UPV-EHU-ko Berdintasuneko eta Deustuko emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko masterrek Emakunde saria jaso dute

2019.eko apirilak 16

UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak Masterraren arduradunek, Arantxa Elizondok eta Arantxa Camposek, eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterraren zuzendariak, Raquel Royok, Berdintasunerako Emakunde saria jaso dute gaur Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskuetatik. Emakunde sariko epaimahaiak nabarmendu du gaur egun berdintasun-politiketan lan egiten dutenek, master horien bidez, beren lana goi-mailako prestakuntzarekin bete dezaketela eta beren jardueran beharrezko genero-ikuspegia sar dezaketela. 

Lehendakariak azpimarratu du prestakuntza berdintasun-politiketan aurrera egiteko ezinbestekoa dela. Zentzu honetan, Lehendakariak gogorarazi du gizarteko arazoak konpontzeko, gizartea ulertu eta aztertu behar dela, horretarako, Lehendakariaren ustez, tresnak behar dira eta eskuratzeko beharrezkoa da kalitatezko prestakuntza. “Argi dugu Unibertsitatearen eta prestakuntzaren indar eraldatzailea”, esan du. Lehendakariak adierazi du saritzen diren ikasketa hauei esker, profesionalek genero ikuspegia kontuan izanda hartzen dituztela erabakiak. Gainera, ikasleek jasotako jakintza gizarte berri bat eraikitzeko lan tresna paregabea dela nabarmendu du. Era berean, Lehendakariak esan du bi masterrak Euskadin, eta nazioartean ere, berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu direla.

Bestalde, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, prestakuntzaren efektu eraldatzailea azpimarratu du eta berdintasunaren inguruko prestakuntza espezializatuaren beharra. Honekin batera, Landaidaren ustez, beharrezkoa da hezkuntza eskaintza guztian ere, berdintasuna eta genero ikuspegia zeharka txertatzea.

UPV-EHUko Berdintasunaren masterra 2001ean sortu zen eta, harrezkero, erreferente akademikoa da gaian, eta diziplinarteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala du, ikuspegi feministatik. Bereziki sakontzen du berdintasun-politiketan, eta, horretarako, erakunde-eremuan erabiltzen diren tresnak eta neurri zehatzak ematen ditu ezagutzera. Halaber, erakunde publiko edo pribatuetan berdintasun-agente diren edo izateko aukera edukiko duten ikasleek prestakuntza hobea izateko zeharkako beste gaikuntza batzuk eskaintzen ditu. Gainera, master horren esparruan emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean inplikatuta dauden pertsonen sarea sortu da.

Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterra, 2003tik, erreferente aitzindaria eta paregabea da emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko arloko prestakuntza berezia eskaintzen, gaian dagoen gizarte-eskari handiari erantzuteko.  Hori horrela, honetan ere diziplinarteko ikuspegitik, ikasleei gaikuntza ematen die ikuspegi holistikotik esku-hartzeak diseinatzeko, planifikatzeko, kudeatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko beharrezko gaitasunak berengana ditzaten. Gaian ikerlan aplikatu eta hausnarketa-lan ugari sortu ditu, masterreko amaierako tesinen bidez.

Epaimahaiak, hori guztia kontuan hartuta, honako hau nabarmendu du: batetik, berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko prestakuntza espezializatuaren eta kalitateko prestakuntzaren aldeko apustua. Era berean, master horiek duten eragin biderkatzailea nabarmendu du, izan ere, horrek laguntzen du gaur egun berdintasun-politiketan –bai sektore publikoan, bai pribatuan– lan egiten duten pertsona askoren lanbide-eginkizuna goi-mailako prestakuntzarekin eta prestigioarekin egin ahal izateko eta jardueran behar den genero-ikuspegia txertatzeko. Gainera, bestetik, irakasleen artean eta ikasleen artean ezagutza feministaren eta akademikoaren eremuan aliantzak sortu direla nabarmendu du. Azkenik, bi master horiek Euskaditik kanpora eta Euskadin bertan berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu dira.

Sari honen bidez, epaimahaiak, gainera, aintzatespena egin nahi die, halaber, modu batera edo bestera bi master horietan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsona guztiei, bereziki ikasleei, beren eragin-eremuetan goi-mailako prestakuntza, profesionalizazioa eta kontzientzia duten aldaketa-eragileak izateko prestakuntza hori berenganatzea erabaki dutelako.

Sariaren helburua

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere.

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere.  Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak. 2013an La Posada de los abrazos elkartea, 2014an María de Maeztu Fórum Feminista, 2015ean Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea, 2016an Marta Macho, matematiketan doktorea eta 2017an Virginia Imaz klown eta aktorea.