Arriola sailburuak adierazi du Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak funtsezkoak direla bizi garen eraikinen kontserbazioa ziurtatzeko

2020.eko otsailak 24

  • Iñaki Arriolak Euskoregite Euskadiko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak kudeatzeko plataformaren berritasunak aurkeztu ditu
  • Euskoregitek, maiatzaren 1etik aurrera, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren zirkulu osoaren tramitazio elektronikoa hartuko du barnean eta administrazioen arteko elkarreragingarritasuna bermatuko du
  • Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen betetze-maila % 47koa da Euskadin. 288 ikuskapen egin dira eta guztira 75.013 eraikinek egin behar dute azterketa, berrogeita hamar urte baino gehiago duten eraikinak izateagatik

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak gaur gogorarazi duenez, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak dira "bizi garen eraikinen kontserbazio- eta segurtasun-egoera egokia ziurtatzeko daukagun sistemarik egokiena, baita etorkizunean arrisku eta konponketa larriagoei aurrea hartzeko sistemarik egokiena ere".Datorren maiatzaren 1ean abian jarriko diren Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak kudeatzeko Euskoregite atariari gehitu zaizkion berritasunen aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Arriolak. Aurkezpen-ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzako ekitaldi-aretoan egin da, eta bertan izan dira finka-administratzaileen, arkitektoen eta aparejadoreen elkargo profesionaletako ordezkariak, baita Euskadiko udaletako eta hirigintza- eta birgaitze-sozietate publikoetako teknikariak ere.

Atariak agente mota bakoitza sartzeko eremu bereizia izango du. Erabiltzaile guztiek, ataritik bertatik, modu erraz eta intuitiboan, erabili ahal izango dute ikuskapen horiek kudeatzeko informazio-tresna bateratu bat, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren zirkulu osoaren tramitazio elektronikoa erraztuko duena —hala nola txostena idaztea, identifikatutako zuzenketa-prozesua egitea, Eraikina Erabiltzeko eta Mantentzeko Plana jabeen esku jartzea, txostena Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen Erregistroan sartzea eta erregistro horretan dagoen informazio publikoa herritarren eskua jartzea—.

Jabeek, ikuskatzaile teknikoek eta esleitutako udal-langileek uneoro kontsultatu ahal izango dute Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren administrazio-egoera (sinatu den, bidali den, jaso den, argitaratu den), baita Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren beraren egoera ere (epean dagoen, egiteke dagoen, beharrezko esku-hartzeko mailekin aurkeztu den —1., 2., 3. eta 4. mailak—, zati batean edo osorik zuzendu den, iraungita edo zain dagoen, eta abar). Gainera, administrazioen arteko ahalik eta elkarreragingarritasun elektronikorik handiena ahalbidetuko du, eta etengabe eguneratu ahal izango da.

EUSKOREGITE plataforma berria abian jarri arte, eta formulario berrietara ohitu ahal izateko, ikuskapen-txostenak idazteko modulu bat jarriko da teknikarien esku. Era berean, prestakuntza- eta informazio-aldi espezifikoagoa irekiko da inplikatuta dauden eragile guztientzat.

44.891 Ikuskaritza Tekniko 2019ko abenduaren 31rako

2019ko azken hiruhileko txostenaren arabera —abenduaren 31n itxitakoa—, Euskadin 44.891 ikuskaritza tekniko erregistratu dira guztira. Horietako 35.288 dira 50 urte baino gehiago duten eraikinak izateagatik Legeak behartuta ikuskaritza egin behar izan duten eraikinenak.

Oro har, betetze-maila % 47koa da. Izatez, 35.288 ikuskapen egin dira eta guztira 75.013 eraikinek egin behar dute azterketa, berrogeita hamar urte baino gehiagoko eraikinak izateagatik.

Arriolak nabarmendu duenez, “ehuneko txikia ez den arren, ez dugu horrekin konformatu behar”. “Espero dut guztion lan koordinatuarekin gai izango garela herritarrei jakinarazteko eraikinen ikuskapena egitea ez dela Administrazioak ezartzen duen betebehar funsgabea —erantsi du—. Herritarrei ulertarazi behar diegu Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa dela eraikin baten kontserbazio- eta segurtasun-egoera zaintzeko irtenbiderik onena; arazoei aurrea hartzeko eta gerora askoz ere garestiagoak diren esku-hartzeak aurrezteko bermerik onena dela”.

Web-gunea: https://www.euskoregite.com/es/