Lehendakaria etorkizuneko enpresaren eta ekonomiaren kultura-ikuskera berri baten alde agertu da

2020.eko urtarrilak 24

  • "Enpresa Kultura Berriaren Fabrikak” enpresen kultura-eraldaketarako goi-errendimenduko zentro bat izango du

  • Iñigo Urkullu pertsonak ardatz dituen eta talde-lanean eta parte-hartzean oinarrituta dagoen enpresa-eredu berri baten alde agertu da 

Iñigo Urkullu lehendakaria, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera, "Enpresa Kultura Berriaren Fabrikaren” eraikineko lehen harria ipintzeko ekitaldian izan dira. Eraikina Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak eraikiko du Miramongo Enpresa Parkean, eta enpresen kultura-eraldaketarako goi-errendimenduko zentro bat izango du.  

Eskaini duen hitzaldian, lehendakaria etorkizuneko enpresaren eta ekonomiaren kultura-ikuskera berri baten alde agertu da, hots, pertsonak ardatz dituen eta talde-lanean eta parte-hartzean oinarrituta dagoen enpresa-kultura berri baten alde. Fabrikak, hain zuzen ere, parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu inklusibo berri horren ildoari jarraitzen dio, eta Eusko Legebiltzarreko talde guztien babesa jaso du. “Fabrikak enpresa pertsonengandik, oinarritik, prestakuntzatik eta talentutik abiatuta eraldatzeko ilusioa transmititzen du”, adierazi du lehendakariak.

Lehendakaria enpresa gazteentzako eta talenturako jomuga gisa erakargarri egingo duen eredu berri baten alde agertu da. Lehendakariak adierazi duenez, horrek esan nahi du pertsonak partaide direla, onartuta daudela eta behar bezala ordainduta daudela sentitu behar dutela, eta familia-bizitza ordutegi malguekin, egonkortasun-konpromisoarekin eta lanbide-karrera erakargarri batekin bateragarri egin ahal izango dutela. “Beste bultzada bat eman behar dugu, berriz ere lehenak izan behar dugu XXI. mendeko enpresen iraultza honetan”, adierazi du. 

Eustatek enpleguari buruz argitaratutako datuak aipatuz, lehendakariak azpimarratu du langabezia, lehen aldiz 2011. urteaz geroztik, % 10etik behera kokatu dela. “Joera positiboa da, norabide egokian lortutako emaitza”, adierazi du. Hala ere, onartu du ez dela nahikoa, eta inbertitzen, berritzen eta euskal enpresak nazioartekotzen jarraitu behar dela, jarduera-sektore berriak eta kalitate handiagoko enpleguaren sorkuntza bultzatzeko.

"Enpresa Kultura Berriaren Fabrika”

Enpresa-kultura eraldatzea eskatzen duen garai-aldaketa honen aurrean, pertsonen gardentasunean, konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako enpresa-kultura berri bat abian jartzeko gomendio praktikoen multzo batez osatutako gida bat proposatzen du Adegik. Ildo horretan, "Enpresa Kultura Berriaren Fabrikaren" eraikinak aukera emango du Adegi enpresen kultura-eraldaketako prozesuetan egiten ari den laguntza-lana hautemateko eta haren balioa azpimarratzeko.

Proiektuak nazioarteko izaera duenez gero, zentroak Nazioarteko Aholku Batzorde bat izango du. Batzorde horretan, nazioarteko enpresen CEOek beren ideien, ekimenen eta esperientzien ekarpena egin ahal izango dute eta enpresen kultura eraldatzeko erronka handi honetan lagundu ahal izango digute.