Juan eta Pablo Otaola beka 2020

  • Juan eta Pablo Otaola beka 2020

  • DataMartxoak 5
  • Gaia Ikusizko arteak

Ekainaren 12ra arte luzatu da proeiktuak aurkezteko epea.

--

Otaola Bekak izena emateko epea ireki du Pariseko Cité Internationale des Artsen lau hilabeteko egonaldia egin nahi duten artistentzat.

Zabalik da epea Juan eta Pablo de Otaola Bekan izena emateko. Beka Otaola familiak finantzatu, eta Basauriko Udalak eta Kultur Basaurik kudeatzen dute, 1990etik, eta bere xedea da arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea. Gaur ireki da deialdian izena emateko epea. EAEn bizi eta Beka jaso nahi duten artistek eskabidea aurkeztu behar dute Basozelai Gizarte Etxean (Basozelai 11, 48970 Basauri), 2020ko maiatzaren 8a baino lehenago.

2018tik, berrikuntza esanguratsu bat du Bekak: Pariseko Cité Internationale des Arts-en lau hilabeteko egonaldia eskaintzen du, artista bekadunak bertan gara dezan deialdira aurkeztutako proiektua. Munduko artista-egoitzarik handiena da Cité. Bi zentro ditu Parisen, eta jatorri eta diziplina guztietako 1.200 artista hartzen ditu urtero. Artisten arteko topaketak eta trukeak sustatzea bilatzen dute, eta, horren bidez, sormena bultzatzea.

Bekaren irabazlea, honako hauek osatutako epaimahaiak hautatuko du: Basauriko alkatea, Kulturako zinegotzia, Iker Serrano (Kultur Basauri), Bénédicte Alliot (Citéko zuzendari nagusia), Petra Joss (Guggenheim Museoko erakusketa-komisarioa) eta Miren Arenzana (Beka jaso zuen lehenengo artista eta Gure Artea Saria 2019). Fernando Nieva (Kultur Basauri) izango da idazkaria.

Irailetik aurrera, artista irabazleak lau hilabete emango ditu Pariseko Cité Internationale des Artsen, eta, egonaldi horretan zehar, egoitza- eta ikasketa-gastuak ordainduta izango ditu. Gainera, 3.600 € emango dizkiote bere kontuetarako.

Egonaldia amaitzen duenean, egindako lanari buruzko memoria (bisuala eta idatzia) aurkeztu beharko du bekadunak. Kultur Basaurik bere lokaletan erakutsi ahal izango du saritutako lana.

Bestalde, irabazleak udalerriko ikastetxe edo kultur etxeetan jarduera artistiko bat egin beharko du (hitzaldiak, tailerrak…), gazteenei arte garaikidea ezagutzera emateko, etorkizuneko publikoa hezteko, balizko publikoarengana hurbiltzeko eta, finean, bestelako kultura-bizipen bat eskaintzeko.

Bekaren edizio berria aurkezteko prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Pablo Otaola familiaren ordezkaria egon dira. Gala Knörr 2019ko irabazleak egindako bideo bat proiektatu dute, non artistak Cité Internationale des Artseko bere egonaldia laburtzen duen eta «bizipen oso baliotsua» izan dela aipatzen duen. «Aukera ematen dizu beste artista batzuekin sinergiak sortzeko eta zure proiektua hazten lagunduko duten adiskideak egiteko», gaineratu du artistak. Bere lana ikusgai egongo da Arizko Dorretxean, 2020ko maiatzaren 8tik ekainaren 7ra bitartean.
Urte hauetan guztietan zehar, 32 artista berrik eskuratu dute arte plastikoen eremuko ospe handiko Otaola Beka.

Informazio gehiago hemen

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri