Lehendakariak nabarmendu duenez, industria-jarduerak eta enplegu sorrerak joera positiboa eta jarraitua agertzen dute

2019.eko maiatzak 17

  • Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko guztiek Makina-erremintaren arloari egiten dioten ekarpena sendotuko dute

  • Lehendakariak dio 4.0 Industria dela etorkizuna eta, horrek, era digitalean hobeto prestatutako langileak eskatuko dituela

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak lagunduta, Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren eguna-AFMren Batzar Nagusiaren itxiera-ekitaldian parte hartu du.

Orona Fundazioaren Entzunaretoan egin den erakunde-itxiera baino lehen, Jacinto Irazolak eta Manuel Motilvak urrezko intsignia bana jaso dute.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Euskadiko industria-jarduerak gora egin du lehen hiruhilekoan eta igoera horrek bere isla izan du enplegu sorreran. “Joera positiboa eta jarraitua da. Konfiantza dagoelaren seinale”, adierazi du. Lehendakariak aipatu duenez, industriaren arloa funtsezkoa da Herrialde gisa jarritako helburu bikoitza lortu ahal izateko: % 25eko Barne Produktu Gordin Industriala lortzea; eta langabezia % 10etik behera kokatzea. Lehendakariak, ondorioz, bere esker ona adierazi dio Makina-erremintaren arloari, Euskadin aberastasuna lortzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko egiten duen ekarpenagatik.

Lehendakariak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko guztiek Makina-erremintaren arloari egiten dioten ekarpena sendotuko dute. Honela, ondoko helburuak azpimarratu ditu: gertutasuna agertzea enpresari eta ekonomia ekoizlea babestea; erakunde-egonkortasunaren aldeko apustua egitea; Euskadiko ekonomia-ekosistema sendotzea; eta “4 I Plana” (Industria, Inbertsioa, Berritasuna eta Nazioartekotzea) bultzatzea. Lehendakariak kudeaketa-zorroztasuna, egonkortasuna eta enpresarekiko gertutasuna aipatu ditu Eusko Jaurlaritzaren konpromiso gisara.

Urkulluk, jarraian, berrikuntza eta industriaren digitalizazioa aipatu ditu Herrialde mailan dagoen erronken artean, bai eta lanbide-heziketa eta -gaikuntzaren hobekuntza ere. Zentzu horretan, etorkizuna 4.0 Industria dela eta, horrek, era digitalean hobeto prestatutako langileak eskatuko dituela azpimarratu du Lehendakariak. “Fabrikazio Aurreratutik Industria Adimentsurako trantsizioa egiteko unea da hau eta AFM eraldatze-prozesu horren brankako irudia da”, gaineratu du.

Lehendakariak gogoratu du ere Makina-erremintaren euskal arloak krisi ekonomiko latz bat atzean utzi eta nazioartean lehiakor izatera iristeko kapaz izan dela hamar urteko epe motz batean. Zentzu horretan, Urkulluk nabarmendu du kalitatea, berrikuntza eta nazioartekotzea lehiakortasuna lortzeko faktore erabakigarriak direla erakutsi duela Makina-erremintaren arloak. “Industria-politika hitzartzea, publiko-pribatu lankidetza eta Klusterraren bidezko jarduketa faktore horietako beste batzuk dira ere”, gaineratu du. Lorturiko emaitzak, horrenbestez, positiboak direla aipatu du, arlo honen fakturazioak eta bere esportazioek Barne Produktu Gordinak izan zuen igoeraren gainetik hazi baitziren iaz.

Egungo zalantzazko nazioarteko eszenatokiaren aurrean, non pultsio protekzionistak gora egin baituen, merkataritza-gerra berpiztu baiten, Europako ekonomiak moteltze-seinaleak igortzen baitituen eta Brexitak zalantzak sortzen jarraitzen baituen, Lehendakariak nabarmendu du gure Makina-erremintaren arloak lehiatzeko gaitasuna frogatu eta hazten jarraitu ahal izateko sendotasun-adierazleak agertzen dituela.

 Ekitaldiari amaiera emateko, familia argazki bat atera dute Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren 2019ko Egunean parte hartu duten guztiek.

AFM, Advanced Manufacturing Technologies

Makina-erreminta, osagarri, osagai eta Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak Espainian dauden makina-erreminten eta fabrikazio-teknologia aurreratuen enpresen % 90 ordezkatzen du. Hau da, Espainiako fabrikazio aurreratu eta digitalaren interesak ordezkatzen dituen erakundea da AFM. Lau industria-elkarte biltzen ditu, zeinetan 16.500 langileri enplegua eman eta, guztira, 3.000 milioi euro fakturatzen dituzten 500 enpresa baino gehiago sartuta baitauden.

AFMk Donostian du bere egoitza nagusia eta beste egoitza bat dauka Txinan (Tianjin). Bere xedea da nazioartekotzea sustatzea, bai eta elkartuta dituen enpresen teknologia-berrikuntza bultzatzea ere, INVEMA (Makina-erremintaren Ikerketa Fundazioa) bere teknologia-unitatearen bitartez.