Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Mugikortasun Jasangarriaren Legearen Proiektuari, eta Eusko Legebiltzarrari helarazi dio, onar dezan (Gobernu Bilera 2019-12-03)
2019.eko abenduak 03
Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak landutako Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legearen Proiektuari. Horren ondorioz, fase berri bat hasiko da, eta testua Legebiltzarrari igorriko zaio, hark onar dezan.
Mugikortasun jasangarria ibilgailu pribatuaren erabilera masiboak eragindako eta petrolioaren deribatuen errekuntzaren erabilerak bultzatutako gizarte- eta ingurumen-arazoei erantzuteko premiaren ondorioz sortu den kontzeptua da. Euskadik ez du zerotik hasi behar, baina egungo ereduaren kostu sozialak, ingurumen-kostuak eta kostu ekonomikoak murrizten eta jasangarritasunean oinarrituta egongo den mugikortasun baterantz aurrera egiten lagunduko duten alternatibak aurkitu behar ditu.
Ildo horretan, Proiektua hainbat agente sektorialekin eta hainbat administrazio-mailarekin eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) koordinaziopean lantzeko eta kontrastatzeko fasea osatu da, eta seguruenik etorkizuneko mugikortasun-eredu modernoagoaren eta efizienteagoaren inplementazioan jauzi kualitatibo bat ematen eraginkortasunik handienarekin lagunduko duen tresna izango denaren (hots, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legearen) legebiltzar-prozesua hasi da.
Horrela, beraz, garraioaren efizientzia optimizatzeko pentsatutako plangintza integratu eta multimodal bat lantzen ari da, honako printzipio hauekin:
- Eskubide indibidualak eta kolektiboak: erabiltzaileentzako garraio-sistema integratu, efiziente, seguru eta inklusibo bat behar da.
- Kostu sozial eta ingurumen-kostu txikiagoa izango duten eta klima-aldaketari aurre egingo dioten garraiobideen lehentasuna. Garraio publiko eta kolektiboaren eta inpakturik gabeko beste modu batzuen (bizikleta, ibiltzea eta abar) sustapena, pertsonen osasuna babesteko baliabideak diren heinean.
- Teknologia berrien eta berrikuntzaren aplikazioa garraio- eta azpiegitura-zerbitzuan. Gizarte-interesaren defentsa, gutxien kutsatzen duten garraio publikoen efizientziaren bidez.
5 helburu ditu:
- Sistema integratu, koordinatu eta bikoiztasunik gabeko bat sortzea.
- Administrazioen arteko harremanetarako eta egitura-plangintzarako sistema bat egituratzea.
- Emisiorik gabeko garraio publiko kolektiboari lehentasuna ematea.
- Trenbide-sarea garraio-eskaintzaren egitura-ardatz gisa bultzatzea, eta errepide bidezko garraioa, berriz, osagarri gisa.
- Konektibitatearen bidez lurralde-oreka eta sare ekonomikoaren lehiakortasuna bultzatzea.
Mugikortasun jasangarriko planak
Arestian deskribatu ditugun eta mugikortasun jasangarriaren eredu bat lortzera bideratuta dauden helburuak eta printzipioak biltzen dituzten tresnak dira, estrategien, jarraibideen, ekintzen edo jarduteko alternatiben plangintza barne. 3 jarduketa-maila finkatu dira:
- Euskadiko Mugikortasun eta Garraio Jasangarrirako Plana: koordinazio eta integrazio intermodalean oinarritutako garraio-politika bat eta Euskadi osoko administrazio-koordinaziorako irizpideak ezartzeko esparru estrategikoa da.
- Lurralde historikoetako mugikortasun jasangarrirako planak: ezarritako printzipioak eta helburuak garatzen dituzte beren esparru geografikoan.
- Hiri-mugikortasun jasangarrirako planak: udal-jardueraren plangintza egiteko tresnak dira. 5.000 biztanletik gorako udalerriek onartu beharko dituzte. Gainera, 20.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan, udalerriko mugikortasunaren diagnostikoa eta bilakaera, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnak bilduko ditu Planak (era progresiboan, 2021. urtetik aurrera).
Jarraipena egiteko tresnak
Proiektuak ebaluazio- eta jarraipen-adierazleak biltzen ditu.
Mugikortasun-plan guztiek (Euskadikoek, lurralde-planek, hiri-planek eta bizikleta-bideen planek) ondorengo adierazle neurgarriak bildu beharko dituzte, Europar Batasunean finkatutako estandarretan oinarrituta. Berotegi-efektuko gasen emisioak.
- Ingurumen- eta lurralde-inpaktua.
- Bide-segurtasuna.
- Osasunaren gaineko inpaktua.
- Planaren inpaktu ekonomikoa, eta kostuak finantzatzeko sistemak.
- Zerbitzuen kalitatea eta efizientzia.
- Garraioaren kostu sozialen neurketa plangintza-esparruan.
Bestalde, EGAk Euskadiko Mugikortasun Jasangarriari buruzko Txostena landuko du urtean behin, eta, bertan, garraio publikoko sistemen finantzaketa-iturriak eta kostuak aztertuko ditu, baita gizarte- eta ingurumen-ondorio positiboak eta negatiboak ere.
Mugikortasun jasangarrian eragina duten azpiegituren plangintza egiteko prozeduran, administrazio sustatzaileak honako hauek ebaluatuko ditu:
- azpiegitura horiek beren bizitza erabilgarri osoan duten inpaktua, garraio-zerbitzu berrien eskaintzaren eta gizarte-eskariaren ikuspegitik.
- mugikortasun jasangarrian duten eragina eta mugikortasun jasangarriri egiten dioten ekarpena.
- azterketa ekonomiko-finantzarioa.
- Euskadiko garraio publikoaren sistema osoan lortutako integrazio funtzionala.
Emaitzazko ebaluazioa planaren espedientearen parte izango da, eta haren premia eta jasangarritasuna adieraziko du, kostu sozialen, kostu ekonomikoen eta ingurumen-kostuen ikuspegitik.
Mugikortasunaren kudeaketa
Garraioaren Lurralde Agintaritza bakoitzak, sortutako tresnari jarraikiz eta kudeaketa-sistema operatiboen arduraduna den neurrian, erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifak proposatuko ditu. Nolanahi ere, EAEk eta EGAk tarifa-sistema bakar eta integratu bat sustatuko dute, Legean ezarritakoari jarraikiz.
Zerbitzu-planak: garraio-zerbitzuen eskaintzaren programazioa administrazio eskudunak egingo du aplikatu beharreko araudi sektorialari jarraikiz, eta honako alderdi hauek bildu beharko ditu:
- Eremu geografikoaren eta, hala badagokio, eremu bakoitzeko zonen zehaztapena.
- Egungo beste zerbitzu batzuekin koordinatzeko eta osatzeko irizpideak, eta beste zerbitzu batzuen eskaintzarik ez dagoela aztertzea.
- Garraio-moduen arteko intermodalitate-puntuen finkapena, kudeaketa-ereduaren azalpena, ustiapen ekonomikoa eta planifikatutako zerbitzuen tarifak.