Polizia-metodoaren ardatz gisa prebentzioa eta ikerketa azpimarratzen dituen BAIETZ prozesua, Delituen Analisia Ertzaintzan argitalpena aurkeztu da

2019.eko urriak 09

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak polizia-jardunaldi teknikoa inauguratu du

Donostia, 2019ko urriak 9.

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur goizean Polizia Jardunaldi Tekniko bat inauguratu du, eta bertan BAIETZ prozesua, Delituaren Analisia Ertzaintzan argitalpena aurkeztu dute egileek, Ertzaintzako Xabier Landa komisarioak eta Mikel Egimendia delituaren analista kriminalak. Beltrán de Herediak azpimarratu duenez, “berebiziko garrantzia du delituaren analisiak polizia-inteligentziaren oinarrizko elementu gisa segurtasun publikoaren estrategiarako eta taktikarako, argitalpenaren tituluan bertan adierazten den moduan”.

 

Ezagutzaren kudeaketa segurtasun publikoaren kudeaketa estrategikoan” izenburupean, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak adierazi duenez, Ertzaintzak, autogobernuaren oinarrizko zutarrietako bat izanik “aurrera egin behar du eta hobetu egin behar du, gizarteak aurrera jarraitzen baitu eta arazo berriak eta segurtasun-premia berriak dituen gizarte baten zati baikara. Eta hiritarrek, demokraziari buruzko ikuskera anitz, garden eta parte-hartzaile batetik, premia horiei erantzunak ematea eskatzen digute”.

 

Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko buru Jon Ziarsolo superintendenteak aurkeztu ditu argitalpenaren egileak: Xabier Landa, 1982tik 1915 bitartean Ertzaintzako komisarioa izana eta Mikel Egimendia, delituaren analista kriminala.

 

Argitalpenaren egileek BAIETZ prozesua. Segurtasun publikoaren kudeaketa estrategikoa eta taktikoa. Delituaren analisia Ertzaintzan lana aurkeztu dute, helburu duena ezagutza kriminalak bideratutako poliziaren hurbilketa-estrategiaren osagai nagusiak eta lan-esparrua kontzeptualizatzea, bai eta eredua Ertzaintzan modu koherentean ulertzen eta ezartzen laguntzea, delituaren analisiaren zientzian agente bakoitzaren gaitasuna eta konpetentziak hobetzea eta segurtasun publikoaren arloko politikak formulatzeko eta segurtasun-arazoei heltzeko kudeaketa-esparru metodologiko bat ezartzea ere, etorkizun-ikuspegi proaktibo baterantz jo ahal izateko delituen prebentzioa eta delituak gutxitzea sustatzearren.

 

“Lan-metodologia batez ari gara, gure inguruan gertatzen denari buruzko ahalik eta ezagutzarik sakonena izatera bideratutako metodologiaz, segurtasun publikoaren arazoei eta mehatxuei sistematikoki heldu ahal izateko”, adierazi du Xabier Landak.

 

Bestalde, Mikel Egimendiak adierazi du prebentzioaren arloan lan egiteak pertsona, erakunde elkartu eta interes-talde askorekin elkarlanean aritzea esan nahi duela. Horrela, gogora ekarri du azken urteotan lankidetza eta koordinazio akordio ugari sustatu eta izenpetu direla gizarte-eragileekin eta komunitatean duten lidergo-posizioagatik funtsezko eragiletzat hartzen diren taldeekin.

 

“Honakoa da prebentzioaren alde lan egiten duen edozein poliziaren eskakizun nagusia: pertsonen premiak ezagutzea haiek benetan gogobeteko dituen zerbitzu bat diseinatzeko. Aldebiko harremana da. Pertsona horiek euren premiei erantzuna ematen ere parte hartu behar dute. Eta hori funtsezkoa da; izan ere, herritarren alde ez ezik, batez ere, herritarrekin lan egitera behartzen gaitu”, azpimarratu du Egimendiak.

 

BAIETZ prozesua argitaratuta, alde batetik, lan teorikoa eta antolakundean duen garapenaren alderdi praktikoak jakitera eman nahi izan dira, eta, bestetik, jardunbide egokien adibideak eman nahi izan dira, eredua Ertzaintzan garatutako esperientzian oinarrituta inplementatzeko.

 

Azkenik, Inteligentzia Bulego Nagusiko buruak ‘Segurtasuna balio demokratiko gisa’ hitzaldia eman duen Oscar Naranjo Trujillo aurkeztu du, Kolonbiako Polizia Nazionalaren zuzendari nagusi ohia, Kolonbiako Errepublikako presidenteorde ohia, Gatazka osterako, Giza Eskubideetako eta Segurtasuneko Errepublikako Presidentziako ministro kontseilaria eta Kolonbiako Gobernuaren izenean FARCekin ezarritako elkarrizketa-mahaiko negoziatzaile ahalguztiduna dena.