Euskadi Turismo Bonua"-ren eta "Euskadi Bonodenda"-ren aginduak argitara atera ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak (28-07-2020)

fotoconsejo.jpg

2020.eko uztailak 28

  • 620.000 bonu kaleratuko dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako 5,7 milioi euroko ekarpenarekin
  • Bonuak 5, 10 edo 20 euroko deskontuetan oinarritzen dira modalitate desberdinetan: turismoa, ostalaritza eta merkataritza

Turismo, Merkataritza eta Ostalaritzako sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Gobernu Kontseiluaren aurrean, gaur aurkeztu ditu aginduak, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetara bideratutako bonuak martxan jartzen dituztenak, COVID19 pandemiaren ondorioak arintzen laguntzeko. Bonuak Aldundiekin, hiriburuetako Udalekin eta EUDELekin koordinatuko dira, eta izen hauek hartu dituzte: “Euskadi Turismo Bonua” eta “Euskadi Bonodenda”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik estrategia bat planteatu da 2 alditan: erresistentziakoa eta suspertzekoa. Erresistentziako aldiaren ondoren "15 milioi euroko laguntzak onetsi ziren horretarako" suspertzeko aldia dator, batetik, sustapen-ardatz bat duena turismoa eta merkataritza bultzatzeko hainbat kanpainaren bitartez. Eta, bestetik, sustatu egin dira gainera laguntza desberdinak sektorea dinamizatzen laguntzeko, besteren artean, saltokiak modernizatzeko, ekintzailetzarako, Hirigune, bulego teknikoei laguntzeko eta abar.

Gaur onetsitako aginduak aurrerapauso bat gehiago dira suspertzeko aldi honetan eta helburutzat dute krisiak gogorren jo dituen sektoreak suspertzea, baita familietan kontsumoa aktibatzen laguntzea ere, haiek ere krisiak erasan dituela kontuan hartuta. Merkataritzaren, jatetxeen, ostalaritzaren eta turismoaren jarduera dinamizatzeko formula bat da, tokiko eremuan nahiz eskualdekoan izango dituen ondorioak bultzatuz.

Bonu horiek 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte, Euskadin bizi direnek edo beste leku batzuetatik etorrita bisitatzen gaituztenek "turismoko bonuen kasuan" enpresak atxiki ondoren ezarritako epean.

Aginduek jasotzen dutenez, bonuak deskontu-bale ereduan oinarritzen dira. Merkataritzan "“Euskadi Bonodenda”" modalitate bakar bat dago: 10 euroko deskontuak 30 euroko gutxieneko erosketetan. Lau bonura arte eskuratu ahal izango dira, guztira 40 euroko deskontuarekin gehienez. Merkataritzaren eremuko mikroenpresetara, enpresa txikietara eta ertainetara daude zuzenduta.

Turismoan eta ostalaritzan "“Euskadi Turismo Bonuak”" 3 modalitate daude:

-Lehenengo eta bigarren modalitateak saltokietara, ostalaritzako eta jatetxeetako enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduta, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira, hurrenez hurren, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako.

-Hirugarren modalitatean 20 eurokoa izango da deskontua, gutxienez 60 euroko erosketetarako alojamendu turistikoetako establezimenduetan.

Gehienez 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta 40 euroko guztizko deskontua egingo da gehienez pertsonako.

“Euskadi Turismo Bonua” Euskadiko mikroenpresetara, eta enpresa txiki eta ertainetara dago zuzendua, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoetara, besteren artean:

  • Alojamenduko establezimenduak.
  • Gida turistikoak.
  • Zerbitzu turistikoak antolatu eta bitartekaritza-lana egiten duten enpresa turistikoak.
  • Jatetxeak eta ostalaritzako establezimenduak.
  • Naturako kirol-jardueretako enpresak, besteak beste, turismo aktiboa eta abenturakoa.
  • Garraio turistikoko enpresak.
  • Ondare kulturala, gastronomikoa eta naturala ezagutzera ematen dituzten enpresak.
  • Aisiako zentroak.

Establezimendu eta enpresa guztiak, merkataritzaren, turismoaren eta ostalaritzaren sektoreetakoak, atxiki ahal izango dira programara aginduak argitaratu ondorengo 3 asteetan eta eskuratu ahal izango dute, plataforma teknologiko baten bidez, deskontu-bonu kopuru zehatz bat; jaulkitako bonuen kopuruaren eta atxikitako enpresen kopuruaren arteko erlazioak ezarritakoa izango da kopurua.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ekarpen hauek egingo ditu: 2 milioi euro turismoarentzat eta 3,7 milioi euro merkataritzarentzat; guztira 5,7 milioi euro, eta gainerako erakundeen ekarpenak ere gehituko dira. Guztira 620.000 bonu banatuko dira, 250.000 deskontu-bonu turismoan eta ostalaritzan, eta 370.000 merkataritzan, lurralde bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.

“Erronka nabarmena izan da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat, jasota ez zeuden partidaz ari baikara, eta % 15 inguru da turismoko eta merkataritzako zuzendaritzen guztizko aurrekontutik. Baina argi daukagu ahalegin guztiak egin behar ditugula une hauetan, kontuan hartuta sektoreak inoiz baino gehiago behar gaituela eta administrazioek erantzun azkarrak eta eraginkorrak eman behar ditugula” azaldu du sailburuak.