Azken hamarkada honetan, Euskadiko haur ikasleen aho-hortzen osasunak Estatuko onena izaten jarraitzen du eta Europar Batasuneko buru-buruan sendotu da
2019.eko irailak 25
Euskadiko IV. Ikerketa Epidemiologikoak hobekuntza orokorra erakusten du, duela hamar urteko txostenarekin alderatuta. Gaur egun, ikasleen % 97k ez dute txantxarrik 7 urterekin; eta ikasleen % 75ek ez dute txantxarrik 12 eta 14 urte artean.
Osasuneko sailburuak adierazi du aurrerapen horiek Euskadin, zenbait ekimenen bidez, azken hamarkadetan egindako ahaleginen emaitza direla, eta ekimen horien artean aipatu ditu Haurren Hortzak Zaintzeko Programa eta uren fluorazioa.
Euskadiko haur ikasleen aho-hortzen osasunak Estatuko onena izaten jarraitzen du, eta Europar Batasuneko buru-buruan sendotu da, Danimarka gisako herrialdeekin batera. Halaxe frogatu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aurkeztu duen Euskal Autonomia Erkidegoko Aho-hortzetako Osasunaren IV. Ikerketa Epidemiologikoak. Euskadin, 1988. urteaz geroztik, hamar urtean behin egiten den txosten hori 7, 12 eta 14 urteko haur ikasleen aho-hortzen osasunaren erradiografia da, eta baliagarria da Osasun Sailak eta Osakidetzak garatutako politiken inpaktua ebaluatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aho-hortzetako Osasunaren IV. Ikerketa Epidemiologikoak 3.790 ikasle aztertu ditu 2018. urtean, eta hobekuntza orokorra erakusten du, 2008ko aurreko txostenean jada erregistratutako maila onak hobetuz.
Nekane Murga Osasuneko sailburuak aditzera eman du Euskadiko haurren aho-hortzen osasunean izandako aurrerapen hori “gure herrian azken hamarkadetan hasitako eta egindako ahalegin guztien emaitza” dela. Ahalegin horien artean nabarmendu ditu Haurren Hortzak Zaintzeko Programa, uren fluorazio-politika eta euskal erakundeek sustatutako gainerako ekimenak.
Horri guztiari esker, behin betiko hortzerian oso txantxar-maila txikia izaten jarraitzen dugu. 7 urterekin, ikasleen % 97k ez dute txantxarrik eta 12 eta 14 urte arteko ikasleen ia % 75ek ez dute txantxarrik.
Aurreko azterketarekin alderatuz gero, bereziki nabarmentzen da % 38ko beherakada izan dela 14 urteko haurren artean txantxarra duten hortzen batez besteko kopuruan. Datu hori eta Haurren Hortzak Zaintzeko Programa amaitzen den adin horretan 4 pertsonatatik 3ko ratioak dira programaren eraginkortasunaren lekuko.
Behin-behineko hortzeriaren kasuan egiaztatzen da 7 urteko haurren artean gehitu egin direla txantxarraren eraginpean dauden hortz-piezak eta esneko hortzetan txantxarra duten haurren kopurua. Fenomeno bera deskribatu da, berriki, hortzetako pasta fluoratuen erabilera zabalduta dagoen herrialdeetan, eta, hartara, faktore dietetiko kaltegarriekin lotzen da joera hori.
Fenomeno hori, ordea, ez da behin betiko hortzeriara zabaldu; izan ere, 7 urtetik aurrerako gazteen kasuan, ekintza programatikoak —Haurren Hortzak Zaintzeko Programa adibidez— oso lagungarriak izan dira arrisku-faktoreen eraginari aurre egiteko eta behin betiko hortzeriaren zaintza sustatzeko.
Lesio leheneratuen ehunekoa, bestalde, egonkortu egin da azken hamarkadan, 14 urteko haurren kasuan izan ezik, adin hori dutenen artean behera egin baitu.
Azterketak berretsi du, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan uraren fluorazio sistematikoari hasiera eman zitzaionetik jada hiru hamarkada pasa direnean, txantxarrik ez duten ikasleen ehunekoak gora egin duela eta eremu fluoratuetan txantxar-indizea txikiagoa dela —eremu fluoratuek Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren % 75 hartzen dute jada—.
Haatik, gizarte-faktoreak eragina izaten jarraitzen du, txantxar-indizeek okerrera egiten baitute maila sozioekonomikoaren arabera. Nolanahi ere, eremu fluoratuetan hein txikiagoan gertatzen da hori, desberdintasunak murriztea lortu baita.
1988 eta 2018 arteko prebalentziaren bilakaera aztertuz gero, ikus dezakegu prebalentziak nabarmen egin duela behera 14 urterekin, eta 12rekin ere behera egin duela. 7 urterekin, berriz, ikus daiteke egoera egonkortu dela, baina adin-tarte horretan soilik % 2-3koa dela.
Osasuneko sailburuak modu esplizituan eskertu du familien aldez aurretiko jarrera, haien seme-alabek azterketan parte hartzearen alde egitean, baita Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lankidetza eta azterketan parte hartu duten ikastetxeetako arduradunen eta langileen lankidetza ere.
HAURREN HORTZAK ZAINTZEKO PROGRAMAREN DATUAK
Aurten, 190 mila neska-mutilek baino gehiagok jaso dute jada Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren gonbidapen-gutuna. Urteko aho-hortzen osasuneko berrikuspena egitera eta beharrezkoak izan daitezkeen tratamenduak bermatzera gonbidatzen da. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak mila dentistatik gorako asistentzia-dispositiboa du 100 udalerritan baino gehiagotan banatuta, baita Osakidetzako 24 kontsulta espezializatu ere.
2018an, 7 eta 15 urte arteko 130 mila neska-mutilek erabili zuten Haurren Hortzak Zaintzeko Programa Euskadin. Ezarri zenetik artatutako pertsona kopururik handiena da eta urteko estaldura-tasarik handiena, % 68,67 hain zuzen ere. Guztira, 130.983 berrikuspen, 16.735 zigilatze, 15.952 garbiketa, 20.220 obturazio, hortz-aginen 1.371 ateratze eta hortz-mamien 355 tratamendu egin ziren, eta apurtutako 1.384 hortz leheneratu ziren. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egindako inbertsioa 5.334.530 eurokoa izan zen, hau da, haur bakoitzeko 43,33 euro batez beste.
2019ko irailaren 26a