Kanpoko euskal komunitatearen sinbolo den Boiseko Jaialdiaren 8. edizioa egingo da aurten

Argitalpen-data: 

Boise-ko mapa

XIX. mendearen amaieran, Bizkaiko etorkin talde batek Euskadiko ziurgabetasun ekonomikotik ihes egin eta Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldera abiatu zen, etorkizun oparoago baten bila. Lehen euskaldunak Idahoko estatuan finkatu ziren, hobekien ezagutzen zuten zereginetako bat egiteko, hots, ganadua zaindu eta hazteko. Hainbat urtetan, euskaldunak etengabe iritsi ziren Idahora, eta euskal komunitate handia sortu zen bertan. Gaur egun, mende bat baino gehiago igaro denean, komunitate hori 16.000 pertsonak osatzen dute, eta bertako biztanleen % 1 baino ez badira ere, komunitatea Idahoko identitate-ikur bihurtu da. Jaialdia, nolanahi ere, komunitatearen erreferentzia nagusietako bat da.

Lehen Jaialdia Boisen egin zen 1987an, eta euskal jatorriko estatubatuarrei zuzendutako kultura-jaialdi gisa sortu zen, baina hain arrakasta handia lortu zuen (30.000 pertsona bildu ziren 1,4 milioi biztanleko estatu batean), garai hartako gobernadore Cecil Andrusek laguntza eskatu zion euskal komunitateari 1990ean Estatuaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen lagun zezan. Handik aurrera, Jaialdia bost urtean behin egitea erabaki zen, eta Euskaditik kanpo aldizka egiten den ekitaldirik garrantzitsuena da gaur egun.

Jaialdiak Boisera, Kaliforniara, Oregonera eta Hego Amerikako hainbat herrialdetara iritsi ziren lehen etorkin haien ondorengo ugari biltzen ditu, euskal kultura eta euskal identitatea aldarrikatzeko. Jaialdiaren sei egunetan, erakusketak, musika-emanaldiak eta kirolari, dantzari eta gastronomiari lotutako jarduera ugari antolatzen dituzte, Euskadi beti ardatz dutela.

2020ko Jaialdia

2020an, dagoeneko kanpoan den euskal komunitatearen sinbolo bihurtu den Jaialdia uztailaren 28an hasiko da, Basque Block izenekoan. Egun horretan, animazioa kalera aterako da, janari- eta edari postuekin eta musikarekin. Hurrengo sei egunetan, herri-kirolen ekitaldia egingo da, Boiseko CenturyLink Arena izenekoan. Bertan, txingen, harri-jasotzaileen, aizkolarien eta herri-kirol mota ororen (tradizionalen zein egungoen) erakusketak izango dira. Festa´ra izeneko ekitaldiak Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako hainbat talde bilduko ditu Boiseko Morrison Center izenekoan, eta Expo Idaho erakusketan, berriz, euskal artisautzaren, modaren eta literaturaren erakusgarririk onenetako batzuk bilduko dira. Hori guztia, hainbat gune gastronomikorekin onduta, lagungarria izango da Jaialdiak euskal kulturaren esparruan Euskaditik kanpo egiten den ekitaldirik ikonikoenetako bat izaten jarrai dezan.