Novia Salcedok gazte-enplegua suspertzeko eta ikasketak amaitu berri dituzten 1.000 gradudun lan-merkatuan sartzeko plana jarri du abian Eusko Jaurlaritzaren babesarekin
2020.eko ekainak 24
Bilbo, asteazkena, 2020ko ekainaren 24a
Novia Salcedo fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin besteak beste, programa bat jarri du abian, Euskadiko gazteen kontratazioa sustatzeko eta gazte-enplegua suspertzeko, pandemiaren eta krisi ekonomikoaren kalteak bereziki jasan dituen kolektiboa baita. Helburuek aurreikusten dute gutxienez ordaindutako 200 beka sortzea berehala, lan-bekez bestelakoak, bai eta lehen enplegua izateko aukera ematea ere, urtea amaitu aurretik, ikasturte honetan ikasketak amaitzen dituzten 10.000 gradudunetatik 1.000 gazte baino gehiagori.
Sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza-programa aurkezteko ekitaldia gaur goizean izan da, Novia Salcedok Bilbon duen egoitzan; bertan, Begoña Etxebarria Novia Salcedoko zuzendaria eta Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea eta Agurtzane Llano Gazteriako zuzendaria izan dira. Hark, bestalde, gazteen kontratazioa sustatzeko eta Euskadin ekonomia jasangarritasunez suspertzeko balioko du.
Bilboko fundazioak, dagoeneko, 90 prestakuntza-proiektu ditu formalizatuta eta beste 33 ia itxita, erdia baino gehiago ETEenak eta mikro ekintzaileenak, eta honako lanbide-arlo hauetan, eskarien hurrenkerari jarraikiz: ekonomia zirkularra, marketina eta eraldaketa digitala, kalitatea, 4.0 industria, proiektuen kudeaketa, nazioarteko merkataritza, logistika eta efizientzia energetikoa.
Novia Salcedok dio, 40 urtetik gora duen esperientzia oinarri hartuta, krisiak beste aukera batzuk ere susta ditzakeela, erakundeen eta enpleguen eraldaketaren bidez: “indarberritzea, elkarlanean jardutea, berritzea eta eraikitzea da kontua –esan du Begoña Etxebarria Bilboko fundazioko zuzendariak–, eta, horretarako, zenbait baliotan oinarritzea, besteak beste: etika, osasun kolektiboa, profesionaltasuna eta ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna”. Graduatu berriak “prestakuntza bikaina duten gizon eta emakumeak dira –esan du Etxebarriak–, mundu digitalera egokituta daude, eta haiengan mugikortasun murriztuak eta nazioarteko lan-merkatuan sartzeko mugek ez dute profesionalki hazteko gogoa murriztu”.
ReACTIVAte programaren 200 beka
Novia Salcedoren ReACTIVAte programak gradudun berrien eta euskal enpresen arteko lotura sustatzea aurreikusten du eta, hala, hurrengo ikasturtea baino lehen, fundazioaren konpainia laguntzaileekin batera, gutxienez 200 prestakuntza-beka sortzea, ordainduak, arautuak eta lanez bestelakoak, gazteek esperientzia praktiko kualifikatua berenganatzeko, bereziki merkatuak sortzen diren enpleguetarako eskatzen dituen arloetan: ekonomia zirkularra, arkitektura jasangarria, efizientzia energetikoa, kudeaketa aurreratuko ereduak, kudeaketa-sistema integratuak, kultura eta negozio-ekipoak, enplegu sozio-komunitarioa, logistika eta bioteknologia eta biokimika.
Programa horietan parte hartzeko, gazteek honako eskakizun hauek bete behar dituzte: unibertsitate-tituludunak izatea, lanbide-heziketakoak edo doktoregaiak, langabezian edo enplegu-hobekuntzan egotea, eta COVID19aren pandemiaren ondorioz praktikak egiteko aukera gabe geratu diren azken urteko ikasleak; arreta berezia eskainiko zaio genero-ikuspegiari, krisialdiak emakumeekiko desberdintasuna larriagotu ez dezan.
Bekek 4 hilabete iraungo dute, gutxienez, eta 6, gehienez, 7 orduko lanaldi osoan, eta, hilean, 776 euroko zuzkidura gordina izango dute. NSFko lanez kanpoko enpresa-praktikak hiru aldeen arteko –gaztea, fundazioa eta enpresa– hitzarmen baten bidez arautzen dira, eta hitzarmen horrek haren erabilera arautu eta erabileran segurtasun eta gardentasun osoa bermatzen ditu: zer eginkizun bete daitezkeen, zer babes duen gazteak, zenbat ordu, non, aseguruak etab. Espainiako legeria betetzen dute (2011 ED), Europar Batasunaren gomendioak betetzen dituzte eta, besteak beste, Gazteriaren Euskal Kontseiluak eta LANEk ziurtatzen dituzte.
Enpresek, hala, lanbide-profil lehiakorrak eta prestatuak izango dituzte, lan-merkatuako eskari eta joerei erantzuten laguntzeko. Novia Salcedok proiektuak landuko ditu beraiekin, plan trinkoen bidez eta behar den gaztearen profilerako lanbide-interesarekin, eta konpromisoa hartuko du helburuen bilakaeraren eta amaierako ebaluazioaren tutoretza egiteko. Enpresako egonaldian, Novia Salcedok segimendu-sistema ezarriko du bekadunarentzat eta konpainiako tutorearentzat.
Bekaren aurretik, zeharkako gaitasunen inguruko prestakuntza derrigorra izango da, 16 orduko programa eta funtsean ikuspegi praktikoa eta autozuzendua duena, Problem Based Learning (PBL) metodologia oinarri duena, teoriaren eta praktikaren arteko oreka aurkitzeko, eta tresna digitalak erabiltzen dituena.
Hautatzen diren gazteak enpresa laguntzaileetan sartzen joango dira, Novia Salcedo proiektuak ixten joan ahala, abuztuaren amaierarako gazte guztiak dagokien enpresan egon daitezen.
Beste ekimen batzuk
Novia Salcedoren ReACTIVAte programak beste ekimen batzuk aurreikusten ditu gazte-enplegua sustatzeko. Horrela, fundazioak Eusko Jaurlaritzako IHOBE ingurumena sustatzeko erakundearekin plan bat sinatu du: “Gazte-enplegua suspertzeko plana, euskal ekonomia jasangarritasunean oinarrituta leheneratzeko”.