Artolazabal: "Euskadi Lagunkoiak "Etxebizitza lagunkoierako gida" aurkeztu du eta, hartan, dementzia duten pertsonen beharretara egokitzeko aholkuak jaso dira"

19_09_19_G_Estrada_EJ_GV___1_.jpg

2019.eko irailak 19

 

  • Etxeko gela bakoitza eratzen duten elementuei buruzko aholku eta gomendioak
  • Proposamenak eskaintzen ditu dementziaren garapenean egon daitezkeen arazoen aurrean esku hartzeko.
  • Artolazabal: “Afektua, berotasuna eta umorea, pazientzia eta enpatia; ohiko bizi-estiloarekin jarraitzeko etxebizitzan aldaketa errazak eta ekonomikoak egiteak ezagumenaren galera atzeratzeko eta zaintza-eginkizunak errazteko aukera ematen dute”
  • Díaz-Veiga: “Etxeak garrantzi handia du norberarentzat, bizitzan zehar, eta, hartan, gustura bizitzen jarraitu behar da eta errealitate berri horretara egokitu”.

DSS, 19 09 19

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Pura Diaz-Veiga Matia Institutuko ikertzaileak, gaur goizean, “Dementziekin lagunkoia den etxebizitza baterako gida” aurkeztu dute; gida Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Euskadi Lagunkoia Sustraietatik proiektuaren esparruan prestatu da.

 

Beatriz Artolazabal sailburuak honako hau azaldu du: “nagusientzako arreta afektuan, berotasunean, umorean, pazientzian eta enpatian oinarritzen da. Etxebizitzarako aldaketa errazak eta ekonomikoak dira, baina ohiko bizi-estiloarekin jarraitzeko, ezagumenaren galera atzeratzeko eta, aldi berean, beharrezkoak direnean zaintza-eginkizunak errazteko aukera ematen dutenak”.

 

“Gida adinekoei edo dementzia duten eta zahartze-prozesuan dauden pertsonei zuzentzen zaie, bai eta beren zaintzaileei eta gizarte- eta familia-inguruneari ere. Informazio erraza eta erabilgarria ematen du dementziarekin bizi direnen behar bereziak identifikatzeko, eta xehetasunez aztertzen ditu gure etxebizitza errealitate horretara egokitzeak ematen dituen aukerak. Horrela, etxean gaitasunak aldatuta edo murriztuta dituzten dementziadun pertsonak bizi direnean, ohiko bizi-estiloarekin jarraitzeko eta zaintza-eginkizunetarako bide ematen da”, esan du Artolazabalek.

 

Sailburuak gidan jaso den dekalogoa azpimarratu du: “hark eraginkortasunez laburtzen ditu dementziekin lagunkoia den etxebizitza baterako aholkuak, bizitzarako jarreraren definizio bikaina. Alzheimerraren gaixotasunaren bilakaera atzeratzen eta humanizatzen saiatzeko helburuak batzen gaitu”.

 

Pura Díaz-Veiga ikertzaileak honako hau nabarmendu du: "etxeak norberarentzat bizitzan zehar duen garrantzia, eta bizitzan nola goazen gure behar aldakorretara egokitzen.  Gida honen bidez, narriadura kognitiboa duten pertsonek eta beren familiek beren etxeetan gustura bizitzen jarraitzea da asmoa eta, horretarako, gure etxea errealitate berri horretara egokitzeko gakoak ematea”.

 

Ikertzaileak honako hau azpimarratu du: “gida honek berezitasun bat du, Estatuan eta nazioarteko eremuan argitaratu izan direnen aldean; izan ere, dementzia duten pertsonen eta beren zaintzaileen ikuspegitik prestatu da eta, horretarako, familia eta zaintzaileentzat ingurune seguruetan, irisgarrietan eta esanguratsuetan eguneroko bizitza nola garatu azaltzeko gako eta gomendioak jaso ditu”.

 

Gida

Gida ataletan banatzen da, etxebizitza egituratzen duten gelen arabera (logela, sukaldea, komuna, egongela etab.), eta horietako bakoitzaren elementuei buruzko aholku eta gomendioak jaso ditu. Gainera, dementziaren garapenarekin etor daitezkeen zenbait arazoren aurrean nola jardun jakiteko proposamenen atala ere jaso da.

 

Paperezko kopia elebidunak Euskadi Lagunkoia sareko udalerrien artean banatuko dira, eta Euskadi Lagunkoiaren webgunean esekiko da eta, bertan, PDF formatuan deskargatu ahalko da. Lana Eusko Jaurlaritzaren eta hirugarren sektoreko erakundeen, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Matia Fundazioaren arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, “Euskadi Lagunkoia” programaren barruan.

 

Euskadi Lagunkoia - Sustraietatik

Erkidegoko 60 udalerri baino gehiagok parte hartzen dute Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarean. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, eta Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako “Age-friendly Environments Programme” programan oinarritzen da. Ekimen horren bidez, nagusiek eta herritarrek, oro har, Euskadiko udalerrietako auzo eta hiri-inguruneak hobetzen parte hartzea sustatu nahi da.