Eusko Jaurlaritzak etxeko eta laneko eginkizunak bateragarri egiteko laguntzak onartu ditu. Berrogeialdi-egoerarako sorturiko ildo-berriak sartu dira (Gobernu Bilera 2020-04-07)
2020.eko apirilak 07
Gobernu Kontseiluak Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duen laguntza-multzoa onartu du gaur.
Euskadin azken bi hamarkadetan eman diren laguntza hauek finantzazio-ildo berriak aurreikusi dituzte. Horietako zenbait alarma-egoerak euskal etxetan sortu dituen arazoetarako sortu dira bereziki. Honela, diru-laguntzak aurreikusi dira eskolen eta mendekotasuna duten pertsonak edo adinekoak artatzeko zentroen itxieraren eragina pairatu dutenentzat; bai eta Covid-19aren ondorioz gaixo edo isolatuta dauden pertsonak zaindu behar dituzten familiartekoentzat ere.
Orokorrean, ondokoak dira familiak babesteko neurriak:
- Eszedentzian dauden edo lanaldi murriztua duten langileentzako laguntzak, beren seme-alabak zain ditzaten. (2019an abiatutako haurdun geratzen ez diren gurasoentzako amatasun/aitatasun laguntzak barne).
- Eszedentzian dauden edo lanaldi murriztua duten langileentzako laguntzak, mendekotasuna duten edo osasun-egoera oso larrian dauden familiartekoak zain ditzaten.
- Seme-alaba adingabeak zainduko dituzten langileak kontratatzeko laguntzak.
Iaz, 15.885 pertsonek jaso zituzten beren seme-alabak edo mendekotasuna duten edo osasun-egoera oso larrian dauden familiartekoak zaintzeko xedearekin eszedentzian dauden edo lanaldi murriztua duten langileei ematen zaizkien laguntzak edo seme-alaba adingabeak zainduko dituzten langileak kontratatzeko laguntzak; 2018n baino 824 pertsona gehiago.
2019ko urrian ildo berriak sartu ziren diru-laguntza hauetan, etxeko eta laneko eginkizunak bateragarri egin eta familia-erantzunkidetasuna sustatzeko eta haurdun geratzen ez diren guraso eta ezkontideen atxikimendua jaioberriaren lehen egunetatik bertatik ahalbidetzeko. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da haurdun geratzen ez diren ezkontideen amatasun/aitatasun laguntzak amatasun-baimenen 16 asteekin parekatzea xede duen ildo-berria sortu zela.
Ildo berri honi esker, jaioberria iritsi bezain pronto seme-alabaren jaiotzaren ondorioz eta aipatua zaintzeko bi gurasoei ematen zaizkien kontribuzio-laguntzek iraupen berbera izango dute, 16 aste hain zuzen ere. Laguntza besterenezina, ordaindua da eta ez du zertan batera gertatu behar. Laguntza ekonomiko berri horren zenbatekoa ondokoa da: laguntzaren xede den gertaeraren hasieraren aurreko hilean izandako kotizazio-oinarriaren % 100.
Honela, seme-alaben zaintzan amek zuten rol nagusiarekin apurtu nahi da, aitak zaintza-atazak egitera bultzatu nahi ditugu eta jaioberriak bi gurasoekin duen atxikimendua sendotu nahi da, zientzialariek egiaztatu dutenez bizitzaren lehen hil horietan ezarritako atxikimenduak hazkuntzaren hurrengo etapetan mantentzen baitira eta babes- eta indar-faktorea baitira arrisku-egoeren aurrean. Neurri horren bitartez, halaber, lan-merkatura bueltatzeko eta beren ogibidean aurrera egiteko zaintza-atazek emakumeentzat suposatzen duten oztopoa gutxitu nahi da. Lehen eskariak datozen asteotan jasoko dira.
Horrez gain, eta gizarte-egoera ahulenean dauden taldeak bereziki babesteko asmoz, ondokoei eskainitako laguntzen zenbatekoak % 30 egin du gora: guraso bakarreko familiak, familia ugariak, mendekotasun larria -edo mendekotasun altua- edo % 50etik gorako desgaitasuna duen pertsonaren bat duten familia-unitateak eta genero-indarkeriaren biktima den pertsonaren bat duten familia-unitateak.
Halaber, bereizkeria positiboa ezarri da eskaria gizona den kasuetarako, laguntzak jasotzeko gehieneko epealdiak luzatu baitira.
Malgutzea eta neurri berriak Alarma-egoeraren aurrean
Eskolen edo adinekoentzako zentroen itxieraren harira azken asteotan sortutako egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak uste du familien beharrak ere aldatu direla. Ondorioz, erabaki ezberdinak hartu ditu eta etxeko eta laneko eginkizunak bateragarri egiteko dagoeneko onartuta dauden neurriak malgutu eta laguntzak aldi baterako luzatu ditu.
Alde batetik, aitatasun eta amatasun baimenen epea 16 astetan parekatzeko programan, laguntzaren xede den epealdian zehar eskaria egin ez duen pertsona (beste gurasoa) Gizarte Segurantzan alta emanda egotera behartzen duen baldintza malgutu egin da. Honela, egoera larri honen ondorioz eskaria egin ez duen pertsonak bere enpresarekin duen lan-harremana apurtuko balitz, laguntza ez litzateke etengo, beti ere apurtze hori laguntzaren epealdi horren barruan gertatu bada.
Bestetik, laguntzak emango dira ere eskolen edo arreta-zentroen itxieraren ondorioz zaindu beharko diren adingabeak eta/edo mendeko pertsonak zaindu ahal izateko, bai eta Codi-19aren ondorioz gaixo edo isolatuta dauden pertsona horiek zaintzeko ere. Honela:
- Laguntza hauen esleipenerako gutxieneko epealdiaren baldintza malgutu da: 59 egunekoa zen orain arte eta laburragoa izan daiteke, beti ere epealdiaren datak zentro horien itxierarekin edo isolatuta egon behar duten pertsonen isolamendu-denborarekin bat badatoz.
- Laguntzen zenbatekoak bikoiztu dira.
- Adingabeak zaintzeko adina handitu da: 14 urtekoak ere estaliko dira, seme-alabak zaintzeko xedearekin eszedentzian dauden edo lanaldi murriztua duten langileei ematen zaizkien laguntzen kasuan.
Laguntzen malgutzeak atzeraeginezko efektua izango du: laguntzak zentroak itxi ziren egunetatik ezarriko dira.
Laguntza hauen hasierako zuzkidura 37.145.650 eurokoa bada ere, 52.145.650 eurora arte zabaltzeko aukera egongo da, aurkeztutako eskariak ikusita hori egitea beharrezkotzat joko balitz. Ezohiko neurri berriei erantzun ahal izateko, 15.000.000,00 euroko kreditu ekonomiko bat aurreikusi da.
EAEko Familiei laguntzeko erakunde arteko 2018-2022 Planaren 2. Ardatzak ondoko xedea dauka: etxeko eta laneko eginkizunak bateragarri egiten laguntzea eta erantzunkidetasuna sustatzea seme-alaben zaintzari dagokionez.
Izapide elektronikoa egiteko edo edozein zalantza argitzeko, sar zaitezte www.euskadi.eus helbidera edo 012 informazio-telefonora dei ezazue.