Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen proiektua onartu du

Argitalpen-data: 

  • Indarrean dagoen araudia eguneratzen du, azken hamarkadetan arlo horretan garatutako Europako legeria zabalera egokitzeko
  • Lege berriak ikuspegi integrala emango dio natura-ondareari, natura-ingurunearen kudeaketan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazioa hobetuko du eta zuzeneko lotespena ezarriko du klima-aldaketaren politikekin, garapen ekonomiko eta sozialerako aukera berriak sortzea oinarri hartuta
  • Euskal Autonomia Erkidegoa EBko lurraldearen % 1 baino gutxiago da, eta Europaren intereseko habitaten % 35, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2 hartzen ditu

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen proiektua onartu du aste honetan, eta Legebiltzarrera bidaliko du, eztabaidatu dezan. Arauak helburu du EAEko natura-ondarea babestea, kontserbatzea, kudeatzea, modu jasangarrian erabiltzea, leheneratzea eta hobetzea. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren hitzetan, legeak, besteak beste, helburu hauek ditu: “naturaguneak eta biodibertsitatea babestea natura-ondarearen ikuspegi integral batetik, horien kudeaketaz arduratzen diren administrazio-mailen arteko koordinazioa hobetzea, beste politika sektorial batzuk integratzea (hala nola klima-aldaketari buruzkoak) eta sektorean aukera berriak bultzatzea, natura-ondarearen babesa eta garapen ekonomiko eta soziala uztartzeko”.

Lege-proiektu hau sortu da indarrean dagoen EAEko legeria eguneratzeko beharrak eraginda. Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen ingurumen-legerian, 1994an Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Legea onartu baitzuen (2014an bategin zen, ondoz ondoko aldaketak txertatzeko), eta 1998an, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorra. Hala ere, “Europako gidalerroetatik datorren lege-garapen handiak, bereziki 2000. urtetik aurrera, euskal lege-esparrua eguneratzeko beharra ekarri du, egungo arazo eta eskakizunei erantzuteko, eta lege berri hau Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen eta Basque Country 2030 Agendaren barruan kokatzen da”, nabarmendu du Tapiak.

Horrela, lege-proiektuak ikuspegi integral batetik interpretatzen du natura-ondarearen kontzeptua. Horrek barne hartzen ditu dibertsitate biologikoarekin eta geologikoarekin lotutako ondasun, baliabide eta zerbitzu guztiak. Horiek funtsezko balioa dute ingurumenean, paisaian, zientzian edo kulturan, eta estuki lotuta daude pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin, baita gizarte- eta ekonomia-garapenarekin ere.

Lege-proiektuak espezie basatien eta gune babestuen tipologia zehazten du, eta kontuan hartzen ditu Europako Natura 2000 Sarearen barruan eta kanpoan daudenak, baita nazioarteko beste tresna batzuk ere. Era berean, “azpiegitura berdea” kontzeptua ere jorratzen du: eremu naturalen eta erdinaturalen estrategikoki planifikatutako sare bat, gune babestuen multzoa lotzea helburu duena, balio ekologikoa duten eremu bakartuak saihesteko. Horrela, jarraipena ematen zaie berariaz babestutzat jotzen diren espazioei, eta lurralde osora eta inguruko eremu geografikoetara zabaltzen dira.

Bestalde, lege-proiektuak sinplifikazio administratiboa lortu nahi du, Euskal Autonomia Erkidegoan natura-ondarea kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoen arteko koordinazioa errazteko. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Naturari buruzko Informazio Sistema bat sortzea aurreikusten du. Sistema hori izango da Euskal Autonomia Erkidegoako natura-ondarearen inguruan instituzio guztien artean partekatutako ezagutza tekniko eta zientifikoaren erdigunea.

Tramitazio parlamentarioak ahalbidetuko du Gobernu Kontseiluak aste honetan onartutako dokumentua aberasteko ekarpenak biltzea eta eztabaidatzea, sailburuaren esanetan, “abiapuntu egokia den lege-oinarria eskaintzen baitu”.

Natura-ondarearen eta klima-aldaketaren arteko lotura

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen proiektuaren berritasun nagusietako bat da klima-aldaketaren politiketan txertatzen dela. Sailburuak azpimarratu duenez, “Gizateriak aurre egin beharreko bi erronka nagusiak biodibertsitatearen galera geldiaraztea eta klima-aldaketari aurre egitea dira. Gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena ekosistema osasuntsuak kontserbatzearen mende dago. Horiek uholdeak erregulatzen lagundu behar dute, berotegi-efektuko gasak xurgatu behar dituzte eta muturreko gertaera meteorologikoetatik eta etorkizuneko pandemietatik babestu behar gaituzte”.

Alde horretatik, natura-ondareak eta, bereziki, basoek CO2-a xurgatzeko duten ahalmena indartu nahi du arauak. “Lurraldearen lehentasuna 2050erako edo lehenago karbono-neutraltasuna lortzea den une honetan, Natura Ondarea Kontserbatzeko Legeak helburu horretarantz aurrera egiteko aukera eskaintzen digu” —azpimarratu du Tapiak—. “Basoak, lurzoruak eta hezeguneak berreskuratzea funtsezkoa da klima-aldaketa arintzeko finkatutako helburuak lortzeko”.

Sailburuak nabarmendu du, halaber, beharrezkoa dela natura-ondarearen kontserbazioa eta garapen ekonomiko eta soziala uztartzea. Aditzera eman du, zehazki, naturaguneak zaintzea negozio-hobiak sor ditzakeela ekonomia zirkularrean, bioekonomian edo nekazaritza-sektorean, osasunari eta ongizateari lotutako onurez gainera.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aberastasun naturala

Euskal Autonomia Erkidegoak biodibertsitate handia hartzen du bere kokapen geografikoa dela eta, klima-trantsizioko eremu batean baitago (mediterraneoaren eta atlantikoaren artekoa), eta kosta eta mendia baititu. Europar Batasuneko lurraldearen % 1 baino zertxobait bat gutxiagorekin, Euskal Autonomia Erkidegoak Europaren intereseko habitaten % 35 inguru hartzen ditu, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2, eta, horien barruan, kontinenterako lehentasunezko intereseko 14 habitat eta 4 espezie daude.

Lurraldean dauden Natura 2000 Sareko 55 espazioetan euskal natura-ondareko espezie enblematikoenetako batzuk daude: anfibioak (hala nola hegoaldeko zuhaitz-igela), hegaztiak (adibidez, aztore-arranoa, ugatza edo miru gorria), krustazeoak (esaterako, ibai-karramarro berdea), intsektuak (hala nola burruntzia), ugaztunak (adibidez, baso-saguzarra, igaraba euroasiarra edo bisoi europarra), arrainak (esaterako, lanproia) edo landare loredunak (adibidez, droserak, katu-hanka, arroka-geranioa, nenufar zuria edo basolibondoa).

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak 2030erako Euskadiko Biodibertsitate Estrategia du 2016tik. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-plangintzako tresna da, eta natura-ondarearen arloko lehentasunak eta konpromisoak ezartzen ditu.