Jaurlaritzak onartu eta legebiltzarrera bidali du Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-leku edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko Lege-proiektua (Gobernu Bilera 2019-06-25)
2019.eko ekainak 25
- Kultu-zentroak irekitzeko eta erabiltzeko arauketa-esparrua ematen du, erlijio-askatasunerako oinarrizko eskubidea bermatzeko
- Proiektuak EAEko Erlijioen arteko Kontseilua sortzea ere aurreikusten du, elkarbizitzari begira erlijioen arteko elkarrizketarako lehentasunezko esparrua izateko
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Kultu-Leku edo Zentroei eta Erlijio Aniztasunari buruzko lege-proiektua, gure gizartean elkarbizitza, aniztasuna eta erlijio-askatasunerako eskubidea babesteko.
Lege-proiektua osatzen duten artikuluen bitartez, kultu-zentroak irekitzeko eta erabiltzeko esparrua arautzen da, eta horrekin pertsonen eta elizen, konfesioen eta erlijio-elkarteen erlijio-askatasunerako oinarrizko eskubidea bermatu nahi da; hori guztia euren artean inolako diskriminaziorik izan ez dadin.
Era berean, gure gizarteko erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboa egiteko elkarrizketa eta akordio mekanismoak sortzea ere arautu nahi izan da. Helburu horrekin, EAEko Erlijioen arteko Kontseilua sortzea arautzen da, elkarbizitzari begira, erlijioen arteko elkarrizketarako lehentasunezko esparrua izateko. Kontseiluaren eginbeharrak izango dira aholkularitza eta informazioa ematea euskal erakundeek hartzen dituzten eta erlijio- eta kultu-askatasuna gauzatzean eragina izan dezaketen ekimenetan eta erabakietan.
Euskadiko Erlijioen arteko Kontseilua Euskadin erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboa dinamizatzeko eragilea izateko sortu da. Erakundea, erlijio-konfesioak, erakunde akademikoak eta gizarte zibileko antolakundeak elkartzeko gunea izango da. Azken batean, elkarrizketarako eta akordiorako foro bat izango da, eta bertan gure gizartearen aniztasuna babesteko eta sustatzeko koherenteak diren jarduketak proposatuko eta diagnostikoak partekatuko dira.
Antolamendu juridiko demokratiko guztiek, bai eta Giza Eskubideen Nazioarteko Araubideak ere, pertsona orok duen erlijio- eta kultu-askatasuna aitortzen dute, oinarrizko eskubidetzat hartuta eta berme juridiko handienarekin. Europa mailan, berriz, babes hori Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 9. artikuluan eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 10. eta 22. artikuluetan dago jasota.
Erlijio-askatasuna 1978ko Konstituzioaren 16. artikuluan ere aitortzen da, eta Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoaren bidez garatu da. Lege honen bigarren artikuluan bermatzen da elizek, konfesioek eta erlijio-elkarteek duten eskubidea helburu erlijiosoekin elkartzeko edo kulturako lekuak izateko, oinarrizko eskubide horren berezko ezaugarri gisa.
Euskal gizartean, Europako beste gizarte garatu batzuetan bezala, erlijio-aniztasuna gero eta handiagoa da, eta fenomeno hori, segur aski, behin betikoa eta itzulezina izango da.
Erlijio-askatasuna erabiltzearen adierazpen publiko, zehatz eta agerikoena, hain zuzen ere, tokian tokiko gizarte- eta erlijio-errealitate bakoitzaren arabera, erlijio-aniztasunari erantzungo dioten kulturako lekuak eta zentroak izateko aukera da.
Alde horretatik, lege-proiektu honetan ezartzen da udalen hirigintza-antolamenduko planetan erlijio-erabileretarako ekipamenduetara bideratutako lurzoru-erreserbak aurreikusi behar dituztela, bertako lurzoru-erabilgarritasunaren arabera.
Horrez gainera, hirigintza-lizentziei, kultu-zentroak irekitzeko komunikazioei buruzko arauak, bestelako jarduera-baimenak, kultu-zentroek eta -lekuek nahitaez bete beharreko baldintza teknikoak eta materialak, bestelako jarduera-baimenak eta irekitzeko baldintzak ez betetzearen kontrako neurriak ere zehazten dira.
Bestalde, titulartasun publikoko ekipamendu edo guneak noizean behin erlijio-xedeetarako erabiltzea ere arautzen da, eta, alde horretatik, udalek konfesio batek baino gehiagok erabiltzeko leku, lokal edo eraikinak izateko aukera ere jasotzen da.
Lau printzipio
Lau printzipio daude lege-proiektuaren edukiaren oinarrian:
a) Erlijio- eta kultu-askatasuna erabiltzeko bermea ematea.
b) Euskal gizartean dauden erlijio-elkarte eta -konfesioen artean tratu-berdintasuna bermatzea.
c) Segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzarik onenak bermatzea eta ezartzea kultuko eta beste erlijio-erabilera batzuetarako guneak irekitzeko eta erabiltzeko orduan.
d) Konfesioek eta erlijio-elkarteek erlijio- eta kultu-askatasunaz baliatzeko lekuak edukitzeko duten eskubidea.
Arauaren helburuetako bat bereizkeria saihestea da. Horretarako, proiektuak zuzeneko eta zeharkako bereizkeria zehazten ditu:
a) Zuzeneko bereizkeria gertatzen da eliza, erlijio-konfesio edo erlijio-elkarte batek, kultu-leku bat irekitzearekin eta horren funtzionamenduarekin lotutako alderdiren batean tratu desberdina jasotzen duenean.
b) Zeharkako bereizkeria gertatzen da udalaren hirigintza-antolamenduko plan batek, lizentzia edo emakida batek desabantaila berezi bat eragiten dionean konfesio bati beste batzuen aldean.
Laburbilduta, lege-proiektu honen bidez erantzun arauemaile koherentea, bideragarria eta indarrean dagoen antolamenduaren printzipioekin bete-betean bat datorrena eman nahi zaio estu-estu oinarrizko eskubide bati lotuta dagoen errealitate sozial berri horri.