Euskadiko etxebizitza-politika, Responsible Housing 2019 Europako Sarietan finalista
2019.eko apirilak 26
- Hautagaitza Europako 16 herrialdetako 86 proiekturen artean hautatu dute
Etxebizitza Sailak 2015ko Etxebizitzaren Euskal Legeak jasotako helburuak garatzeko (zehazki, 2018-2020 Etxebizitza Gida Planaren eta Gaztelagun programaren osaera-prozesuaren bidez garatzeko) abian jarritako politika Etxebizitza Arduratsuaren 2019ko Europako Sarietarako (European Responsible Housing Awards) bost finalistetako bat da. Irabazlea datorren ekainaren 6an ezagutuko da, Lyon hirian.
Sari hauen hirugarren ediziorako 86 proiektu eta esperientzia aurkeztu dira, EBeko 16 herrialdetakoak. Etxebizitza Arduratsutako Europako Ekimenak (ERHIN ingelesez) antolatu ditu.
Etxebizitza Sailaren proiektua gizarte-etxebizitzaren alorrean komunitate-partaidetza eta aliantza estrategikoak sustatzen dituen ekimen onenak saritzen dituen kategorian hautatu dute finalista.
Gainontzeko proiektu finalistak (lau) honako hauek dira:
- Gemeinsam sicher Wohnen”-Segurtasunez elkarrekin bizi. Austria.
- Huis Assendorp: Bizitzaz betea. .Holanda
- Kaleidoskopio Proiektua. Villeneuve-Saint-Georges.
- Pflege@Quartier- Zaintzak auzoan bermatuta. Alemania.
Kategoria bakoitzeko irabazleak datorren ekainaren 6an ezagutuko dira, Lyongo Unibertsitate Katolikoan, Gizarte Etxebizitzaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan, ospatuko den ekitaldian. Epaimahaia, Maizterren Nazioarteko Sindikatua buru dela, maizterren sindikatu nazionalek, erakunde zibilek, toki-agintaritzako elkarteek, finantza-erakundeek, akademia-erakundeek eta etxebizitzako profesionalek osatu dute.
Etxebizitza Sailaren proposamenaren izenburua da “Let’s talk about housing” (etxebizitzari buruz hitz egin dezagun), eta eragile publiko eta pribatu zein herritarrekin batera 2018-2020 Etxebizitzari buruzko Plan Estrategikoa definitzeko abian jarritako partaidetza- eta komunikazio-prozesu eta tresnak biltzen ditu.
Herritarrak politika publikoen diseinuan partaide egiteko partaidetza eta berrikuntzarekiko konpromisoak ibilbide luzea du bizkarrean Iñaki Arriolak zuzentzen duen Etxebizitza Sailean. Izan ere, 2012an “Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan” partaidetza-proiektuak Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Saria (UNPSA) jaso zuen. Horixe da zerbitzu publikoaren bikaintasunari dagokionez nazioarte mailan dagoen sari ospetsuena. Urte bereko ekainean jaso zen saria New Yorkeko NBEren egoitzan. Partaidetza-prozesu horretan 16.000 pertsonak parte hartu zuten. Hainbat gairen artean, Etxebizitza Legearen aurreproiektuaren edukiak definitu ziren, eta hiru urte ondoren Eusko Legebiltzarrean onartu zen.