Osakidetzaren 2018ko balantzearen aurkezpena

2019.eko urtarrilak 25

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak, gaur, 2018aren balantzea aurkeztu du, Euskal Osasun Zerbitzuak 35 urte bete dituenean. Andoni Arcelay Asistentzia Sanitarioko zuzendaria ere bertan izan da. Osakidetzako zuzendari nagusiak, gainera, prentsaurrekoan itxarote-zerrenden eta atzerapen-denboren datuen berri eman du, eta honako hau esan du: “mantendu egin dira, baina jarduerak gora egin du”. Juan Luis Diegok azpimarratu du gizarteak zein estimu handitan duen Osakidetza; izan ere, azken urte hauetan zerbitzu publiko honek etengabe indartu eta areagotu ditu bere aktibo nagusiak, hau da, profesionalak, baliabideak eta inbertsioa. Osakidetzak bere 35. urteurrena burutu duenean izandako emaitzei esker —zuzendari nagusiaren hitzetan—, etorkizunari ilusioz begira diezaiokegu, eta “akuilu” bat dira, gainera, lanean jarraitzeko Euskal Osasun Zerbitzu kalitate oneko eta hiritarren hurbileko baten alde.

Hauek izan dira amaitu berri den urteko une garrantzitsuenak:

  • Minbizia prebenitzeko programak sendotzea eta, horretarako, Umetoki Lepoko Minbiziaren Biztanleriaren Baheketa Programa ezartzea; programa horrez gainera, badaude beste baheketa-programa bi: bularreko minbiziaren baheketa eta kolon eta ondesteko minbiziarena. Gainera, minbizitik bizirik irteteko tasak igotzeko ahalegina egiteko politiken barruan, nabarmentzekoa da 2018-2023 Plan Onkologikoa abiarazi dela, Onkologikoa Osakidetzari lotzeko akordioa eta Amancio Ortega fundazioarekin hitzarmena sinatu dela –horren bidez bost azeleragailu lineal eta mamografo bat eskuratu dira–.
  • 2020ko Arreta Soziosanitarioaren lehentasun estrategikoen aurkezpena, osasunaren ekitatean aurrera egiten jarraitzeko eta bereziki kolektibo ahulenei arreta ematen jarraitzeko.
  • Pazientearen Segurtasun Estrategiaren onespena; sei ekintza-ildo berri jaso ditu pertsonentzako arriskuak murrizteko.
  • 2020ko Euskadiko Lehen mailako Arretarako Estrategiari buruzko oinarri-dokumentuaren aurkezpena.
  • Eibarko Ospitalea abiaraztea; 75.000 pertsonari arreta emateko gaitasuna du, eta 31 milioi euroko inbertsioa.
  • Urdulizko Ospitaleko bloke kirurgikoa eta ospitalizazio kirurgikorako planta.
  • Galdakaoko Unibertsitate Ospitaleko, Basurtuko eta Gurutzetako hemodinamikako areto berriak.
  • Erakunde sanitario integratuak (ESI) arautzeko dekretuaren onespena, Euskadin zabaldutako asistentzia-antolaketarako eredu berria finkatzeko.
  • Errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna; horren bidez, Osakidetzako osasun-txartela gainerako autonomia-erkidegoetako botiketan erabil daiteke.
  • Biocruceseko eraikin berriaren inaugurazioa, 20 milioi euro inbertitu ziren eta, Bioaraba, Biodonostia eta Kronikgune institutuekin batera, eraikin berria inauguratzean Euskadiko osasun-ikerketako institutuen sarea ixten da.

2018KO OSAKIDETZAREN JARDUERAREN ONDORIOAK

Osakidetzako zuzendari nagusiak, Asistentzia Sanitarioko zuzendariarekin batera, 2018. urteko jarduera laburtzen duten adierazleak aurkeztu ditu. Ondorio nagusien artean honako hauek nabarmendu daitezke:

LAGUNTZA-JARDUERARI BURUZKO ADIERAZLEAK

Osakidetzak, egunero, 94.000 paziente baino gehiagori ematen die arreta; 60.0000ri lehen mailako arretan eta 34.000ri ospitale-arretan. Alegia, urtean 16 milioi kontsulta baino gehiago. Erabiltzaileen % 95etik gorak positiboki baloratzen du asistentziaren kalitatea, eta % 60k baino gehiagok bikain.

2018an eginiko jarduera kirurgiko programatua % 3,7 handiagoa izan da azken urtean. Era berean, % 28ko gorakada egiaztatu da azken bost urteotan, bereziki 65 urtetik gorakoetan, eta programatutako interbentzioen % 50 dira. Osakidetzak lortu du azken urtean % 24,5 areagotzea Konplexutasun Handiko Prozedurak operazio-gelatik kanpo

Ospitaleetako egonaldiak murrizten doaz, pixkanaka, zainketen eraginkortasunean eraginik izan gabe. Ospitale-alta jaso eta hurrengo 30 egunean berriro ospitaleratzeko kasuak baxuak dira eta egonaldiak luzeagoak ziren garaietakoen antzekoak.

Osakidetzak, egunean, 5.287 larrialdiri ematen die arreta. Etengabeko Arretako Guneetan (EAG) hartutako larrialdi-kopuruak lehenengoz gainditu du ospitale-zerbitzuetakoa; horrek esan nahi du EAGak egokiago erabiltzen dituztela herritarrek. EAGetako 100 larrialditatik 92 “in situ” ebazten dira, ospitalera joateko beharrik gabe.

Larrialdi-kopurua % 7,9 areagotu da 2018an; hori dela eta, egunean 1.208 deiri eman zaie arreta eta egunero 507 irteera egin dira anbulantzian.

Osasun mentalean arreta jaso duen paziente-kopurua areagotu egin da % 2,1 azken urtean. Gaixotasun horietan (depresioa, antsietatea…) biztanleriaren zahartzeak eta horiekin lotura duten gaixotasun mentalek ere eragiten dute. Hori dela eta, Osakidetzako Osasun Mentaleko Sareak 2018an milioi bat kontsulta eta prozedura baino gehiago artatu ditu.

C Hepatitisaren programak 2018an 17 milioi eurotik gorako aurrekontua izan du, eta, aurten, 7.103 paziente artatu ditu, eta sendatzea % 97koa izan da.

Odol-emateen bilakaera zaindu behar da. Euskadi autosufizientea da Osakidetzak egunean 345 donazio eskuratzea posible egin duten biztanleak dituelako. 2018an, donazioek gora egin dute, nahiz eta azken urteotan beheranzko joera izan duten. Baina oraindik ez dira lortu 2008ko eguneko 393 donazioak, ez eta 2014ko 351 donazioak ere.

2018an, 64 organo eman dira milioi biztanleko. Tasa hori Osasunaren Mundu Erakundeak bikaintzat ezarritako 40 donazioetatik gorakoa da, eta Estatuko zein Europar Batasuneko beste herrialdeetako batez bestekoa baino handiagoa da argi eta garbi, argitara emandako azken datuen arabera.

Bularreko eta koloneko minbizien detekzio goiztiarrerako baheketa-programen bidez, 659 eta 2.750 kasu detektatu dira, hurrenez hurren. Hori funtsezko gakoa da gaixotasunetik bizirik irteteko; izan ere, oraintsu egin den azterlan baten datuen arabera, koloneko minbiziaren baheketak % 20 handitzen du kaltetuen biziraupenaren ratioa.

2018an onetsitako pazientearen segurtasun-estrategiak eragina du Osakidetzako profesionalek beren eguneroko lanean ezagutzen dituzten gorabeheren berri emateko prebentzioaren garrantzian. Informazio horren bidez, neurri egokiak ezar daitezke, gorabeheren tasa murrizteko.

ITXAROTE-ZERRENDA

2018an Osakidetzako Kirurgiako Itxarote Zerrendan batez besteko atzerapenean egonkortasuna antzematen da; 49,1 egunekoa da, eta pixka bat handiagoa paziente-kopurua, 17.795 guztira, eragile demografikoak eta teknologikoak direla eta; izan ere, horiek direla eta, ebakuntza kirurgikoa behar duen pertsona-kopurua handitzen doa.

Informazioa hiru lurralde historikoetan banatzen badugu, honako hau da emaitza:

  • Araba: murriztu egin da paziente-kopurua eta hobetu batez besteko atzerapena.
  • Gipuzkoa: Egonkortasuna, eta Debagoieneko ESIan murrizketa batez besteko atzerapenean.
  • Bizkaia: Egonkortuta dago batez besteko itxarote-denbora, Uribeko ESIan ezik. Bertan, paziente-kopuruak gorakada izan du ere zerbitzuak irekitzen joan diren neurrian.

Nabarmentzen jarraitzen dute, paziente-kopuruari dagokionez, Traumatologiako eta Oftalmologiako espezialitateek, biztanleriaren zahartzeari dagozkion beharrekin oso lotuta.

Batez besteko atzerapena dela eta, Traumatologia nabarmentzen da, baina hobetu egin da, aurreko ekitaldiaren aldean.

Kanpo Kontsulten Itxarote Zerrendan gorakada moderatua ikusi da paziente-kopuruan eta batez besteko atzerapenean, 33 egunekoa da.

Proba Diagnostikoen Itxarote Zerrendan egonkortasuna antzematen da batez besteko itxarotean eta gorakada moderatua paziente-kopuruan.

Azkenik, itxarote-denbora adierazleei buruzko datuak autonomia-erkidego guztietako baxuenak direla nabarmendu behar da, eta Estatuko batez bestekoaren oso azpitik daudela.

JASANGARRITASUNARI BURUZKO ADIERAZLEAK

Osasun-arloko aurrekontu publikoak, per capita, % 3,7 egin du gora 2018an, eta, 5 urteko eboluzioan, % 9 baino gehiago. Euskadin, horrela, Estatuko batez bestekoa baino % 32 handiagoa da, eta autonomia-mailan per capita aurrekontu publiko altuena du. Osakidetzaren aurrekontua 2018an 2.799 milioi eurokoa izan da, % 2,5 handiagoa. Azken 5 urteotan, % 11,6 hazi da. Aurrekontu horren % 67,6 langileen gastuei dagokie.

Inbertsioetan, 2018an, % 39ko gorakada egon da; 2017an 59 milioi izan ziren eta, 2018an, 82 milioi. Bereziki hazi dira osasun-teknologiako ekipamenduetakoa (% 106ko gorakada), informazio-sistemetakoa (% 72ko gorakada) eta obra berrikoa (%17 handiagoa).

Egitura-plantillan, 2018an, 97 pertsona gehiago dira. Azken 5 urteotan, ikuspegi ebolutiboan, % 3 hazi da (695 pertsona).

Osakidetzak, 2018an, azken urteotako LEP handiena egin du. 3.335 plaza, 86 kategoriatakoak, eta 95.000 hautagai baino gehiagok jo dute deialdi horietara.

Baja duten lan-istripuen kopuruak behera egin du % 16,7, 2015etik.

Emakumea Osakidetzako plantillaren % 78 da. Emakumeen presentzia, azken 5 urteotan, zuzendaritza-postuetan hazi da, batez ere (2014an emakumea % 56 zen eta 2018an, % 60), bai eta osasun-arloko lizentziadunen postuetan ere (2014an % 57 eta 2018an % 62). 2019an, Osakidetzako Berdintasun Plana onestea aurreikusten da.

Osakidetzan euskararen derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten postuak, guztira, 10.368 dira, postu guztien % 38,9, eta, horrela, erakundea hurbildu egiten da 2020rako aurreikusitako % 40ra. Plaza horiek betetzen dituzten pertsonen % 72k hizkuntza-eskakizuna egiaztatu du, eta erakunde osoan 10.368 pertsona daude hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatuta.

BERRIKUNTZARI BURUZKO ADIERAZLEAK

Nabarmentzekoa da herritarrek oso ongi onartzen dituztela Osakidetza ezartzen ari den onlineko zerbitzu berriak. Zerbitzu horiek erosotasun handiagoa dakarte, izan ere, denbora aurrezten da, ez da joan-etorririk egin behar beharrizanik ez badago eta zerbitzu horietara berehala jo daiteke. Horrela, web-hitzorduak bikoiztu egin dira azken 5 urteotan, eta 2018an 2 milioitik gorakoak izan dira. Osasun-karpetak 8.261 erabiltzaile zituen 2014an, eta 53.973 2018an. Eta paziente kronikoen telemonitorizazioak 145 paziente zituen 2014an eta 705 2018an. Azkenik, errezeta elektronikoaren bidez, 35 milioi banaketa egin dira eta, horien artean, 800.000 baino gehiago euskal herritarrek Euskaditik kanpora egin dituzte, funtzionaltasun hori aplikatu den lehen urtean.

Arretaren eta kudeaketaren arloko berrikuntzaren eremuan aholku sanitarioa nabarmendu behar da. 2014an 128.000 dei jaso ziren eta, 2018an, 186.000. Kopuru horretatik, % 80 zuzenean erantzun zituen zerbitzu hori ematen duen erizainen taldeak.

Nabarmentzekoa da Aholku Sanitaroiak egiten dituen segimendu-programa guztietatik aringarriei buruzkoak nabarmentzen direla, ia % 19 areagotu baitira.

I+G+b jarduerak hazkuntza garrantzitsua izan du 2018an; % 3,4 hazi dira abian diren proiektuak. Ikuspegi ebolutibotik, nabarmentzekoa da azken bost urteotan proiektu-kopurua 2,5 aldiz handiagoa dela; 2014an 544 ziren eta, 2018an, 1.732.