Tesiker atariak euskarazko doktorego-tesi guztiak biltzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta UEUren arteko lankidetzari esker

DSC_1007.JPG

2019.eko abenduak 12

TESIKER euskarazko doktorego-tesien datu-basea aurpegi berrituta aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UEUk. Besteak beste, bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukera eskaintzen du atari berriak. 550 tesi daude dagoeneko bertan.

 Euskarazko Doktorego Tesien datu-basea (TESIKER) 2007. urtean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzaz. Euskaraz aurkeztutako doktorego-tesi guztiak bildu eta eskuragarri jartzea zen asmoa eta urterik urte edukiz hazten doan datu-basea da. Gaurko aurkezpenean Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak azaldu dutenez, azken datuen arabera, 550 euskarazko tesi lanen erregistroa dago bertan.

Tesi bakoitza bere horretan ekarpen garrantzitsua bada ere, guztiak batera corpus batean biltzeak oraindik garrantzi handiagoa du.

TESIKER-ek UEUk kudeatzen duen INGUMA Euskal komunitate zientifikoaren datu-basean du abiapuntua. Euskal Herriko unibertsitate guztietan edo euskal produkzioa dutenetan (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Paueko eta Bordeleko unibertsitateak) euskaraz aurkeztutako tesien erreferentziak osotasunean biltzen dituen informazio iturri publiko bakarra da INGUMA. Bere helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa (idatzizkoa zein ahozkoa) jasotzea (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz) eta denon eskura jartzea da.

Ildo horri jarraituz, Euskarazko goi mailako ekoizpena sustatzea, Euskal Komunitate Zientifikoa trinkotzea eta Sarea euskarazko goi-mailako edukiekin hornitzea ditu helburu nagusi TESIKER-ek. Hasieran euskarazko doktorego-tesiak euskarri elektronikoan (PDF formatuan) argitaratu eta sareratzea zen asmoa; euskarazko ekoizpenaren sustapenerako eta komunitate zientifikoaren trinkotzerako izan zezakeen garrantziagatik. 1976 urtean lehen euskarazko tesia aurkeztu zenetik aurkeztutako tesi guztiak biltzea, hain zuzen ere.

  1. urtetik aurrera, unibertsitateak tesi lanak beraien gordailu publikoetan argitaratzera behartuta daude eta, beraz, Euskarazko Doktorego Tesien datu-baseak tesi horien esteka atzitu eta tesi lanaren metadatuen bilketa mantentzen du.

 

Gaur egun INGUMA datu-basean 763 tesi lan daude katalogatuta eta horietatik 550 Euskarazko Doktorego Tesien datu-basean eskuratu daitezke. Beraz, euskarazko tesien %70 inguru dago eskuragarri TESIKER-en eta, nahiz eta tesi zaharrenak eskuratzea zailagoa izaten den, helburua ahalik eta gehienak biltzea da. Urtero 50-60 tesi berri sartzen dira bertan.

Oraindik ere, Giza eta Gizarte Zientzien arloko lanak gailentzen direla ikus daiteke, %55,56 direlarik. Hala ere, aipatu beharra dago azken urteetan joera aldatu egin dela. Orokorrean Zientzien adarretako tesiek goraka egin dute, nabarmentzekoa Osasun Zientzietako lanek 2009-2019 urteen tartean %77ko igoera izan dutela 1976-2008 urteetako lan kopuruekin alderatuz.

Doktorego-tesi bakoitzaren inguruko hainbat datu daude Euskarazko Doktorego Tesien datu-basean: Izenburua, egilea, zuzendaria(k), unibertsitatea, fakultatea, saila, Jakintza arloa, SHU, Urtea, ISBN (dagoenean), laburpena (euskaraz, ingelesez), elebidunen ezaugarriak (hizkuntza, orriak) zein esteka pdf dokumentura. Azken aldaketekin, gainera, bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukera izango da.  Egilearen arabera, izenburuaren arabera,  urtearen arabera, deskriptoreen arabera edota unibertsitate zein jakintza arloen arabera, adibidez.

Unibertsitate mailako emaitzak ezagutarazteaz gain, jakintza arlo ezberdinetako ereduak jartzen ditu denen eskura, arlo bakoitzeko ikertzaileei terminologia eskainiz, besteak beste. Ikertzaileentzat bakarrik ez, Tesiker datu-basea erabilgarria da baita ere irakasle eta ikasleentzat; bai eta jakintza-alor desberdinetako aditu euskaldunak bilatzeko ere.

Tesi guztian esteka honetan ikus daitezke: https://www.euskadi.eus/tesiak/