 3ra arte. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara. Asteburuetan 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Gaur arratsaldean, bestetik, solasaldia egingo da. Tene Mujika, emakumea eta Tene Mujika udazken argitan lanen egileek, Nekane Goikoetxeak eta Cira Crespok, hurrenez hurren, haien lanak aurkeztuko dituzte. Aurkezpenean parte hartuko dute, halaber, Eusko Jaurlaritzako Josune Zabalak, Berdintzen bekaren nondik norakoak azaltzeko; Jakineko zuzendari Lorea Agirrek, emakume hauen lanen digitalizazio proiektua azaltzeko. Solasaldiaren gidaria Itziar Irizar Debako Udaleko alkateordea eta berdintasun eta politika feministen zinegotzia izango da. Tene Mujika hobeto ezagutzeko aukera emango du solasaldiak.
Arlo desberdinak jorratu zituen Tene Mujikak, eta horiek aintzat hartuta 2021eko udazken eta neguan hainbat jarduera programatuko dira; esaterako arlo hauekin lotutakoak: antzerkia, ipuingintza, olerkia...
Historia hurbila ikertzeko Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean ematen duten bekari lotuta, hainbat ekimen egingo dira datozen hilabeteetan. XVI. Bekarako deialdia orain zabalduko da. 6.000 euroko laguntza emango da, gure herriaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburua egiteko. Abenduaren 9ra arte bidal litezke lanak artxiboa@deba.eus helbidera. Oinarriak webgune honetan argitaratu dira.
Bekari lotuta, hilaren 28an aurkeztuko da 2019ko irabazlearen liburua: Iñigo Lopez Simonen Bilboko etxola batean. Goizean prentsaurrekoan, eta arratsaldean Debako Kultur Elkartean.
2020ko bekaren deialdian bi lan saritu zituen epaimahaiak. Horien aurkezpenak egingo dira 2022ko udaberri eta udazkenean. Jon Abrilen Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian, batetik; eta bestetik, Erika Lagomaren eta Estitxu Fernandezen Amatasun feminista. Bi lanek dute lotura generoaren aldagaiarekin.