"Baso-bainuek" buruko gaitzen bat dutenen ongizate fisiko eta emozionala hobetzen dute

foto_basoan_2.jpg

2019.eko ekainak 19

Urdaibaiko Biosferaren Erreserban jorratutako baso-bainuen edo Shinrin-yoku proiektuaren ondorio nagusia da

Buruko gaitzen bat duten eta ikerketan parte-hartu zutenen %89ak bere egoera fisikoaren inguruko pertzepzioa hobetu zuen, %45k “normal” sentitzetik “alai” sentitzera pasa zen, %54k indar handiagoa sentitu zuen eta %82k “zalantzarik gabe” aktibitatea gomendatuko luke.

Gidatutako ibilbideak egin zutenek, antsietate mailak murriztu zituzten, pertsonen arteko harremanak hobetu eta energia handiagoa izan zuten praktika terapeutiko honetan parte hartu ostean.

Baso-bainuek naturarekiko birkonexioa dute helburu, osasunarengan onurak sortuta, hala nola, estresa, antsietatea, depresioa edo insomnioa murriztuz.

Eragin positiboa, ongizate fisiko eta emozionalarengan, antsietate gutxiago eta pertsonen arteko harreman hobeak. Hauexek dira, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, Europar Batasuneko FEADER fondoen laguntzarekin finantzatutako proiektuaren testuinguruan gauzatu den baso-bainuen proiektu pilotuaren ondorioetako batzuk. Japoniar jatorria duen praktika natural eta terapeutiko hau, baso inguru batean egindako gidatutako ibilbide bat egitean datzana, Shinrin-yoku bezala re ezaguna da eta mundu mailan makina bat jarraitzaile ditu. 2018ko ekainean eta azaroan, Mendatan, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean garatu den ekimen berritzaile honetan, AVIFESek (Buruko gaixotasunen bat dutenen eta euren senideen elkarte bizkaitarra), Bizkaiko Basogintza Elkarteak, Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Europako Hegoaldeko Basogintza Batasunak (gaztelaniazko USSE) parte hartu dute. Azken honek “Basoan” deituriko proiektua koordinatu du.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, Peli Manterolak, hasiera eman dio azterketa honetako ondorioen aurkezpenari.

Diziplina honen Europa mailako erreferente den Alex Gesse katalana, gidarien hezitzaile eta mentorea, proiektuaren gidariari formazioa emateaz arduratu zen. Gesse (Bartzelona, 1975), 40.000 langile zituen enpresa bateko exekutiboa zen, baina egun batean, bere norabide profesionalari norabide berri bate matea erabaki zuen. 2014an Shinrin yoku-an hezitu zen eta Baso-Bainuen Institutua (BBI) sortu zuen. Ondoren, 2019an European Forest Therapy Institute (EFTI) sortu zuen, egun, Europako herri desberdinetan zeharkako presentzia duen Europako eskola bakarra dena.

Praktika terapeutiko honen helburua, naturarekiko konexio oso eta kontzientea da, gizakiaren osasunarengan eragin onuragarria duena eta zientifikoki frogatu dena. Proiektua garatu bitartean agerian da parte-hartzaileen bizi-kalitatearengan izan dituen eraginak oso positiboak izan direla. Bakoitzak bere buruari aplikatutako galdetegi eta neurketa fisiologikoen bitartez (O2, presio-sistiolikoa, diastolikoa eta taupada mailak), buruko gaitzen bat duten 22 pertsonen lagin batengan ibilbide hauek duten eragina ikertu da.

Baso-bainuen efektuen inguruko ondorio nagusiak

Ikerketak, bizi-kalitatearekin erlazionatutako lau dimentsioetan Baso-Bainuen eragina neurtu du: ongizate fisikoa, ongizate emozionala, pertsonen arteko harremanak eta garapen pertsonala.

- Ongizate fisikoa: Atal honetan, ibilbideak iraun bitarteko eta osteko arnasketa, giharretako erlaxazioa eta egoera fisiko orokorra neurtu dira. Parte-hartzaileen %89k euren egoera fisikoak hobera egin duela sumatu du. Neurketa fisiologikoak iraun bitartean, taldekideen arteria- presioaren eta bihotz-frekuentziaren jaitsiera esanguratsu eta progresibo bat adierazi da.

- Ongizate emozionala: Buruko gaitzen bat duten parte-hartzaileen %95ek euren aldarteak hobera egin duela sentitu dute. Izan ere, %45 “normal” sentitzetik, “alai” sentitzera pasa zen. Era berean, aktibitatea hasi zenean urduri zeuden pertsonen %81ek, euren antsietatea txikiago zela sentitu zuten. Lagineko erdiak baino zertxobait gehiagok, %54k indar eta energia handiagoa sentitu zuen. Euren gaixotasunei dagokionez, %89k, gogogabe eta motibazio faltaren sintomak murriztu zirela adierazi zuten.

- Pertsonen arteko harremanak: Parte-hartzaileen %90ak pertsonen arteko euren harremanak hobetu direla dio eta harremanak gozatzeko modua ere kasuen %84an areagotu da.

- Garapen pertsonala: Ildo honetan, toxikoak kontsumitzen dituzten %52ak euren adikzioetan gutxiago pentsatu zuten eta %55ak egunari modu baikorragoan aurre egitea lortu zuen.

Halaber, analisiak ezartzen duenez, antsietatearen erregulazioak eta pertsonen arteko harremanengan duen eragin onuratsuak ibilbidea bukatu eta bi hilabetera mantendu dira. Bestalde, parte-hartzaileek naturarekiko konexio, hurbiltasun eta errespetu handiago bat sentitzen dutela diote eta %82k “zalantzarik gabe” aktibitatea gomendatuko luke.

Parte hartzaileen profila

Ikerketa honen lagina 22 pertsonek, 8 emakumek (%36) eta 14 gizonek (%64) osatzen dute. Gehienek asaldura psikotikoak, pertsonalitate asaldura eta afektibitate-asaldurarekin edo gogo-aldarteekin pairatzen dituzte.

Etorkizunera begira

Probaren lehen tartearen ostean, proiektuko bazkideen asmoa etorkizunean praktika hau mundu guztira zabaltzea da, nahi duen orok “baso-bainu” osasuntsu batek eskaintzen dituen abantaila guztiez goza ditzan. Beste jarduketa lerro bat, heziketa ildoa da, naturarekiko konexioa eta ingurumen-kontzientzia areagotzen baitu. Gainera, USSE funtsezko pieza izan da Baso- Bainuen Institutuak eta European Forest Therapy Institute-k Euskadi hautatu zezaten, herrialdean lehen giden formakuntzari ekiteko. Erakunde hauek euren lankidetza lotzen eta zabaltzen ari dira praktika hau jakinarazteko eta Euskadin eta USSEko gainerako eskualdeetan gidak prestatzeko.

Shinrin yoku-ren sorburua eta onurak

Basoen Japoniar Agentziako zuzendari Akiyama Tomophide, bi hitz batzen dituen eta gaur egun mundu mailako joera den teknika honi so egin zion lehena izan zen 1982an. Hitzak hauek dira: Shinrin (basoak) eta yoku (bainua hartu). Tomohideren ustez “berdean bainatzeak” osasunari mesede ugari eskaintzen dizkio. Naturarekin berriz ere konektatzeko asmoz basean barrena paseatzean oinarritutako baso-teknika honek, mugikorra ahaztea, inguruaz eta pausu bakoitzaz ohartzea, isilean ibiltzea, presa barik ibiltzea, beharrezkoa denean esertzea, astiro eta sakon arnasa hartzea eta pentsamendu negatiboak atzean uztea exijitzen du.

Ildo horretan, urte batzuk geroago, Japoniako Baso Medikuntza Elkarteko presidente Qing Lik frogatu zuen maiztasunez basoan barrena ibiltzeak estresa, hipertentsioa, depresioa eta bestelako patologia batzuk murrizten dituela.
Japonian, izan ere “baso-medikuntza” terminoa sortzera heldu dira eta 2004 urteaz geroztik, Nekazaritza, Baso eta Arrantza Ministerioak, bere eragin terapeutikoak egiaztatzeko ikerketa sorta bat bultzatu da. Eta biztanleriak, maiztasunez ‘baso-bainuak’ babestu eta praktikatzen dituzte. Ohikoa da Tokioko biztanleek, hiriko erritmo biziaren efektuak arintzeko asmoz herrian zehar sakabanatutako Shinrin-yoku-a praktikatzeko dauden 62 ibilbide ofizialetako batera jotzen dute.

Europan, estres maila murriztera bideratutako ohiko praktika bihurtzen ari dira baso-bainuak. Europa eta EFTIk bereziki, baso-bainuak ongizate praktika bihurtzeko asmo argia da, pertsonek, doan eta modu eskuragarrian, beren osasunaren berrezarpenari so egin diezaioten, eta horrela, ingurumena kontserbatzeko nahia pizteko. Gainera, baso-bainuen giden eta naturan oinarritutako epe luzerako interbentzioetako mediku profesionalen arteko lankidetza bultzatu nahi da. Honela, Baso- Bainuak prebentziozko mediku-arretarako praktika izatetik, Baso- Terapiako Interbentzioak deituriko tratamendu eta errehabilitazio praktikak izatera pasatzen dira.