Eusko Jaurlaritzak eginiko txosten batek adingabeekiko indarkeriaren konplexutasuna aztertu eta hura detektatzeko tresna bat proposatzen du

2019.eko abenduak 02

  • EDE Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarentzat egina
  • Euskal Autonomia Erkidegoan ume eta nerabeenganako ustezko indarkeria aztertzen du
  • Eusko Jaurlaritzak aginduta Agintzarik prestatutako kontrol-test –screeninga– baten bidez, adingabeenganako sexu-abusuen susmoak detektatu ahalko dira

VG 02 12 19

Euskal Autonomia Erkidegoko ume eta nerabeenganako indarkeriari buruzko azterlana egin du EDE Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarentzat. Azterlanak adingabeenganako indarkeriaren konplexutasuna aztertzen du, eta haren analisian garrantzitsuena kasuen detekzio egokia dela irizten du. Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Europako Kontseiluaren gomendioari jarraikiz, kontrol-tresna bat du screeninga–, Agintzarik prestatu duena, haurrekin ohiko harremana duten profesional guztiek sexu-esplotazioari eta -abusuari buruzko ezagutza egokiak, haiek detektatzeko baliabideak eta zerbitzu arduradunei haien berri emateko kanal egokiak izan ditzaten.

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, Ainara Canto EDE Fundazioko ikerketa-arduradunak eta Rosa Lizarraga Agintzariko psikologoak eta haur-psikoterapeutak, gaur goizean, Lakuan, Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeenganako indarkeriari buruzko azterlanaren datuak aurkeztu dituzte, bai eta adingabeenganako sexu-abusuaren susmoak detektatu ahal izateko tresna ere.

“Ez daude sexu-abusuaren jokabide-adierazle espezifikoak eta bakarrak. Adierazleek beti adierazten digute umeak edo nerabeak zailtasunen bat duela, eta zein izan daitekeen identifikatzen lagun diezagukete. Tratu txar mota baten adierazleak ez dira espezifikoak, eta tratu txarraren zenbait modutan gerta daitezke edo beste arazo batekin egon daitezke lotuta. Behar horri erantzuteko, garrantzitsua iruditu zaigu adierazleen inguruan dakiguna hautatzeko eta antolatzeko lana egitea, screening-eko tresna xumea sortzeko, detekzioaz arduratzen direnek erreferentzia eta gida bat izan dezaten ikusi dutena kalifikatzeko”, esan du Lide Amilibiak.

Horretarako, 50 adierazle baliagarrienak hautatu dituzte, eta honako ezaugarri hauen arabera multzokatu dira: ezaugarri bereziak, ezaugarri fisiko inespezifikoak, umearen jokabide-ezaugarriak, nerabearen jokabide-ezaugarriak eta haien zaintzailearen jokabide-ezaugarri inespezifikoak. “50 adierazle horien bidez, haurren sexu-abusuaren susmo oinarritua araka daiteke. Hura erabiltzean, ez da zantzurik uzten eta, beraz, ez dago jakiterik tresna nork erabili duen, ez eta web-orrian egiten den kontsultaren xede den ume edo nerabea nor den ere; izan ere, ez dira identifikazio pertsonaleko datuak erregistratzen”, azpimarratu du sailburuordeak.

Web-orriaren bidez egiten den screeninga erabiltzean, kontsultan adierazitako adierazleen haztapenak aukera ematen du haurren sexu-abusuaren susmo oinarrituari buruzko tarteak ateratzeko eta horrek ondoko jarduketak bideratzen laguntzen du.

“Azterlanaren datuak oinarrizkoak dira haur eta nerabeenganako tratu onaren kulturaren inguruko zabalkunderako eta sentsibilizaziorako euskarri izango den baterako balio-sistema zehaztu eta adosteko; horrela, esku-hartze komunitarioa sendotzen da, prebentziorako duen inpaktua aintzat hartuta, eta esku-hartzeen arrakasta areagotzeko detekzio goiztiarra ere sendotzen da”, esan du Lide Amilibia sailburuordeak.

“Xehetasunez eta etengabe aztertzen dugu, detektatzeko eta prebenitzeko, eta komunikabideen eta serie, programa edo albisteen bitartez eta publizitatearen, bideo-jokoen eta Interneten bidez zabaltzen diren edukiei buruzko ikuskaritza eta mugaketak areagotzen ditugu. Hezkuntza emozionalaren eta hezkuntza afektibo-sexualaren gizarte- eta hezkuntza-eginkizunaren balioa nabarmentzen dugu, eta ardura gehieneko fokuen inguruko arreta-zerbitzuak garatzen ditugu, euskal lurralde osoan zerbitzu eta prestazioetara jotzeko aukeran zuzentasuna ziurtatzeko”, esan du Amilibiak.

Txostenak jasotzen duenaren arabera, iaz, egoitza-harreran, 800 adingabe inguru zeuden foru-zentroetan. 2017an, 18 urtetik beherako 1.150 adingabe inguruk jaso zuten arreta familia-topaguneetan, bi urte lehenago baino ia % 8 gehiago. Kalkulatzen da bost pertsonatik batek sexu-indarkeriaren motaren bat jasan duela, eta kalkulatzen da umeen aurkako indarkeria-kasuen % 10 baino gutxiago haurtzaroan edo nerabezaroan jakinarazten dela, alegia, indarkeria gertatzen denean.

Batez beste, legezko prozesuak hiru urtera arte luzatzen dira, eta umeek abusuak, salatu ondoren, 4 aldiz ere kontatzen dituzte. Familia batzuen beharrei ez zaie behar bezala erantzuten laguntzari dagokionez, egoera horiek haiengan eragin dezaketen inpaktu negatiboa arintzeko, kolektiboak jasaten duen kalteaz harago. Lehen Hezkuntzako 4. maila eta DBHko 4. maila bitarteko bost ikasletik batek inguruk baieztatzen du sarritan berdinen arteko tratu txarren bat jasan duela eskolan; tasa horrek gora egin du azken urteotan.

Lehen Hezkuntzako ikasleen % 13k ciberbullying motaren bat jasan du berdinen aldetik, azken urtean zehar; tasa horrek ia bi puntu egin du gora, 4 urte lehenago eginiko kontsultaren aldean. DBH egiten ari diren eskola-ikasleen % 32k baieztatzen du ikaskide batzuek sexu-orientazioagatik edo neska edo mutila izateagatik eginiko bazterketa-kasuen lekuko izan dela eskola-eremuan.  Desgaitasuna indarkeria jasateko arrisku-faktore garrantzitsua da, eta pertsona batzuek zailtasun erantsiak izan ditzakete jasaten dituzten indarkeria-egoerak identifikatu eta salatzeko.

Emakumeak

16 urteko edo gehiagoko emakumeen % 10 inguruk bere bizitzaren uneren batean bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik indarkeria fisikoa jasan du, eta hura jasan duten eta seme-alabak dituzten 10 emakumetatik 6k baieztatzen du seme-alabek indarkeria-egoeraren bat ikusi edo entzun dutela. Datuek ohartarazten dute inoiz bikotekidea izan duten 16 eta 19 urte bitarteko emakumeen artean bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetiko kontroleko indarkeria psikologikoaren intzidentzia edozein adinetako emakumeen batez bestekoa (% 9) baino askoz ere handiagoa dela (% 25).

Kalkuluen arabera, emakumeen genitalen mutilazioaren inguruko identitate-errotze sendoa duten herrialdeetatik datozen 15 urtetik beherako 1.500 neskato inguru bizi dira EAEn. Seme-alabek gurasoei eragindako indarkeria-kasuak dira kezkagarriak eta, kasu horien barruan, gorantz doazen bi errealitate nabarmendu behar dira: familia migratzaileen familia-birbatzeak eta hazkuntzan eta, batik bat, nerabezaroaren etapan, portaera oso erasokorrekin eta ustezko lotura-apurketekin gainezka eginda sentitzen diren familia adoptatzaileak.  Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen behar batzuei ez zaie behar bezala erantzuten; izan ere, ez dago baliabide soziosanitario espezializatu nahikorik.

Azterlanak honako hau gomendatzen du: “prozedurak arintzea eta erantzuteko bizkortasun handiagoa izatea, eta, horretarako, esku-hartze goiztiarra zaindu eta esku-hartze guztietan ibilbideen pertsonalizazio-maila egokia eta baliabide batzuk haien behar berezietara hobeto egoki daitezen bermatzea”.

Era berean, arretan jarraitutasuna ziurtatzea iradokitzen du, bai eta sareko lan-ereduaren aldeko apustu egitearen, sendotzearen eta sustapenaren bidez arretan integraltasun handiagoa eta esku-hartzean aniztasun afektibo-sexuala eta kultura aniztasuna errespetatzen duen genero-ikuspegia ere.

Ume eta nerabeei gehiago entzun behar zaie, eta, horretarako, besteak beste, Zeuk Esan zerbitzua dugu. Ume eta nerabeenganako indarkeria-modu eta -mota ugari daude, eta, haiek sailkatzeko orduan, indarkeria gertatzen den testuinguru edo inguruneko hainbat irizpide har daitezke kontuan: etxea eta familia, eskola, aisia eta astialdia, lantokiak, Internet eta komunikazioaren teknologiak”, esan du Amilibiak.

Azterlana

EDE Fundazioak eginiko azterlanak zenbait teknika metodologiko konbinatzen ditu, lehen mailako eta bigarren mailako iturrien informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa biltzeko. EDEk dimentsio anitzeko ikuspegia (horrela, analisia ez da indarkeria-modu agerikoenetako batzuetara bakarrik mugatzen; guztiak erakutsi nahi dira) eta parte hartzeko ikuspegia eskaintzen ditu; hala, tartean diren gizarte-eragileak hausnarketaren parte-hartzailetzat jo dira (gizarte-zerbitzuen eremuko, judizialeko, polizialeko eta osasun- eta hezkuntza-eremuetako 34 erakunde publiko eta pribatutako 53 pertsonak parte hartu dute).

Halaber, honako hau detektatzen du: “dauden kasuen eta erregistratzen direnen artean arrail oso esanguratsua dago, eta, hori dela eta, zenbait indarkeria-modurekin (zenbait mota, zenbait eremu…) lotutako intzidentzia-datuak bildu dira (organo ofizialek erregistratutako gertakariak), eta, gainera, eskuragarri dauden eta nagusitzen diren datuetara ere hurbildu da (agintariek ezagutzen ez zituzten gertakariak, tartean diren pertsonek eta/edo beren inguruneak baino ez zituztenak ezagutzen eta, oro har, ezaugarri zehatz bat duen pertsona-talde baten proportzioari dagozkionak).