Erkorekak "Matxitxako elkartea"k antolatutako Euzko Itsas Gudarosteari eginiko omenaldian parte hartu du

Argitalpen-data: 

Oroitzapen-ekitaldia Nestor Basterretxearen "Matxitxakoko Guda" eskulturaren alboan egin da, eta, bertan, Juan Azkarate egon da, Euzko Itsas Gudarostetik bizirik dirauen azkena. Bere balentria ezagunena "Matxikakoko Guda" izan zen; duela 82 urte, guda hartan, Eusko Jaurlaritzako itsas armadak eta bando frankistakoak izan ziren aurrez aurre, Kantauri itsasoko uretan.

Erkorekak

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, gaur, Euzko Itsas Gudarosteari omenaldia egiteko ekitaldian parte hartu dute; ekitaldia “Matxitxako Elkartea”k antolatu du. Ekitaldian, Juan Azkaratek, duela 83 urte sortutako Euzko Itsas Gudarostetik bizirik dirauen azkenak, ere parte hartu du.

Oroitzapen-ekitaldia Nestor Basterretxea egile bermeotarraren “Matxitxakoko Guda” eskulturaren alboan egin da; eskultura Nabarra ontziaren berregitea da, erdi hondoratuta dago eta Matxikako Gudaren 70. urteurrenean (2007) jarri zen itsasoaren aurrean. Lore-eskaintza egin da, aurreskua dantzatu da, Euzko Itsas Gudarostean parte hartu zutenak gogora ekartzeko, eta “Eusko Gudariak” abestu da.

EUZKO ITSAS GUDAROSTEA

Euzko Itsas Gudarostea gerra zibilean parte hartu zuen unitate militarretako bat izan zen. 1936aren urrian sortu zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailburuordetzak, “Errepublikar Armada”ri itsas trafikoa eta euskal uretako arrantza-jarduera babesten laguntzeko. Hala ere, hainbat motiborengatik, autonomia organikoa eta jarduteko erabateko autonomia eskuratu zituen, “Errepublikako Gudontzidia”ri dagokionez.

Gudontzidi horren buru izan zen Joaquín de Egiak “gudontzi” bilakatu zituen Bilbon babesean zeuden arrantza-ontzi asko. Guztiak margotu zituzten berun-gris kolorez, eta guztiek izan zituzten amuletan, beltzez, beren izenaren lehen letra edo zegokien zenbakia. Ikurriña altxatzen zuten brankaldean eta hiru koloredun bandera errepublikarra popaldean. Batzuk artilleriaz hornitu zituen, bou armatuen kasuan, eta, beste batzuk, itsaspeko meatzeak bilatzeko aparailuez. Ontzidia honako hauek eratzen zuten: Araba, Bizkaya, Gipuzkoa eta Nabarra  bou armatuak. Donostia, Gasteiz, Iruña, Goizeko Izarra eta Iparreko Izarra; Euskadiko uretan zabaldutako meatzeak batu eta suntsitzeko minaketariak; txalupa lagungarriak; ontzi laguntzaileak; txalupa azkarrak; eta kanoa automobilak. 

Bestalde, tripulazioak boluntarioekin antolatu ziren, merkataritzako eta arrantzako ontzidietako boluntarioekin. 900 pertsona baino gehiago izan ziren bertan.

1937ko ekainean, Bilbo erori zenez, euskal ontziek Santanderrera joan behar izan zuten, eta 1937ko abuztuan Santander utzi behar izan zutenez, beren jarduera amaitu egin zen.

MATXITXAKOKO GUDUAREN 82. URTEURRENA

Euzko Itsas Gudarostearen ekintzarik gogoangarriena Matxitxakoko Gudua izan zen, Kantauri Itsasoan gertatutako Gerra Zibileko itsas borroka garrantzitsuena. 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen, eta aurrez aurre jarri zituen Eusko Jaurlaritzaren eta bando frankistaren gerrako itsas armadak.

Galdames merkataritza-ontzia Baionatik Bilbora zihoan, Euskadiko (Euzko Itsas Gudarostea) 4 arrantza-ontzi txiki armatuk lagunduta: Bizkayak, Gipuzkoak, Donostiak eta Nabarrak. Martxoaren 5eko goizaldean, eguraldi txarra zela bide, Gipuzkoak eta Bizkayak kontaktua galdu zuten konboiarekin. Haren bilaketan zehar, itsas armada frankistako ontzi indartsuenarekin topatu ziren, Canarias gurutzaontziarekin. Ondorioz, bi borroka gogorretako lehenengoa gertatu zen, eta Gipuzkoako bost tripulatzaile hil ziren. Gero, bakoitzak bere aldetik, zenbait arazorekin eta kalte material handiekin, bi ontziek Portugaleteko eta Bermeoko kaietara iristea lortu zuten.

Bitartean, 173 bidaiari zeramatzan Galdames merkataritza-ontziak Nabarrak eta Donostiak soilik lagunduta jarraitzen zuen bere zeharkaldia. Matxitxako Lurmuturrera iritsi zirenean, Canarias ontziak ustekabean harrapatu zituen, eta eguneko bigarren borroka gogorra izan zuten, ordu eta erdi baino gehiago iraun zuena.

Canarias askoz handiagoa zen tamainan, eta nagusi ahalmenean eta armamentuan. Lehenbizi Galdames harrapatu zuen, eta emakume bat eta hiru haur hil zituen. Amore eman zuen eta preso hartu zuten. Gero, Donostiari eraso zion, baina ez zen sortu bajarik edo kalterik. Azkenik, Canarias ontziak Nabarraren galdarak lehertu zituen eta haren zorigaiztoko hondoratzea eragin zuen. 

Nabarrako 27 gudari hil ziren itsas guduan zehar. Beste 20 tripulatzaile salbamendu-txalupetan ontziratu ziren eta bando frankistak preso hartu zituen. Enrique Moreno komandanteak eta Ambrosio Sarasola lehen ofizialak, berriz, Nabarra arrantza-ontzian geratzea erabaki zuten, eta itota hiltzea preso erori baino lehen.

Bizirik irten ziren Nabarrako 20 marinelak epaimahai militar batek epaitu zituen eta heriotza-zigorra jaso zuten “matxinadan laguntzeagatik”. Haatik, Canarias ontziko komandanteak eta tiro-zuzendariak haien alde egin zuten Francoren aurrean, 20 marinel horiek indultatuta geratzea lortu arte, borroka gogorrean erakutsitako adorea aitortzeko.

Hilabete gutxiren buruan, 1938ko azaroaren 30ean, 20ak libre geratu ziren.