"Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana" ren neurri gehiagotan ari da lanean Gobernua, pixkanaka normaltasun berrira itzuli ahal izateko
2020.eko apirilak 21
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.
TRANTSIZIO-PLANA
Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri eman du, besteak beste, Lehendakariak ostiralean iragarritako "Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana". Bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza buru-belarri ari da plan hori prestatzen eta sail guztiak ari dira deseskalatze faseetan lan egiten, bakoitza bere erantzukizun-arloan.
Helburua gizarte-ohiturak mailakatuta eta berme osoz berreskuratzea da. Mailaz maila egitea, betiere hurrengo hiletan indarrean jarraituko duten hiru baldintzak errespetatzeko konpromiso sozialarekin:
- Urruntze fisikoa.
- Maskaren erabilera.
- Eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.
Jorratzen ari den plana osasun-bilakaeraren baldintzapean dago, baita osasun publikoko agintariek ezartzen dituzten gidalerroen baldintzapean ere. Osasun-egoerari dagokienez, bozeramaileak gaineratu du egunez egun gehitzen ari direla funtsezko kolektiboei eta pertsonei egiten dieten test kopurua. Erkorekak azaldu duenez, horrek aukera ematen du kutsatzearen mapa erreala eta kasu positiboen tasaren mapa erreala egiteko. Helburua da hil honetan milioi biztanleko 20.000 test egitea.
Bozeramaileak azaldu duenez, “egoeraren eta bilakaeraren mapa horri esker, udalerriz udalerriko eta zonaz zonako egoera kontrolatu ahal izango dugu denbora errealean, zerra-hortzak eta izan daitezkeen berragerpenak aztertu ahal izango ditugu, eta kasuak denboran iraunkortasunez murriztea bermatuko dugu”. Gaineratu duenez, “Osakidetzak behar besteko gaitasun frogatua du kasu berri bakoitza antzemateko eta isolatzeko. Osasun-zentroak berrantolatzen ari dira COVIDeko pazienteen zein beste edozein arrazoirengatik ospitaleratutako pazienteen eskari aldakorrari erantzuteko”.
MASKARAK
Josu Erkorekak maskaren inguruan ere hitz egin du. Bozeramaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza lanean ari gara gizarte osoak maskarak eskuragarri izan ditzan, modu orokor eta eskuragarrian. Erkorekak baieztatu duenez, “euskal enpresek gaitasun handia erakutsi dute, eta oso-oso azkar gainera; izatez, inbertsioak egiten ari dira babesteko ekipamenduen ekoizpen propioa sortzeko”.
NORMALTASUN BERRIA
Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana apirilaren 27an, astelehenean, hasiko da neska-mutilak irteteko baimenarekin; denbora-baldintza mugatuetan, urruntze fisikoa gordez eta taldekatu gabe irten ahal izango dira.
Neurri horren atzetik berehalako beste neurri batzuk jarri beharko dira abian, eta Josu Erkorekak azaldu duenez, neurri horietan lan egiten ari da Jaurlaritza:
- Helduek banaka eta denbora-tarte jakin batez jarduera fisikoa egin ahal izateko irteerak.
- Saltokien eta denda txikien irekiera mailakatua. Era berean, segurtasuneko eta urruntze fisikoko neurri guztiak bete beharko dira. Erkorekarentzat “joan den astelehenean produkzio-jarduerara itzultzeak frogatu du osasuna eta enplegua bateragarriak direla. Produkzio-ehunaren osotasuna ahalegin handia egiten ari da eta emaitzak ikusten ari dira”.
- Industriaren eta eraikuntzaren jardueraren gehikuntza, une honetan jardueraren % 30ean baitago. Pixkanaka egingo du gora, gizarte-eragileekin itunduta eta beti enpresetan laneko segurtasuna bermatuta.
Bozeramaileak azaldu duenez, Planak Hezkuntzarako atal espezifiko bat jasotzen du, eta aste honetan hezkuntza-eragileekin kontrastatuko dute, ikastetxeetara bidali aurretik. Hiru alderdi jorratzen ditu:
- Funtsezko hezkuntza-edukia.
- Irakasleentzako tresnak ebaluatzeko eta abian jartzeko irizpideak.
- Ikasgeletara itzultzeko agertokiak. Adinaren araberako agertoki mailakatuak dira, eta beti egongo dira osasun-agintarien irizpideen mende.
Eusko Jaurlaritza lanean ari da jada bere egoitzetan lan presentziala arian-arian berreskuratzeko kronograman. Orain, presentzia fisikoa eskatzen duten funtsezko zerbitzu kritikoak garatzen dituzten langileak soilik ari dira zentroetara bertaratzen.
Eusko Jaurlaritzako laneko arriskuen prebentzioko zerbitzuen gainbegiradapean eta kontrolpean egiten ari dira. Kopuruetan, 7.200 langileetatik 1.200 inguru bertaratzen dira egunero Eusko Jaurlaritzaren eta erakundea autonomoen egoitzetara.
Josu Erkorekak iragarri duenez, helburua normaltasunera arian-arian itzultzea da.
Horretarako, talde bakoitza zereginen, funtzioen eta itzultzeko timing-aren plan espezifikoa prestatzen ari da, herritarrei egiten zaien zerbitzu publikoaren arabera. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, herritarrentzako arreta presentziala izango da leheneratuko den azken zerbitzu publikoa; zerbitzu hori abian jartzean, edukiera neurtuko da eta higiene-neurri zorrotzak ezarriko dira.
AISIALDIA ETA EKITALDIAK
Azkenik, Erkorekak adierazi du, normaltasunera itzultzeko denbora gehien beharko duen arloa bada ere, jada lanean ari direla “pertsonak pilatzea eragiten duten ekitaldietarako eta aisialdirako deseskalatzea” aztertzeko proposamenetan.
Gogoratu duenez, aste honetan bertan, Lehendakariak bilera monografiko batera deitu die ahaldun nagusiei eta Eudelen lehendakariari. Bilera horretan elkarrekin aztertuko dituzte udako jaien, ekitaldien eta bestelako kultura-jardueren inguruko aurreikuspenak.
Erkorekak gaineratu duenez, “konfinatuta jarraitzen duten herritarren kezka sozialaren eta ahalegin kolektiboaren jakitun gara, baina ezin dugu ahaztu, pandemia kontrolpean dagoen arren, zerra-hortzak daudela oraindik ere”.