Euskal enpresetan lan egiten duten hainbat gazte mexikar Euskadiko Lanbide Heziketan ari dira prestakuntza jasotzen
2019.eko irailak 13
- Guanajuato estatuko 26 gazte, Mexikon instalatuta dauden euskal enpresek behar duten gaikuntza teknikoa jasotzen ari dira Lanbide Heziketako euskal ikastetxeetan
26 gazte teknikarik, Mexikoko Guanajuato estatukoek, hasi dute dagoeneko prestakuntza eta gaikuntzarako hiru hilabeteko egonaldia Euskadiko Lanbide Heziketan, Mexikoko estatu horretako Capacitación sin Fronteras 2019 programaren bitartez. Programa ondokoen partaidetzarekin garatzen da: Hezkuntza Saila –Lanbide Heziketako sailburuordetzaren bidez–, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila –SPRIren bidez-, eta hainbat euskal enpresa, Lanbide Heziketako euskal ikastetxeez gain.
Mexikon ordezkaritzak dituzten euskal enpresetako langile gazteak dira, 18 eta 25 urte bitartekoak. Mexikon ingeniaritzako edo gradu teknikoetako ikasketak amaitutakoan, han instalatuta dauden enpresek aukera eskaintzen diete ikasleei hiru hilabetez Mexikoko euren instalazioetan gaitzeko, praktikatako langile gisa. Ondoren beren prestakuntza beste hiru hilabetez Euskadin jarraitzeko aukera izaten dute. Euskadin, Lanbide Heziketako ikastetxeetan nahiz enpresa partaideek Euskadin dituzten lantegietan garatzen dute gaikuntza. Euskadiko egonaldia aste honetan hasi dute eta abenduaren 4ra arte iraungo du.
Ekimenak duen helburu nagusia da gazte hauei, Mexikora itzultzen direnean enpresetan izango dituzten lanpostu eta funtzioetara egokitutako prestakuntza teknikoa ematea. Biana nahitaezko prestakuntza tekniko horrez gain, aldi berean, profesional hauek euskal enpresek duten lan kultura barneratzea ere bilatzen da, enpresa hauen lan egiteko modutan murgiltzen hastea. Izan ere, gai honek hamaika zailtasun ematen dizkie enpresei zenbait herrialdetan. Horrela bada, eta zeharka, gazteok Euskadiren enbaxadore ere bihurtzen dira, euren herrialdera itzultzean.
Capacitación sin Fronteras 2019 programa, enpresa partaideekin batera, Guanajuatoko Gobernuaren (Mexiko) eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordio bati esker burutzen da. Enpresa partaideak, Mexikoko gobernu-erakundea eta SPRI arduratzen dira prestakuntza finantzatzeaz.
Programan, Mexikon plantak dituzten zazpi euskal enpresak parte hartzen dute: CIE (EAEko hiru lurraldeetan ditu plantak), Ecenarro (Gipuzkoan du planta), Elay (Gipuzkoa), Hijos Juan de Garay (Gipuzkoa), Metagra (Gipuzkoa), Panelfisa (Gipuzkoa) eta Rpk (Araba), baita Mexikoko Electro Ramsa enpresa ere.
Bigarren urtez iritsi dira gazte mexikarrak Euskadira prestakuntza jasotzera, Capacitación sin Fronteras programaren bitartez. Joan den urtean beste 28 gaztek egin zuten egonaldia hiru hilabetez, eta haietatik 27k hautatuak izan ziren enpresa berean jarraitzen dute orain lanean. Aipaturiko hau ez da bat ere ohikoa Mexiko bezalako herrialde batean, non lan-mugikortasuna izugarri handia baiten langile kualifikatuen artean. Egonkortasun hori, gainera, onuragarria da programan parte hartzen duten euskal enpresentzat, prestatu duten giza kapitalari eustea lortzen dutelako.
Prestakuntza Euskadiko Lanbide Heziketan
Gazte mexikarrei asteazken honetan, irailaren 11n, egin zaie harrera Tknikan (Euskadiko Lanbide Heziketari aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Zentroa), non hasi baitituzten dagoeneko lehenengo prestakuntza-saioak. Euskadin egingo duten hiru hilabeteko egonaldi honetan 252 orduko prestakuntza-programa bat beteko dute, bai goian aipatutako enpresetan bai Lea Artibai Ikastetxea (Markina) eta Miguel Altuna LHII (Bergara) ikastetxeetan.
Programan parte hartzen duten gazteek arlo hauetan jasoko dute prestakuntza:
Prestakuntza orokorra:
- Berrikuntza teknologikoa
- Planoen interpretazioa eta tolerantziak
- Mantentzea
- Lan-arriskuen prebentzioa
- Produkzioaren kalitatea + Lean Manufacturing
Berariazko prestakuntza:
- Injekzioa – Material plastikoak
- Hidraulika proportzionala – Automatizazioa
- Tratamendu termikoak
- Hotzeko forjaketa
- Automatizazio industriala
Gainera, enpresetara egingo dituzten bisitaldietan kontzeptu orokorrak ere landuko dituzte "mekanikaz, fabrikazio-prozesuez eta soft skills deiturikoez".