Uztailaren 9an abiatu zen Euskaditik lehen osasun-taldea. Taldea 6 pertsonak eratzen dute (Osakidetzako 5 eta Aragoiko Osasun zerbitzuko 1), Covid-19aren kasuen maneiu klinikoan esperientzia zuzena dutenak, osasun-materialarekin; alegia, arnasgailu, aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako ekipo, fluxu handiko ekipo, monitore, medikamentu eta Norbere Babeserako Ekipoekin (NBE). Egun batzuk geroago, euskal osasun-taldea beste 8 pertsona gehiagok osatuko dute.
Pasa den ekainaren 2an, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Eusko Jaurlaritzari honako eskaera hau egin zion: Covid-19aren aurka borrokatzeko duen esperientzia orain epidemiaren faserik gogorrena bizitzen ari diren Latinoamerikako beste herrialde batzuekin partekatzeko. Peruko pandemiaren bilakaera kontuan hartuta, eta agintarien erabakia ezagutu ondoren, esku hartzea egokia dela ebaluatu zen. 2020ko uztailaren 1ean, Peruko Gobernuko Osasun Ministerioak Lehendakariari Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskatu dio formalki.
Hala, Eusko Jaurlaritzak Mugarik Gabeko Medikuak erakundearekin esku-hartze humanitario hori prestatu du, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren artean koordinatuta.
Esku-hartze solidario horren helburu nagusia da Covid-19aren ondoriozko infekzioagatik heriotza-tasa eta gaixotze-tasa murrizten lagundu ahal izatea, bereziki San Martín eta Loreto departamentuetan, Perun.
Helburu zehatzak honako hauek dira: 1) esku hartzeko guneetan transmisioa maila komunitarioa eteten laguntzea; 2) paziente kritikoen arreta sendotzea, zehazki ZIUn, ospitale identifikatuetan; 3) paziente eta tratamendu-protokoloen zirkuituak zehazten laguntzea, Peruko Osasun Ministerioko osasun-egiturei atxikitako langileekin elkarlanean; 4) langileen prestakuntza eta haiek paziente horien maneiuan duten autonomia sustatzea; 5) egungo egoeran “funtsezko”tzat jotzen diren medikamentuak eta ekipamendua; oxigenoa eta NBEak etengabe erabilgarri daudela bermatzeko ahalegina egitea.
Ezagutzen transmisioan oinarritutako lankidetza
Bai Europak eta baita Euskadik ere pandemiaren krudelkeria eta erronkak bizi izan dituzte. Osasungintzako profesionalen eginkizuna eredugarria izan da. Izurriteari emandako erantzunari esker, osasun profesional askok —beste funtsezko sektore batzuren artean—lehen bizipenak izan ditu hondamendi-medikuntzan, Euskaditik atera gabe, lehen “misio humanitarioa etxean” bizituz.
Tamalez, pandemia ez da gurean amaitu, eta, aldi berean, beste herrialde batzuetan zabaltzen ari da. Gure esperientzia eta baliabideak etxean bizi izan dugunaren antzeko egoerak edo latzagoak bizi dituzten herrien zerbitzura jartzeko unea da. Pandemia fenomeno globala dela egiaztatu ostean, erantzunak ere globala beharko du. Eta horregatik, besteak beste, Euskadik baietz esan dio Mugarik Gabeko Medikuek eta Peruko Gobernuak egindako deialdiari.
Mapan: Esku-hartzearen hasierako kokapena: San Martín (Tarapoto, Moyobamba) eta Alto Amayonas (Yurimaguas) eskualdeak.
Covid-19aren bilakaera Perun
Perun Covid-19 lehen kutsatua 2020ko martxoaren 6an berretsi zen. Berehala, Gobernuak neurriak hartu zituen larrialdiari aurre egiteko ekonomia-, gizarte-, hezkuntza- eta osasun-arloetan. Martxoaren 11ean, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) pandemia deklaratu zuen egunean bertan, Peruk osasun larrialdi egoeran ezarri zuen nazio mailan, maila guztietan prebentzio neurri zorrotzak ezarriz eta ikasturtea bertan behera utziz. Martxoaren 16an berrogeialdi zorrotza ezarri zen herrialde osoan, mugak itxi egin ziren —nazioartekoak eta herri barrukoak ere bai—, eta hiri guztietan etxeratze-agindua ordutegi ezberdinetan ezarri zuten. Harrezkero, berrogeialdia bost aldiz luzatu da, azkena ekainaren 30 arte.
Uztailaren 1etik aurrera, berrogeialdia 7 departamentutan mantendu da, 14 urtetik beherakoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat; osasun-larrialdia, berriz, uztailaren 31ra arte.
Hartutako neurriek ezin izan dute hala ere pandemia hedatzea saihestu. Osasun-larrialdia deklaratu eta bi hilabetera (maiatzaren erdi aldera), biztanlerik txirotuenek eta zaurgarrienek konfinamendua haustea beste aukerarik ez zuten izan bizirauteko. Horren ondorioz, kasuen kopurua esponentzialki handitu zen eta osasun-sistema erantzuteko gaitasunaren mugara heldu zen.
Harrezkero, kasuak azkar ari dira hazten. Fenomeno hori Amazoniako komunitate indigenetan ere bizi da, orain arte kasu gutxi izan badituzte ere.
2020ko uztailaren 5ean, berretsitako 295.599 Covid-19 kasu jakinarazi ditu Peruk, munduan kasu gehien dituen seigarren herrialdea delarik. Jakinarazitako hildakoen kopurua 10.226 da -kopuru horrek berretsitako gaixoen heriotza kopurua biltzen du soilik, Covid-19 kasu susmagarriak kanpoan utziz (https://covid19.who.int/region/amro/country/pe).
Egoera horren aurrean, Mugarik Gabeko Medikuek ebaluazio azkarra egin zuten herrialdean, heriotza-kopuru handienak dituzten lekuak eta herriak detektatzeko. Ebaluazioa ekainaren 12tik 27ra bitartean egin zen, Osasun Ministerioarekin eta haren osasun-sarearekin elkarlanean maila guztietan, baita gizarte-erakundeekin ere. Ebaluaketaren baitan, Loreto, San Martín eta Ucayali departamentuetako hainbat komunitate eta ospitale-egitura aztertu ziren.
Ebaluatutako departamentuetan jendartearen zaurgarritasuna handia dela egiaztatu zen (gizarteari, ekonomiari eta geografiari dagokienez), eta honen ondorioz transmisio aktibo handia izan dutela berretsi zen, bereziki komunitate indigenetan eta mestizoetan. Komunitate horiek, Peruko Amazonian sakabanatuta bizi dira eta ez dute pandemiari aurre egiteko tresnarik. Estatuko baliabideei dagokionez, ez dira nahikoak eta sarri ez daude populazioen beharretara egokituta (hizkuntzak, kultura, irisgarritasun geografikoa).
Moyobamba, Tarapoto eta Yurimaguas ospitaleak gaixo asko artatzen ari dira. Tarapotoko ospitaleko egoera da zailena, bere jurisdikzioan gaixo kopuru handiago bait dago. Hiru ospitaleak elkarrengandik hurbil daude (131 kilometrotara). Izurritea zabaltzen ari da eta egoera egunetik egunera azkar aldatzen da, Amazoniako beste gune garrantzitsu batzuk ere kaltetuta egon daitezkeelarik.
Egoera makur honen aurrean, Mugarik Gabeko Medikuek hainbat administrazio publikori laguntza eskatu zioten, osasun-talde kualifikatuekin esku-hartu zezatela proposatuz, Covid-19ri aurre egiten esperientzia zuzena bait zuten. Eskaera honi erantzunez, Eusko Jaurlaritzak ekipoak eta materialak mobilizatzeko konpromisoa hartu du, Mugarik Gabeko Medikuek Perun erantzun zabalagoa emateko funtsezko osagarri izango direnak.