Osasun sailak eta URAk hitzarmen bat sinatu dute kontsumoko eta bainu-lekuetako urak babesteko ekintzak koordinatzeko

Argitalpen-data: 

Osasun Sailak gaur jakinarazi dio Gobernu Kontseiluari Uraren Euskal Agentziarekin (URA) sinatutako hitzarmena giza kontsumoko eta bainulekuetako ur-produkziorako urak babesteko ekintzak koordinatzen direla bermatzeko. Hitzarmen horrek, gainera, ahalbidetu egingo du herritarrei aldianaldian garrantzizko informazioa ematea uren egoerari buruz, bainu-lekuetan kontaminazio-aldiak gertatuz gero. 

Kontsumorako urak babesteari buruzko hitzarmenaren esparruan, hauek dira 2019rako aurreikusitako ekintzak: 

  • Euskadiko ur-bilketen inbentario bakar bat egitea, dagokien koordenatu geografikoekin, bilketa horiek Osasun Sailaren eta URAren espedienteetan dagoen informazioarekin lotzeko aukera emango duena.

  • Bai Osasun Sailak bai URAk batera parte hartuko dute, dagozkien eskumen-eremuak errespetatuz, Euskadiko barne-arroetako ur-bilketen kontrol analitikoko programa bat diseinatzen, burutzen eta ebaluatzen. Uraren Euskal Agentzia arduratuko da laginak hartzeaz eta Osasun Publikoko Laborategia ?Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren menpekoa? lagin horiek analizatzeaz. Emaitzak elkarrekin batera ebaluatuko dituzte eta, uraren kalitatean intzidentziarik gertatuz gero, koordinatu egingo dira bi erakundeen jardunak.

Kontsumitzailearen iturrira ahalik eta kalitate oneneko ura iristea da ekintza horien guztien helburua, sorburutik jardunez, hau da, xede horretarako bildutako uretik hasita.

Bainu-lekuetako urak babesteari dagokionez, errutinazko kontrol analitikoak koordinatuko dira; lan hori jada egiten da Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzatik hondartzetan eta URAtik leku horien eragin-eremuetan. Gainera, azken urteotan kontaminazio-aldi puntualak gertatu izan diren hondartzetako batzuetan azterlan espezifiko bat egingo da, kontaminazio-iturri posibleena, baita hondartzetako eta beren eregin-eremuetako uren analisi mikrobiologikoak eta kimikoak ere, sorburua identifikatzen saiatzeko eta neurriak aplikatzeko, kontaminazio-aldi horiek gutxitze aldera.

Hondartzetako kontaminazio-aldi labur horiei dagokienez, herritarrei informazioa helarazteko modua ere zehaztuko da, bi erakundeen artean eta modu koordinatu batean.

Bai kontsumoko uretan bai bainu-lekuetako uretan, Osasun Sailaren eta URAren informazio-sistemen integrazioan jardungo da, analisi kimikoen eta mikrobiologikoen informazioa eta emaitzak elektronikoki transferitzeko.