Etxebizitzak % 37 areagotu du etxebizitzen birgaitze integrala sustatzeko Renove programaren aurrekontua

2020.eko uztailak 06

  • 1980aren aurreko eraikinen jabeen erkidegoentzako laguntzak areagotu egin dira; lehen, 6,4 milioi eurokoak ziren eta, gaur egun, 8,8 milioi eurokoak.
  • Efizientzia energetikoko, irisgarritasuneko eta segurtasuneko hobekuntzez gainera, lehenengoz sartu da balkoi eta terrazak sortu edo handitzea.

 

Aurten etxebizitza eta eraikinen birgaitze integralerako eta efizienterako laguntzen deialdiak (Renove Integral programa) areagotu egin du % 37,5 aurrekontua; lehen 6,4 milioi eurokoa zen eta, orain, 8,8 milioi eurokoa, bihar Gobernu Kontseiluak onetsiko duen aginduaren arabera.

Programaren zenbatekoa nabarmen handitu da eta horrek erakusten du nolako garrantzia ematen dion Sailak Euskadin 1980a baino lehen eraiki zen etxebizitza-parkea berritzeari; kasu askotan, bizigarritasun-arazo larriak ditu. Eraikitako ondarea birgaitzearen aldeko apustua Etxebizitzaren Plan Gidariaren ardatz estrategikoetako bat da; izan ere, eraikin zaharretan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du, hiriak suspertzen ditu eta, hala, lurzoru berriak kontsumitzeko beharrik egon gabe eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu.

Laguntzen helburua 40 urtetik gorako eraikin komunitarioen efizientzia energetikoa, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da, haiek baitira eraikinen ikuskapen teknikoetan (EIT) gehien antzematen diren defizitak. Hala ere, aurtengo deialdian lehen aldiz jaso da etxebizitzen kanpoko bizigarritasuna hobetzea eta, horretarako, balkoi edo terrazak sortu edo handitzea, baldin eta udal-ordenantzek eta eraikinaren baldintza fisikoek horretarako aukera ematen badute. Dirulaguntza jaso dezakeen jarduketa berri hori dator etxebizitzaren espazio horiek besteak beste Covid-19ak ekarri duen derrigorrezko konfinamenduan hartu duten garrantziaren ondorioz.

Renove Integral programaren onuradun izan ahalko dira gutxienez sei etxebizitzako etxadiak osatzen dituzten bizitegi-eraikinetako jabe-erkidegoak edo gutxienez etxadiaren alde bat eraikita duten eta sei etxebizitza edo gehiago dituzten bizitegi-multzoak. Honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza, besteak beste: fatxaden eta teilatuen isolamendua, galdarak ordeztea, igogailuak jartzea, zero kotako obrak atarietan eta oztopo fisikoak kentzea sarbideetan, beroa berreskuratzeko aireztapen-sistemak ezartzea eta inguratzaile termikoa hobetzea. Jarduketa horiek guztiak batera egin beharko dira obra edo jarduketa berean, eta eraikinaren efizientzia energetikoa gutxienez C kalifikaziora iritsi beharko da, bai CO2 isurketei dagokienez, bai lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoari dagokionez, eta, era berean, bide publikotik etxebizitza bakoitzera iristeko aukera bermatu beharko da, mailak dituzten desnibelak libratu beharrik gabe.

Laguntzak esleitzeko orduan, lehentasuna izango dute birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan dauden birgaitze-proiektuek, edo Ezkerraldeko, Meatzaldeko edo Oarsoaldeko udalerrietan daudenek, bai eta etxebizitza guztien % 50etik gora errentamendu babesturako dituzten higiezinetarako jarduketek ere.

25.000 euro etxebizitzako, gehienez

Birgaitze integraleko proiektuetarako (efizientzia energetikoa, irisgarritasuna, segurtasuna eta kanpo-hobekuntza) dirulaguntza handiena 25.000 eurokoa izango da etxebizitzako, oro har, eta 28.500 eurokoa, aipatutako kasu berezietan. Hala, laguntzaren gehieneko zenbatekoa orain arte esleitutako aurrekontuaren % 60koa zen eta, orain, % 70ekoa eta % 80koa birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan dauden eraikinen kasuan. Kanpoko igogailurik ez zuten eraikinetan igogailua jartzeagatik, laguntza 85.000 eurokoa da gehienez, eta 65.000 eurokoa barruko igogailu bakoitzeko.

Bestalde, kanpo-espazioak (balkoiak edo terrazak) sortzeko edo handitzeko –deialdi honetan berria da–, gehieneko laguntza 5.000 eurokoa da etxebizitzako, oro har, 1.000 eurokoa handitutako metro koadro bakoitzeko.

Deialdi honen izapidetzea % 100 digitala/telematikoa da, eta EHAAn argitaratu eta bi hilabetera arte eskatu ahal izango da.

Urteko deialdi honekin paraleloan, Etxebizitza Sailak, gainera, beren etxebizitzen bizigarritasuna eta irisgarritasuna bereizita hobetuko dituzten eta kontsumo energetikoaren murrizketa ekarriko duten obra eta erreformak sustatzen dituzten partikularrentzako birgaitzerako laguntza-ildoa du, etengabe zabalik dagoena. Era berean, dirulaguntzen programa bat du, udalei eta toki-erakunde txikiei zuzenduta, hiri-ingurunean eta eraikin publikoetan irisgarritasuna bermatuko dituzten planak eta obren betearazpena prestatzeko.

Guztira 730 etxebizitza 2018ko Etxebizitza eta Eraikinen Birgaitze Efizientearen Renove programaren laguntzen onuradun izan ziren, 20 jarduketaren bidez; ekitaldi horrek 6 milioi euro baino gehiago izan zituen (6.175.000). 2019an, 541 etxebizitza izan ziren 24 jarduketatan eta 39 atari onuradunak.

Legealdian zehar, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntza-lerroek 105 milioi euroko inbertsioa eragin dute partikularrentzako eta bizilagunen komunitateentzako etxebizitzak birgaitzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 6a