Uztailaren 12ko hauteskundeetan botoa posta bidez emateko eskaera 125.000 pertsona baino gehiagok egin dute

Argitalpen-data: 

Iturria: Irekia

Uztailaren 12ko hauteskundeetan botoa posta bidez emateko eskaera 125.000 pertsona baino gehiagok egin duteIturria: Irekia

Euskadiko hautesle-erroldaren % 7,3 da

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Eugenio Artetxe Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak uztailaren 12an, igandean, egingo diren hauteskundeetan botoa posta bidez emateko egin diren eskaerei buruzko datuak eta prozesuari buruzko xehetasunak azaldu dituzte. Horrela, maiatzaren 19tik uztailaren 2ra bitartean, guztira 125.255 pertsonak egin dute Eusko Legebiltzarrerako uztailaren 12ko hauteskundeetan botoa posta bidez emateko eskaera. Kopuru hori Euskadiko hautesle-erroldaren % 7,3 da, deialdi honetan 1.718.323 baitira botoa ematera deitutako hautesleak. Botoa posta bidez emateko eskaera egin dutenek osatu egin behar dute prozedura, hilaren 12an ezingo baitute botoa aurrez aurre eman. Alde horretatik, ostiralean, uztailaren 10ean, 14:00etan amaitzen da hautatutako boto-papera posta-bulegoan entregatzeko edo dagokion hauteskunde-mahaiari doako posta ziurtatu bidez bidaltzeko epea.

Posta bidez bozkatzeko eskaera egiteko epea amaitu da eta azken datuen faltan, guztira 125.255 eskaera aurkeztu dira, Euskadiko hautesle-erroldaren % 7,3; eta horrek esan nahi du, igoera izan dela, 2016ko hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko 52.365 eskaera izan baitziren. Hau da, posta bidezko botoa eskatzen duen pertsona bakoitzeko, bi pertsonak baino gehiagok eskatu dute hauteskunde hauetarako.

Lurraldez lurralde, Araban posta bidezko 16.114 boto erregistratu dira, Bizkaian 77.067 eta Gipuzkoan 32.074.

Gogorarazi behar da hautesleek posta bidez bozkatzeko prozesua hasten dutenean, osatu egin behar dutela prozedura; izan ere, behin hasita dagoenean ezingo dute botoa aurrez aurre hauteskunde-mahaian bertan eman. Dokumentazioa posta-bulegoan oraindik aurkeztu ez dutenek uztailaren 10eko 14:00ak arteko epea dute posta-bulegoan aurkezteko edo boto-papera dagokion hauteskunde-mahaiari doako posta ziurtatu bidez bidaltzeko.

Osasun-gomendioak

Prentsaurrekoan Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du uztailaren 12an Euskadin zenbat hautesleku egongo diren guztira, osasun-gomendioak kontuan hartzeko eta distantziak gorde eta aforoak kontrolatu ahal izateko udalek egokitu ondoren.

Horrela, uztailaren 12ko hauteskundeetan 764 hautesleku egongo dira, 2016ko hauteskundeetan baino 45 gehiago: Araban 105, Bizkaian 370 eta Gipuzkoan 289. Bestalde guztira 2.678 hauteskunde-mahai jarriko dira, 2016an baino 85 gehiago, eta horietatik 426 Araban jarriko dira, 1.400 Bizkaian eta 852 Gipuzkoan.

Hauteslekuetan aldaketak egin behar izan direnez, hautesleei gomendatzen zaie etxetik irten aurretik errolda-txartelean begiratzea botoa zein hautesleku, sekzio eta mahaitan eman behar duten, bai eta dokumentazioa prestatzea ere, hain zuzen ere, ahalik eta denbora gutxien egoteko hauteslekuan eta, era horretara, pertsonen arteko kontaktua eta ilarak sortzea saihesteko.

Hain zuzen ere, hauteslekuetako sarbideak kontrolatuko dira pertsonak pilatzea eragozteko, eta seinaleen bidez zuzenduko dira trafikoa eta pertsonen joan-etorriak. Bestalde, botoa ematera hurbilduko diren herritarrei gogoratzen zaie pertsonen arteko tarteak errespetatu behar dituztela, eskuak garbitu behar dituztela eta maskara jantzi behar dutela.

Hauteslekuak behar bezala prestatuta egongo direla bermatzeko, Segurtasun Sailak osasun-babeserako 2.678 kit banatuko dizkie udalei, hauteskunde-mahai bakoitzeko bat. Kit horietan hauteskunde-egunerako maskara higienikoak eta gel hidroalkoholikoa, boto-zenbaketarako FFP2 maskarak eta eskularruak, eta erabilitako osasun-materialak biltzeko zabor-poltsak egongo dira.

Era berean, Segurtasun Sailak udalei hautesleku bakoitzerako banatuko dizkien beste 764 kitetan honakoak egongo dira: gel hidroalkoholikoa hauteslekuaren sarreran eta irteeran jartzeko, maskarak etxean ahaztu zaienentzat eta osasun-materiala biltzeko zabor-poltsak.

Alderdi horiek guztiak bideo batean jaso dira, eta bideo hori sare sozialen bidez, Irekia webgunearen bidez eta www.hauteskundeak.eus web-orriaren bidez hedatuko zaie herritarrei.

Entzuteko desgaitasuna duten pertsonak hauteskunde-mahaian

Bestalde, adierazi behar da, hauteskunde autonomiko batzuetan lehenengo aldiz, Bizkaian bi pertsonak eskatu diotela Segurtasun Sailari zeinu-mintzairaren interprete bat, hauteskunde-mahai bateko kide eta ordezko izendatu dituztenez.

Era berean, beste bost pertsonak eskatu dute botoa emateko Braille sistema erabiltzea (4 pertsonak Bizkaian eta 1ek Gipuzkoan).

Bestalde, Segurtasun Sailak, Gurutze Gorriarekin eta DYArekin lankidetzan, gaixo dauden, ezinduta dauden edo mugikortasun mugatua duten eta botoa emateko eskubidea erabili nahi duten pertsonak garraiatzeko doako zerbitzua jarriko du uztailaren 12ko hauteskunde-egunerako. Zerbitzua bi laguntza-erakundeetako langileek emango dute, eta interesa duten pertsonek uztailaren 10a baino lehen deitu behar dute honako telefono-zenbakietara:

 

Gurutze Gorria:       945.22.22.22

DYA:                         943.46.46.22