Beltrán de Heredia: "Jardunaldiaren antolatzaileek hiri segurua izatea balioetsi dute"

2019.eko maiatzak 15

Radio Vitorian, gaur, Estefanía Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburua gonbidatu dute eta, bertan, zuzentzen duen sailaren eskumeneko gaurkotasuneko gaiez hitz egin du.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuari Final Fourren ekitaldiez galdetu diote, eta esan du gero eta ohikoagoak direla horrelako ekitaldiak: “hiri hau gero eta erakargarriagoa da ekitaldi jendetsuak antolatzeko, eta, kasu horietan, antolamenduak hiri seguruak izatea balioetsi ohi du”, esan du. Segurtasun-arloko plangintza dela eta, sailburuak azaldu du Ertzaintzak 6 edo 7 hilabete daramatzala antolamenduarekin lanean; plangintza ikuspegi oso zabaletik planteatzen da: “segurtasunaren inguruko guztia barne hartzen du, bai babes zibila, bai herritarren segurtasuna, besteak beste”, esan du. Ekitaldian parte hartuko duen agente-kopurua dela eta, kirol-saio bakoitzaren inguruan 200 ertzain inguru egongo dira, hainbat unitatekoak.

Vitoria-Gasteizko Santiago Ospitalean ospitaleratuta egon zen eta bere etxeko atariko igogailuan jasan zuen erasoaren ondorioz hil zen emakumea dela eta, Beltrán de Herediak erabateko elkartasuna eta maitasuna erakutsi dizkio familiari. “Oso penatuta nago ezohiko gertakari kezkagarri horiengatik”, esan du. Segurtasuneko sailburuak esan du Ertzaintza gertakariak ikertzen ari dela, lehen unetik, eta gertakariaren errudunak aurkitzeko ikerketa-ildoekin dabiltzala. Baina sailburuak esan du Ertzaintzak ez duela lekukorik eta horrek ikerketa zailtzen duela. Hori horrela, Beltrán de Herediak herritarrek elkarlanean jarduteko deia egin du.