Euskadi Bonu Jasangarriaren hirugarren jaulkipenaren aurkezpen ekitaldia

2020.eko martxoak 26

EUSKO JAURLARITZAK, BERE KAUDIMENAREN ABALAREKIN, 500M/€-KO HIRUGARREN  “EUSKADI BONU JASANGARRIA”, ETA ESKARIA ZAZPI ALDIZ HANDIAGOA IZAN DA

 

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Bonu Jasangarriaren hirugarren jaulkipena egin du gaur, 500M/€-koa, soilik oso kaudimen egiaztatua eta aitortutako kalitatea duten igorleen esku dagoen aukerarako leihoa hauteman baitu merkatuan, eragiketaren arduradun diren banku erakundeek adierazi duten bezala. Izan ere, eta finantzen mundua zalantzaz beteta dagoen une hauetan, eskaria eskaintza baino 7 aldiz handiagoa izan da, hau da, 17 herrialdetako 120 inbertitzailek 3.521M/€-ko eskaria egin dute. Esleipenaren %60 nazioarteko inbertitzaileei bideratuko zaie, eta %40 estatukoei.

COVID19aren krisia dela eta aurreko asterako aurreikusitako Europa mailako roadshow-a eta jaulkipena atzeratu eta gero, eragiketa horrek 2020. urteko zorpetze plana ziurtatzeko aukera emango dio Eusko Jaurlaritzari.

Jaulkipenaren barruan jasotzen diren politika publikoen artean, Osasun arlora bideratutako 130M/€ daude, farmaziaren finantzaketa eta ospitaleen eta osasun-etxeen hedapenera zuzenduta, eta baita Gizarte Politiketara bideratutako 225M/€ ere, gizarte arloko larrialdiei erantzuteko, familiei laguntzeko programetarako eta hezkuntza eta etxebizitza proiektuetarako. Gizarte arloko proiektu horiekin batera, Euskadi Bonu Jasangarriak ingurumenarekin erlazionatutako ekintzak ere jasotzen ditu, energia berriztagarriak, garraio jasangarria, ingurumen kutsaduraren prebentzioa eta kontrola edo uraren eta hondakin-uren kudeaketa jasangarria, hain zuzen ere. Finantzatu beharreko kategorien %81a gizarte arloko programei dagokie, eta %19a ingurumen programei.

Nazioarteko eskaria deigarria izan da eta, horrela, Austria, Alemania, Belgika, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak, Italia, Luxenburgo, Monako, Norvegia, Israel, Malta, Txekiar Errepublika, Irlanda eta Portugalgo inbertitzaileek agertu dute interesa.

Bonu Jasangarria operatu duten erakundeak BBVA, Banco Santander, Caixabank, Natixis eta Nomura (Asiako merkatuan lanean hasteko xedez) izan dira.

Euskal zor publikoaren egoera

Otsailaren 18ko 18/2020 Dekretu bitartez garatutako Aurrekontuen Legearen zorpetze baimenaren gehieneko muga 857,9M/€-koa da. Jaulkipen honekin, eta denbora gutxi barru BEIren 140M/€-ko mailegua eskuratzeko aurreikuspenarekin, zorpetze planaren zati nagusia gauzatuta geratuko da, baina ez da baztertzen ezarritako mugen barruan egin daitekeen beste eragiketaren batekin osatzea. Urteak aurrera egin ahala, eta COVID19aren ondoren abagune ekonomikoa zelan dagoen ikusi eta gero, eragiketa gehiago egitea ala ez eta, egitekotan, zein eragiketa egin erabakiko da.

2019ko abenduaren 31n, Euskadiko zor publikoak batez besteko 5,6 urteko bizitza eta %1,72ko kostua du, eta BPGaren %12,6 ingurukoa da, Estatuarekin adostutako 2018-2020ko aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak ondo baino hobeto betez, 2020rako helburuak BPGaren %13,2an finkatuta baitzeuden.

Aurreko edizio arrakastatsuak

Eusko Jaurlaritzak, 2018an eta 2019an izan duen esperientzia oso positiboa izan da. Lehen jaulkipenean, eskaintza hirukoiztu zuen eskaria jaso zen. 100 inbertitzaile baino gehiagok 1.583M/€ eskatu zituzten, eta 13 herrialdetik iritsi ziren eskaerak. Jaulkipenaren negoziazioaren ondorengo tasa nominala %1,45ekoa izan zen hamar urterako, altxorraren gaineko oinarrizko 15 puntuko spread-arekin.

2019 ekitaldiari dagokionez, eskaintza laukoiztu zuen eskaera jaso zen. 140 inbertitzaile baino gehiagok (2018an baino 30 gehiagok) 2.508M/€ eskatu zituzten, eta 19 herrialdetik iritsi ziren eskaerak, 2018an baino 6 herrialde gehiagotik. Eusko Jaurlaritzak nazioarteko inbertitzaileetara bideratu zuen bonuen %70, eta gainerako %30a estatuko eta Euskadiko inbertitzaileetara. Jaulkipenaren negoziazioaren ondorengo tasa nominala %1,125ekoa izan zen, altxorraren gaineko oinarrizko 10 puntuko spread-arekin.

 

*Eusko Jaurlaritzako webgunean kontsultatu daiteke inbertitzaileei zuzendutako aurkezpena (Presentation for investors)