Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 45,2 milioi euro konprometitu dituzte Lurralde Historikoko saneamendua hobetzeko

Argitalpen-data: 

Iñaki Arriola jardunaldian

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensio gaur goizean bildu dira URA – Uraren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lortu duten akordioaren xehetasunak amaitzeko, aurten hasita 2027ra arte saneamenduaren arloan Lurraldean dauden premiei ekiteko.

Bi erakundeen konpromisoak laster jasoko dira Esparru Akordio bat sinatzean, non partaide diren baita ere Gipuzkoan uraren arloan erantzukizuna duten erakunde guztiak: URA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Añarbeko Urak, Txingudiko Zerbitzuak eta Gipuzkoako Ur Partzuergoa, Donostiako eta Pasaiako udalez gain. Esparru Akordioaren helburua da saneamenduaren arloan dauden konpromisoak berrikustea eta eguneratzea, orain indarrean dagoen araudiaren arabera eta datozen ekitaldietarako izango den erabilgarritasun ekonomiko errealistaren zenbatespenean oinarrituta. Hala, 61 milioi euroko guztizko inbertsioa aurreikusten da.

Ingurumenaren arloko Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek bi erakundeak konprometituko dituzten lanak eta interbentzioak aztertu dituzte, baita bideratuko dituzten inbertsioak ere (45,2 milioi euro). Zehazki, URA – Uraren Euskal Agentziak guztira 32,5 milioi euro bideratuko ditu eta Foru Aldundiak 12,7 milioi euro.

Aurreikusitako ekintzen hedadura eta aurrekontuetan eskatuko duen ahalegina kontuan hartuta, akordioak lanen hierarkizazio bat biltzen du, denboran bi horizonte ezartzen dituena (orain-2021 eta 2021-2027).

Lehenengo denbora-horizonteak, 2021era artekoak, populazioan eta ur-ingurunean inpaktu handiena izango duten inbertsioak biltzen ditu, eta eremu urbanoenetan kontzentratzen dira.

Lehen fase horretan burutuko dira Pasaiako saneamendua eta Donostiako Anoetakoaren lehen fasea, baita Mijoakoak Mutrikun, Txingurriko erretena, Antzuola, Oikia, Zelai, Aginaga ( I. eta II. faseak), Hondarribia, Sargia (Irun) eta Elgeta.

URAk beregain hartuko du Mijoa, Elgeta eta Antzuolako finantzaketaren % 100a, Zelaiako saneamenduaren % 75, Aginagako saneamenduaren I. eta II. faseen % 60, Txingurriko erretenaren % 50, Oikiako saneamenduaren eta Anoetako lehenengo faseen % 34 eta Hondarribiko ibarreko saneamenduaren (I. eta II. ), Sargiako saneamenduaren eta Pasaiakoaren % 25.

Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondoko obrak finantzatuko ditu lehenengo horizonte horretan: Anoetako eta Oikiako ibarreko saneamenduko I. fasearen % 33, Hondarribiko ibarreko saneamenduaren (I. eta II.), Sargiako saneamenduaren eta Pasaiakoaren % 25 eta Zelaiko saneamenduaren % 25.

Bigarren faseak leku hauetako jarduketak biltzen ditu: Ziako, Mendaro, Anoeta (II. fasea), Aginaga (III. fasea), Errezil eta Aizarnazabal.

Aurretik adierazi bezala, Esparru Akordioa laster sinatuko dute agente guztiek eta bertan zehaztuko dira erakunde bakoitzaren partaidetza-portzentajeak, baita haien inplikazioa ere obren exekuzioan.

Arriola sailburuak nabarmendu duenez, saneamenduaren arloan erakunde eskumendunak udalak badira ere, “bai URA bai Aldundia jabetzen gara haiek laguntzeari ekin behar diogula, eta modu koordinatu batean jardun eta guztion artean lankidetzan aritu behar dugula gure ibaietan oraindik dauden kutsadura-fokuei azkena emateko. Eta gaineratu du esanez“zentzu horretan erabatekoak dira URAren eta Aldundiaren ahalegina eta konpromisoa”.

Gainera, Gipuzkoako hiru ur-partzuergoen lanak duen garrantzia nabarmendu du esan duenean “gure iritziz beren zerbitzuen kudeaketa profesionala eta eraginkorra egiten ari dira legeen eta zuzentarauen oso testuinguru aldakor batean, gero eta eskakizun handiagokoa dela kontuan hartuta”. Eta udalerriak animatu ditu uraren kudeaketa erakunde horiei eskuordetzera, uraren zikloaren kudeaketa integral bat lortze aldera.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak adierazi du hartutako konpromisoa Gipuzkoako uren hornikuntza eta saneamendua hobetzeko “behin betiko” bultzada dela: “Gure ibaibideen ingurumen hobekuntza eta kudeaketa iraunkorragoa bermatzen du”. Halaber, inbertsioaren garrantzia eta Mijoa zein Pasaiako guneetako gabezia historikoak “konpontzeko bidea eraikitzen” ari direla nabarmendu nahi izan ditu.