Lehendakariak Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresua inauguratu du,  "4. Industria Iraultza:  teknologia, jasangarritasuna eta balioak"

2019.eko ekainak 05

  • Mila aditutik gora, bost kontinenteetako 54 herrialdetatik etorriak, Donostian elkartuko ditu gaur eta bihar Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuak
  • Kongresuak pertsonengan ipiniko du arreta, 4. Industria Iraultzaren giza dimentsioan azpimarra eginez

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketakoa lagun zituela, 2019ko Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresua inauguratu du gaur goizez Donostiako Kursaal Jauregian.

“4. Industria Iraultza: Teknologia, Iraunkortasuna eta Balioak” goiburu hartuta, kongresuak mila aditutik gora batuko ditu bi egunez Donostian, tartean direla Estatuko edo Autonomia Erkidegoetako Lanbide Heziketako politiken arduradunak, ikastetxeetako irakasle nahiz zuzendariak, enpresetako ordezkariak edo nazioarteko erakundeetako arduradunak. Mundu zabaleko bost kontinenteetako 54 herrialdetatik etorririk, bi egunez Donostia Lanbide Heziketaren hiriburu bihurtuko dute.

Irekiera ekitaldian Lehendakariak Euskadiko Lanbide Heziketa Saria eman die euren ibilbide-profesionalean euskal Lanbide Heziketa egun lortu duen erreferentziazko tokiraino eramateko lan egin duten hiru laguni: Iñaki Mujikari, Tknikaren egungo zuzendaria eta aurrez, 2005-2009 urteen artean Lanbide Heziketako sailburuorde izan zenari; Jose Mari Elolari, Tknikaren lehen zuzendari izan zenari, eta beraz, zentro hori abian jarri zuenari; eta Jose Luis Fernandez Maureri, duela gutxi arte Tknikan Nazioarteko arloaren arduradun izan denari (Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa da).

Europako Enplegua, Gizarte Gaiak, Gaitasunak eta Lan Mugikortasunaren komisario Marianne Thysen-ek ere Kursaalera bere mezua helarazi nahi izan du gaur, bertan proiektatu den bideo baten bidez. Thysen komisariak euskal Lanbide Heziketa goraipatu du, Euskadiko ereduaren izaera aitzindaria aitortuz. “Euskadiko ereduan inspirazioa hartuta, bikaintasun profesionaleko zentroak inauguratu ditugu (Europan), eskualdeen hazkundea, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko”. Europako enpresa askok langile kualifikatuak –eta egun beharrezko diren gaitasunak dituztenak- aurkitzeko dituzten zailtasunak ere hizpide izan ditu komisarioak. Egoera horren aurrean, eta Lanbide Heziketaren eredu malgu bat garatzeko beharra ikusirik, berriro ere euskal eredua ipini du adibide, “garapen teknologiko eta sozial azkar horretara egokitu ahal izateko”, esan du. “Bere inguruan gertatzen ari diren aldaketetara hobeto egokituko den sistema behar dugu, eta gazteen gustuko aukera izango dena; Euskadin dagoena bezalakoa, munduan den onenetako bat, eta Europan askorentzat inspirazio iturri dena”.

Thysen komisarioaren mezuaren ondotik, Europako Batzordeko Enplegu eta Gaitasunetako zuzendari nagusi Manuela Geleng-ek hartu du hitza. Berau da kongresu honetan Europako Batzordearen ordezkarietako bat. “Skills for competitiveness and innovation” hitzaldian, eta aurrez komisariak agerturiko argudioei jarraiki, Geleng-ek egun Europako Batzordea garatzen eta bultzatzen ari den lan ildo nagusiak azaldu ditu, betiere gaitasun profesionalen arloan. 

Giza dimentsioa

Nazioarteko Kongresu honetan batez ere 4. Industria Iraultzaren giza dimentsioan sakonduko da. Txostenek eta hitzaldiek gizakiaren garrantzia azpimarratuko dute, eta baita teknologia, robotizazioa, sistema adimendunak nahiz adimen artifiziala nagusi izango diren gero eta etorkizun hurbilagoan gizakiak berak landu behar dituen balioak ere. Kongresuak fokua pertsonengan eta hauek prestatzeko moduan jarriko du, gizartearen ongizatearen eta aurrerabidearen aurrean teknologia elementu osagarri bihur dadin. Hau da, nola prestatu behar dugun protagonista pertsona izan dadin, eta teknologia berriz, hobeto bizitzen lagunduko digun adiskidea izan dadin.

Gaur goizean lehen hizlarietako bat Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalo izan da. “El desafío de la compejidad" izenburupean, Arevalok azaldu du konplexutasuna kudeatzeak zer suposatzen duen eta Lanbide Heziketako Euskadiko ikastetxeak nola hari diren konplexutasunaren erronkari aurre egiten, teknologia eta sistema adimendunen testuinguru horretan: zein helburu finkatu behar diren eta, bereziki, zein metodologia eta antolakuntza-eredu berriekin egiten dioten aurre.

Ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adimen Artifizial eta Konputazioko Zientziako katedradun Humberto Bustincek hartu du hitza, “La inteligencia artificial y su proyección a 2025” izenburua daraman hitzaldiaren bitartez, honako gaiak jorratzeko: datozen bost edo sei urteetan adimen artifizialak ezagutuko duen garapena, eta adimen artifizial horrek pertsona guztien bizitzaren gero eta esparru arruntagoetan izango dituen aplikazio praktikoak. Ana Lopez de San Roman aholkulari estrategikoak ere gai horri helduko dio bere hitzaldian. Ingurune adimendunetako giza dimentsioaz arituko da, eta gizakiak ingurune horretan landu behar dituen balioek duten garrantzia aztertuko du, 4.0 deitutako balioak

Iraunkortasuna

Bi egunetan guztira 18 hitzaldi —Europako, Ameriketako eta Ozeaniako adituek garatuak— biltzen dituen programaren barruan iraunkortasunaren gaia izango da kongresu honetako saioen beste ardatz nagusietako bat. Kasu honetan ere garrantzia eta protagonismoa pertsonei eta euren ongizateari emango zaie.

Iraunkortasunari buruzko (Tknikako —Lanbide Heziketari aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa— arduradunek emango dute) edo ekonomia zirkularrari buruzko (Ecoalf —itsasotik bildutako arrantza-sareekin arropa, oinetakoak eta osagarriak egiten ditu— enpresak emango du) hitzaldiez gain, Kursaalen egingo den kongresuaren bigarren jardunaldian pertsonen egunerokotasunean etorkizun hurbilean garrantzi handia izango duten gaiak jorratuko dira.

Horren harira honako hitzaldi hauek azpimarratu behar dira: Vicomtech enpresako Eduardo Carrascoren “Salud 4.0. Envejecimiento saludable” izenburua daraman hitzaldia —bertan, teknologiak gizarte zahartu batean eman dezaken laguntza jorratuko du—; edo Stephany Laguna zirujau torazikoak “Impresión de biomodelos” izenburupean emango duen hitzaldia —biomodeloak 3Dn inprimatzeari esker kirurgian gertatzen ari diren aurrerapausoak azalduko ditu—. Zibersegurtasuna eta informatikako delituak, 4.0 Gastronomia edo biki digitala izenekoaren gero eta esperientzia zabalduagoa izango dira biharko jardunaldian sakonduko diren beste gai batzuk.

Euskelec, auto elektrikoen txapelketa

Egunotan Donostian izango den Nazioarteko Kongresuarekin bat eginez, Lanbide Heziketako ikasleek diseinatu eta eraikitako auto elektrikoen txapelketa ari da burutzen, Saguesen. Euskelec txapelketaren bigarren edizio honetan Lanbide Heziketako 200 ikasletik gora ari dira parte hartzen, 16 ikastetxetakoak, nor bere prototipoarekin.

Taldeetako bakoitzak joan zen maiatzaren 29an Zornotzako AIC-Automotiveren egoitzan, epaile profesionalen aurrean, proiektua aurkeztu eta defendatu ondoren, gaur proba dinamikoak izango dituzte, eraiki dituzten ibilgailuak ebaluatu ahal izateko. Saguesen berariaz probarako prestaturiko zirkuituan, eta goiz eta arratsaldeko saioetan, honako proba hauek gainditu beharko dituzte ibilgailuek: eslaloma, azelerazioa, gehieneko balaztatzea eta erresistentzia. Gainera, kongresuaren arratsaldeko saioak hasi baino lehen, aurten Euskelec txapelketan parte hartzen duten 16 ibilgailu elektrikoak Kursaalera hurbilduko dituzte, bertako atarian erakusteko. 

Euskelec txapelketak, nolanahi ere, etorkizuneko teknikariak egungo eta etorkizuneko automobil elektrikoen parkean prestatzeko asmoari erantzuten dio. Eskala txikian, parte-hartzaileek edozein marka konbentzionaletako auto elektriko baten osagai berak dituen ibilgailu batean lan egiten dute. Proiektu horren bidez, halaber, ikasleen zeharkako gaitasunak sustatzen dira, hala nola arazoak diagnostikatu eta konpontzeko gaitasuna, ekimen-espiritua, malgutasuna eta baterako ikuspegia.