Osakidetzak 2019ko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurkeztu du
2019.eko urriak 10
- Astelehenetik aurrera, urriaren 14tik aurrera, 65 urtetik gorakoek, haurdun daudenek eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek txertoa hartu ahalko dute, osasuneko konplikaziorik ez izateko
- Larrialdi eta Etengabeko Arreta Guneen itxarongelek maskaren euskarriak izango dituzte, gripeagatiko kutsadurak eteteko
- Osasun Sailak 1,4 milioi euro inbertitu ditu 400.000 dosi baino gehiago erosten; kopuru hori handitu egin ahalko da, beharrezkoa bada
- Nekane Murga Osasun sailburuak azpimarratu du txertoa “segurua eta eraginkorra” dela, eta gripearen aurrean dagoen “prebentzio-neurri onena” dela
Nekane Murga Osasun sailburuak 2019ko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurkeztu du, Bilbon; astelehenean hasten da, urriaren 14an. Datozen sei asteotan, arriskutzat jotzen diren taldeek txertoa hartu ahalko dute, gripearen ondorioz etor daitezkeen konplikazioak prebenitzeko. Osasun Sailak azpimarratu du txertoa gaixotasun horri aurre egiteko prebentzio-neurri nagusia dela; gaixotasunak urritik apirilera bitartean du indarrik gehien.
Kanpainaren lema “Txertoa jartzeko unea da eta badakizu” da, eta gaur goizean iragarri da, prentsaurreko batean. Prentsaurrekoan Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria eta Enrique Peiró Osakidetzako Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Programen koordinatzailea ere izan dira.
Txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, haiek jotzen baitira arrisku-taldetzat, baina osasun-langileen kasuan ere hartzea gomendatzen da. Txertaketa-kanpainako helburuak, arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gainera, osasun kolektiboa babestea ere bada, oinarrizko prebentzio-neurri errazen bidez, besteak beste: behin erabiltzeko zapiak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea edo eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea.
GRIPEA ETA ONDORIOAK
Gripea gaixotasun infekziosoa da, eta influenzaren birusak eragiten du; hura oso azkar zabaltzen da, kutsakortasun-maila handia baitu. Oro har, izaera kliniko onbera eta automugatua du, biztanleria-talde batzuetan izan ezik, konplikazioak eragin baititzake haietan. Gogorarazi behar da iaz 1.662 pertsona ospitaleratu zirela, eta, haietatik, 435 larri egon zirela. Gainera, 79 pertsona hil ziren.
Osasun sailburuak nabarmendu du txertoa hartzea erantzukizun-ekintza bat dela, eta gaixotasunaren aurrean babesteko modurik onena. “Txertoa hartzea gaur egun dugun prebentzio-neurri seguruena eta eraginkorrena da”, esan du.
Kanpaina honetarako, Osasun Sailak 400.000 dosi baino eskuratu ditu; kopuru hori handitu daiteke, beharrezkoa bada. Horretarako, 1,4 milioi euro inbertituko dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago. Osasunaren Mundu Erakundeak ipar-hemisferiorako ematen dituen gomendioak hartzen dira aintzat:
- A/Brisbane/02/2018 (H1N1)pdm09 anduiaren antzekoa
- A/Kansas/14/2017 (H3N2) anduiaren antzekoa
- B/Colorado/06/2017 (linaje B/Victoria/2/87) anduiaren antzekoa
MARKARAK OSASUN-ZENTROETAN
Nobedade gisa, eta gaixotasunaren transmisioa eteteko, maskara euskarriak egongo dira ospitaleetako Larrialdien eta Etengabeko Arreta Guneen itxarongeletan. Euskarri horiekin batera, informazio-kartela egongo da; horren bidez, biztanleei gogorarazten zaie nolako garrantzia duen eskuetako higieneak eta maskara erabiltzeak, arnasketa sintomarik edukiz gero. Aurrerago, maskara euskarriak osasun-zentroetako itxarongeletan jarriko dira ere.
Kanpaina, komunikabideetara ez ezik, kanpoko euskarrietara ere zabalduko da, besteak beste, markesinetara, osasun-zentroetako fatxadetara eta ospitaleetara, bai eta jende ugari batzen den lekuetan banatuko diren liburuxken bitartez ere; haien bidez, oinarrizko neurri higienikoak eta osasun-baliabideen erabilera arduratsua gogorarazteko mezuak zabalduko dira.
AURREKO KANPAINAKO DATU INTERESGARRIAK
Gogorarazi behar da iaz, 2018ko gripearen aurkako kanpainan, guztira 373.878 dosi eman zirela, zehazki aurreko urtean baino 1.935 txerto gehiago. Haietatik, guztira 285.335 txerto, alegia txertoen % 76, 65 urteko edo gehiagoko adin-taldean eman zen, hau da, % 58ko estaldura izan zuen.
2018KO KANPAINAN EMANDAKO TXERTOAK |
||
Biztanle-taldea |
Txertoak |
Estaldurak |
65 urte edo gehiago |
285.335 |
% 58 |
Haurdun dauden emakumeak |
4.834 |
% 35,3 |
Pertsona instituzionalizatuak (egoitzak) |
18.335 |
% 91,6 |
Osasun-arloko langileak |
8.539 |
% 32,2 |
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Jagoleen Sareak jasotako balantzearen arabera, pasa den denboraldian izan zen birus zirkulatzailea A motakoa izan zen, kanpainan zehar erabilitako txertoan jasotako anduia. Denboraldiko gripe-jarduera erdi mailakoa izan zen, eta intzidentzia handieneko astea 2019ko hirugarren astea izan zen; orduan, 532,5 kasu izan ziren 100.000 biztanleko.
ZAINTZA ETA KONTINGENTZIA-PLANA
Aurten ere zaintza epidemiologiko zorrotza egingo da, eta, horretarako, lau punturen koordinazioan oinarrituko da:
- “Mediku Jagoleen Sarea”, lehen mailako arretako mediku eta pediatrek eratzen dutena; haiek izango dira gripearen kasuen berri emateko arduradunak.
- Erreferentziazko mikrobiologiako laborategiak, diagnostikoak eta anduiak baieztatzeko arduradunak.
- Paziente larrienen segimendua egiten duten ospitaleen informazio-sistemak.
- Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikariak, erregistratutako datuen azterlanaren eta analisi xehatuaren arduradunak.
Era berean, ESIek kontingentzia-plan berezia dute, gripeak ekar dezakeen asistentzia-eskariaren igoerari behin-behinean erantzuteko. “Haren helburua da plangintza bat ezartzea, berehala, modu proportzionatuan eta eraginkortasunez erantzun ahal izateko eskariaren gorakadari”, esan du sailburuak.
Hori horrela, etengabeko koordinazioari eutsiko zaio ESIetako eta Larrialdietako asistentzia-mailen artean; bertan, erakunde guztien ordezkaritza izango duen batzordea izango da buru. Batzorde horrek, egunero, kontsulten barruko eta lehen mailako arretako larrialdietako jardueraren segimendua egingo du, bai eta ospitaleetako larrialdietako jarduerarena eta oheen okupazioarena ere.