San Josek Etxeko Enpleguari buruzko I. Kongresua inauguratu du
2019.eko urriak 03
Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek gaur eta bihar Bilboko Merkataritza Ganberan egiten ari diren “nondik gatoz, non gaude eta norantz goaz” Etxeko Enpleguari buruzko I. Kongresua inauguratu du.
Kongresuko zuzendari Concepcion Sanzek ere esku hartu duen inaugurazio-ekitaldian, San Jose sailburuak etxeko lanean ari diren pertsonen lan-eskubideak eta -baldintzak hobetzeko eta babesteko beharra azpimarratu du. Halaber, Etxeko Langileentzako Lan Duinari buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 189. Hitzarmena berrestea aurrerapauso handia izango litzatekeela adierazi du. “Hemen gaude, —gaineratu du— etxe-zerbitzuan lan egiten duten pertsonek (gehienak emakumeak) euren eskubideak, lan-baldintzak eta babes soziala lortzeko gure laguntza behar dutela ziur gaudelako. Haiek beharrezkoak baitira bizitza-proiektu integralak edukitzea ahalbidetuko dien lan-bizitza duina edukitzeko”.
Kongresuaren helburu nagusien artean honako hauek daude: alde batetik, ekonomia irregularraren errealitatea analizatzea, baita etxeko lanean “emakume” eta “etorkin” aldagaiek nolako eragina duten ere; eta bestetik, laneko arriskuen prebentzioaren, kontratua iraungitzearen, lanaldiaren, hitzarmen kolektiboaren eta langabezia-prestazioa eskuratzearen inguruan, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko gainerako langileekin eskubide-berdintasuneko formula aldakorrak proposatzea.