Ekonomia zirkularrak % 26 murriztuko ditu CO2 emisioak, eta 3.000 enplegu berri sortuko ditu Euskadin, 2030era arte (Gobernu Bilera 2020-01-07)

Argitalpen-data: 

estrategia_economia_circular.jpg
  • Eusko Jaurlaritzak, gaur, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia onetsi du; ondorio positiboak izango ditu, halaber, euskal enpresetan, izan ere, datozen 10 urteotan produktu zirkularretan 10.000 milioi euroko fakturazioa egon daitekeela aurreikusten da 
  • Estrategiak hiru helburu nagusi ezartzen ditu: % 30 handitzea produktibitate materiala; % 30 handitzea material zirkularren erabilera-tasa, eta % 30 murriztea BPGd-aren unitateko hondakinen sorkuntza-tasa 
  • Zabalkundea 4 eremuren eta 10 jarduketa-ildoren inguruan egingo da; haiek datozen 5 urteotarako ekintza-planean sartuko dira, eta, plan horrekin batera, legeria berria, inbertsiorako eta I+G+b jarduerarako laguntzak, kenkari fiskalak eta ezagutzaren transferentzia garatuko dira, besteak beste

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuakEuskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia aurkeztu du gaur Gobernu Bileran; 2030era begira, Euskadi ekonomia zirkularreko eredura igarotzea sustatzeko eginkizuna du, bai eta Europan erreferentziazko eskualde bilakatzekoa ere, eta, aldi berean, “espero du emaitza positiboak lortzea gure lurraldearentzat hiru eremutan: euskal enpresek produktu zirkularragoetan duten fakturazioa areagotzea, 10.000 milioi eurora arte; 3.000 enplegu sortzea ekonomia zirkularraren eremuan, eta % 26 murriztea kontsumoari lotutako karbono-emisioak”.

Arriola sailburuak honako hau azaldu du: “2016an ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatu dituzten produktu eta zerbitzuek eragindako fakturazioa 2.852 milioi eurokoa izan dela kalkulatzen da, eta enpresen fakturazio osoaren % 28 da”. Enpresek eginiko aurreikuspenek ekodiseinatutako produktu edo zerbitzuen salmenten hazkuntza handia erakusten dute, bai termino absolutuetan, bai ehunekoetan, eta 7.250 milioi eurokoak izango dira 2020an. Etorkizuneko aurreikuspenek erakusten dute 2030ean produktuaren, zerbitzuaren edo prozesuaren berrikuntzen ondorioz sortutako 10.000 milioi euroak gaindituko direla; haien bidez, ingurumeneko eragina murriztea lortuko da, produktuaren bizi-zikloan.

Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren aplikazioak, halaber, zuzeneko eragina izango du lanpostuen sorreran. Negozio berrien garapenaren eta egungo enpresen lehiakortasunaren hobekuntzaren bidez, enplegu berriak sortu ahalko dira, bai gaur egun dauden enpresetan, bai eredu-aldaketaren ondorioz sortutako konpainia berrietan.

“Gaur egun, Euskadiko industria-sektorean ekonomia zirkularraren jarduerekin lotura duten 18.463 enplegu daude. Horrek esan nahi du euskal ekonomiako enplegu guztien % 2 baino pixka bat gehiago”, esan du Arriolak. 2030era begira, helburua da zifra hori areagotzen jarraitzea, harik eta 3.000 enplegu berrira iritsi arte.

Hirugarrenik, Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren aplikazioak eragin zuzena izango du berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketan; horiek dira klima-aldaketaren eragileak. “Urtean ia 1 milioi tona CO2 murriztea aurreikusten da, dauden beste estrategiekin batera”, esan du Ingurumen sailburuak; alegia, % 26ko murrizketa. Murrizketa hori hondakinen kudeaketako aldaketek eragingo dute, alegia, hondarren sorkuntzaren beherakadak eta ekonomiara bigarren mailako material gisa berriro sartzeak, eta baliabideen inportazioaren murrizketak.

Helburu estrategikoak

Emaitza horiek lortzeko, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiak hiru helburu estrategiko ezartzen ditu:

  1. % 30 areagotzea produktibitate materiala. Produktibitate materialak aukera ematen du ekonomia materialen hain mendeko ez den ekoizpen- eta kontsumo-eredurantz duen bilakaera neurtzeko. Hala, produktibitate material altuak baliabideen aprobetxamendu efizienteagoa dakar, produktuen balio erantsi handiagoa eta materialen inportazioaren eta erauzketaren mendekotasun txikiagoa. Gaur egun, euskal industriak urtean 21 milioi tona lehengai kontsumitzen du, eta, haietatik, % 77 inportatua da: nagusiki, erregai fosilak, mineral metalikoak, biomasa eta mineral ez-metalikoak. Materialaren produktibitatea aregoatuz, Euskadik hazkuntza ekonomikoa materialen kontsumotik banantzea bilatzen da.
  1. % 30 areagotzea material zirkularraren erabilera-tasa. Material zirkularraren erabilera-tasak aukera ematen du Euskadin birziklatutako materialek materialen eskari osoari egiten dioten ekarpena neurtzeko, eta funtsezko elementua da ekonomiaren zirkulartasuna ebaluatzeko. Tasa hori areagotzeak dakar, inportazioen mendekotasuna murrizteaz edo lehengaien erauzketa murrizteaz ez ezik, beste modu batera hondakindegi batean amaituko luketen hondakinak murriztea ere. Gaur egun, euskal industriak hondakinen guztizkoaren % 72 sortzen du; haietatik, % 42k hondakindegian amaitzen du. Bestalde, emisioak murrizteaz gainera, material zirkularraren erabileraren handitzeak birziklapenaren sektorea eta hondakinak beste ekoizpen-prozesu batzuetan berrerabiltzeko haiek eraldatu eta aprobetxatzeari lotutako enpresen sorrera sustatuko ditu.
  1. % 30 murriztea hondakinen sorrera-tasa BPGd-aren unitateko. Tasa horrek hondakinen sorkuntzaren inguruko jarduera ekonomikoaren intentsitatea adierazten du, eta haren ekoefizientziaren neurria ematen du. Ekonomia zirkularrerako eredu-aldaketaren bidez, hazkuntza ekonomikoa materialen kontsumotik banandu nahi da, eta, horretarako, oso garrantzitsua da, halaber, hazkuntza ekonomiko hori hondakinen sorreratik banantzea. Eskuragarri dauden azken datuen arabera (2016), Euskadin 67 kg hondakin sortu ziren (hondakin mineral nagusiak kanpoan utzita) BPGd-aren 1.000 euro bakoitzeko. 2030erako helburua da zifra hori 47,6 kg-ra jaistea.

Gainera, Estrategiak beste bi helburu ere gehitzen dizkio azken helburu horri, Europako Batzordeak lehenetsitako bi joerarekin lotuta: erdira murriztea elikagaien hondakinak eta plastikozko estalkien % 100 birziklagarriak izatea.

Laguntzarako tresnak

Emaitzak lortzeko, eta hiru helburu estrategikoekin bat etorriz, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia 4 eremuren inguruko (lehiakortasuna eta berrikuntza, ekoizpena, kontsumoa eta hondakinen eta bigarren mailako lehengaien kudeaketa) 10 jarduketa-ildotan zabaltzen da; horiek datozen 5 urteotarako ekintza-plan berezi batean sartzen dira. Ekintza-plan horrekin batera, administrazioak zenbait tresna jarriko ditu abian, eta haiek honako hauekin dute zerikusia: hondakinen joera batzuetarako berezko legegintzaren garapena; inbertsiorako laguntzak, bereziki hondakinen kudeaketako, ekoizpen-efizientziako eta negozio berrietako azpiegituretan; I+G+b jarduerarako laguntzak; kenkari fiskalak; ingurumeneko tasak eta zergak; estandar teknikoen eta metodologien garapena, bigarren mailako materialen erabilerari bide emateko, eta ezagutzaren gaikuntza, sorkuntza eta transferentzia, besteak beste.

“Ibilbide luzea dugu egina, eta Euskadik, gaur egun, leku nabarmena du ekonomiaren ikuspegi zirkularraren garapen aplikatuan, bereziki industriaren eremuan”, esan du Iñaki Arriolak. “Erakutsi dugu ekonomikoki hazi eta materialen kontsumoan murriztu daitekeela. 2000. urtetik, euskal BPGd-a % 26 hazi da, eta materialen kontsumoa % 25 murriztu da, eta hondakindegietan amaitzen duten hiri-hondakinen bolumena % 56 murriztu da”.

Ingurumen sailburuak, halaber, honako hau nabarmendu du: “gure ekonomia materialen kontsumotik eta hondakinen sorkuntzatik banantzen ari da, ekonomia zirkularraren neurriak sustatzen ari baitira”. Eta honako hau ziurtatu du: “gaur aurkeztu dugun 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiak hainbat aukera irekitzen dizkigu eta haiek, ageriko ingurumen-onurak ekartzeaz gainera, aukera emango dute, halaber, ekonomia modernizatu eta eraldatzeko, enpresentzako onura ekonomikoak sortzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko, energia- eta lehengai-aurrezpen handiak lortzeko, hondakinen kudeaketa hobetzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta toki-eremuan lanpostuak sortu eta gizarte-integraziorako aukera berriak sortzeko”.