Cristina Uriartek: "Ager daitezkeen aukera guztiekin ari gara lanean, ikasgeletarako itzulerarako"
2020.eko apirilak 08
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur goizean Radio Euskadin eta ETBn egindako elkarrizketetan azaldu duenez, Hezkuntza Sailak ez du baztertzen, ikasturtea amaitu baino lehen, eskola-jarduera presentzialera itzultzeko aukera. Horretarako, Hezkuntza Saila hainbat aukera posiblerekin ari da lanean, ikasgeletarako itzulera gerta daitekeen une desberdinak aztertuz, -betiere gertaeren garapenaren arabera-, eta itzulera hori nola eman daitekeen aztertuz, gerta litekeen unearen arabera. Uriarte sailburuak azpimarratu du, nolanahi ere, buelta hori osasun irizpideekin gertatuko dela.
Uriartek gogorarazi du, gainera, badirela bereziki kritikoak diren zenbait ikasturte, zikloaren amaiera eta etapa berri baterako jarraibidea direlako, DBHko laugarren maila edo Batxilergoa kasu, goi-mailako hezkuntzarako jauziagatik azken hau.
Horrela bada, Cristina Uriartek adierazi du Hezkuntza Sailak oso argi duela ikasleak ezin direla kaltetuta atera bizitzen ari garen salbuespen-egoera honetatik. Hori dela eta, koronabirusaren erruagatik ikasle bakar batek ere ez duela ikasturtea errepikatuko azaldu du.
Arrakala digitala
Uriartek azaldu duenez, 140 ikastetxe publiko inguruk utzi dizkiete ordenagailuak etxean halako euskarri teknologikorik ez duten familiei. Hezkuntza Premien Indize altua edo oso altua duten ikastetxeak dira. Uriarte sailburuak azaldu duenez, Sailak 2.000 SIM txartel inguru ere eman dizkie familia horiei (414 Ministerioak utzitakoak, eta gainerakoak Sailak emanak, telefonia-operadoreekin lankidetzan), izan ditzaketen konektibitate-gabeziak gainditzeko. Gainera, aurreratu du laster 500 tablet ere jarriko dituztela familien eskura, hainbat fundazio pribaturen laguntzari esker.
Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleei zuzendutako 2020ko Lan Eskaintza Publikoari dagokionez, Hezkuntza sailburuak baieztatu du ekainaren 20rako aurreikusita zegoen lehen proba ezingo dela dagoeneko data horretan egin. Data berriak sindikatuekin aztertuko dituztela adierazi du Uriartek.
Elkarrizketan zehar hizpide izan du Uriartek, atzo arratsaldean egindako bileraren ostean Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek eta Unibasq agentziak adostutako adierazpen bateratua ere. Bertan, besteak beste, urrutiko prestakuntza (online) bultzatzea adostu zen, baina aurrez aurreko jarduera puntuala baztertu gabe. Uriartek azpimarratu du zuzentzen duen sailaren eta unibertsitateen arteko koordinazio handia, elkarlan hori osasun-krisi honetan indartzen ari dela nabarmendu du.
Azkenik, Uriartek eskerrak eman nahi izan dizkie hezkuntzako profesionalei zein familiei, egiten duten lan handiagatik eta osasun larrialdiak eragindako egoera konplexu honen aurrean erakusten ari diren inplikazio izugarriagatik, eta nabarmendu nahi izan du koronabirusaren erruz ikasle bakar batek ere ez duela ikasturtea galduko.