Basque Research and Technology Alliance-BRTA erakundearen estatutuak onartu dituzte (Gobernu Bilera 2019-01-08)

logoconsejo.jpg

2019.eko urtarrilak 08

Eusko Jaurlaritzak, SPRI-k, Foru Aldundiek, zentro teknologikoek eta ikerketa kooperatiboko zentroek partzuergoa eratzeko hitzarmena sinatuko dute aurki

BRTA Partzuergoak Euskadiko erronka teknologiko eta industrialei erantzungo die, eta Euskadik nazioartean duen lekua hobetuko du

Gobernu Kontseiluak Basque Research and Technology Alliance (BRTA) izeneko Partzuergo Zientifiko-Teknologikoaren estatutuak onartu ditu. Partzuergoa 2019ko lehen hiruhilekoan eratuko da, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, 12 zentro teknologiko, ikerketa kooperatiboko 4 zentro eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak izango ditu atxikita.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren azpisektore teknologikoa berrantolatzeko prozesuaren eta ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan jasotako finantzaketa-programa publikoen helburua baliabideen efizientzia handitzea eta produkzio- eta gizarte-sareari balioa emango zioten emaitzetara bideratzea zen.

Handik bi urtera, sistemak oro har lortutako emaitzak positiboak izan dira (behar bezala neurtu eta egiaztatu dira), eta sistema optimizatzeko prozesuaren barruan aurki BRTA izenekoa eratzea aurreikusi da, hau da, Euskadiko erronka teknologikoei eta industria-erronkei aurre egiteko eta Euskadik nazioartean duen lekua hobetzeko lankidetza-dinamika ziurtatuko duen izaera publikoko entitate berri bat, gaur egun Europar Batasuneko berrikuntza-maila handiko eskualdeen taldean kokatuta gaudela kontuan hartuta.

Orain arte aurreikusitakoaren arabera, Administrazio Orokorrarekin batera eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, entitateak honako hauek izango ditu atxikita: Spri, Azterlan, CEIT, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Tecnalia, Tekniker, Vicomtech, Azti, Neiker zentro teknologikoak, CICbioGune, CICbiomaGUNE, CICenergiGUNE eta CICnanoGune ikerketa kooperatiboko zentroak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Enpresa-sareari ezagutza bermatzeko koordinazio handiagoa

BRTA Partzuergoaren funtzio nagusiak honako hauek izango dira: Partzuergoari atxikiko zaizkion agente teknologikoen koordinazioa sustatzea, haien jarduerak uztartzea eta bateragarri egitea, ezagutza sortzeko eta enpresei helarazteko baldintzak sendotzea, eta eremu teknologikoan nazioarteko proiekzioa izango duen marka propio bat bultzatzea.

BRTA Partzuergoa Ikerketa Agenda bat eta Transferentzia eta Merkatu Agenda bat egiteaz arduratuko da, Partzuergoa osatzen duten agenteen unitateekin koordinatuta. 

Gobernu-egitura eta gobernu-organoak

Gobernu-organoak Batzar Nagusi batez osatuta egongo dira, presidentetzarekin eta presidenteordetzarekin.

Kudeaketa- eta zuzendaritza-organoak Batzorde Teknikoak eta Zuzendaritza Nagusiak osatuko dituzte, eta bi aholku-organo egongo dira, Batzorde Zientifiko-Teknologikoaz eta Industria Batzordeaz osatuak.

Batzar Nagusia Partzuergoaren gobernu-organo gorena izango da, eta agente guztiak egongo dira ordezkatuta bertan. Ordezkaritza Partzuergoa finantzatzeko egindako urteko ekarpenaren proportziozkoa izango da.

Bi urteko gehieneko epean, ospe handiko adituez osatutako Nazioarteko Adituen Aholku Batzorde batez hornituko da BRTA Partzuergoa.

Eraketa, aurrekontua eta egoitza

Aurreikusitakoaren arabera, BRTA Partzuergoa urteko lehen hiruhilekoan eratuko da, eta Mendaroko Kurutz-Gain Industrialdean izango du egoitza. Hasierako aurrekontuari dagokionez, Administrazio Orokorrak 500.000 euroko ekarpena egingo du, SPRIk 100.000 euroko ekarpena, eta agente teknologikoek 400.000 euroko ekarpena.