2020ko Euskadiko Aurrekontu Orokorren Proiektua 11.774 milioi eurokoa da (Gobernu Bilera 2019-10-22)
2019.eko urriak 22
Gobernu Kontseiluak 2020ko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektua onetsi du gaur. Aurrekontua 11.774M/€-koa da. Aurrekontu orokorra 2019an aurkeztutako proiektua baino 10M/€ txikiagoa da, euskal zor publikoaren amortizazio behar txikiagoaren ondorioz, baina aurrekontu operatiboa –politika publikoetan gastuetarako erabilgarri dagoena– 301M/€ handiagoa da, hau da, iaz baino %2,9 gehiago.
Aurrekontuan sakondu aurretik, azpimarratu beharreko bi alderdi daude:
- GENERO IKUSPEGIA: Ogasun eta Ekonomia Sailak, Jaurlaritzako Sailen, erakunde autonomoen eta partzuergoen 100 txosten inguru jaso ditu, eta horietan, soldata arrakala murriztera, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitera eta berdintasunaren alde lan egitera zuzenduko diren jarduketak zehazten dira. Osakidetzak eta EITBk lehen aldiz bidali dute informazio hori. Txosten horietatik ondorioztatzen da aztertutako aurrekontuaren %10,5ak genero ikuspegia sartzen duela 2020ko plangintzan (1.236M/€).
- EUSKADI JASANGARRIA: Eusko Jaurlaritzaren erronka komuna. Uztailaren 30ean onetsi zen Klima Larrialdi Adierazpenarekin koherenteak izanik, sail guztien artean klimaren aldaketaren kontrako ekintzan aurrera egiteko egiten den esfortzu ekonomikoa koantifikatzeko ahalegina egin da, eta lortu den kopurua 540M/€-koa da. (*Euskadi Jasangarria eranskina).
Horrez gain, 2020ko aurrekontuak gizarte eta belaunaldi arrakala eta arrakala digitala murriztea ere bilatzen du; hezkuntzan ekitatea, bikaintasuna eta inklusioa eta pertsonen enplegagarritasuna bultzatuko duten jarduketei lehentasuna ematea; eta garapen ekonomikoa, berrikuntza eta I+G+B bultzatzea.
Urriaren 25ean, ostiralean, Eusko Legebiltzarrean erregistratuko da.
1.- AIREFen abala jaso duen esparru ekonomikoa
2020ko aurrekontu proiektuaren esparru ekonomikoak AIReFen abala jaso du, erakunde horren iritziz zuhurra delako eta konfiantzazko agertokian aurkeztu delako. Aurrekontua, Eurogunekoa (%1,2), Europar Batasunekoa (%1,4), eta Alemaniakoa (%0,4), Frantziakoa (%1,4) eta Erresuma Batukoa (%1,2) baino nabarmen handiagoa den euskal ekonomiaren hazkunde esparruan dago. Horrez gain, Espainiaren hazkundearen (%2,0) antzekoa da.
Horrela, Euskadiko BPGa 2019rako %2,2 eta 2020rako %2,0 handituko dela aurreikusten da. Bi kasuetan, barne eskaria izango da euskal ekonomiaren motorra, kanpoko saldoaren ekarpena zertxobait negatiboa izango baita.
Kontsumo pribatuak eta inbertsioak intentsitate pixka bat galduko dute hiruhilekoek aurrera egin ahala. Beste alde batetik, industriak gaur egungo zailtasunak gaindituko ditu, baina aurreko urteetako erritmo indartsua berreskuratu barik. Eraikuntzak dinamismo handia erakutsiko du, eta zerbitzuek batez bestekoaren gainetik hazten jarraituko dute.
Gerra komertzialak, gatazka politikoek eta finantza merkatuen gorabeherek, beste arrazoi batzuen artean, ezegonkortasuna eragin dute, baina ekonomia globalak jasan duen kaltea mugatua izan da. Egia da munduko ekonomia nagusien aurrerapen erritmoak moteldu egin direla baina, momentuz, baztertu egiten da bat-bateko moteltze indartsu eta orokorra.
Europar Batasunak nahiko egonkor eusten dio bere jarduera ekonomikoari, eta Espainiako ekonomiak %2,0ko hazkundea izan du bigarren hiruhilekoan.
Aurreikuspenek %1,6ko igoera erakusten dute 2019an eta %1,2koa 2020an. 15.300 enplegu sortuko dira 2019an eta 11.500 inguru 2020an. Euskadiko langabezia tasa % 9,9koa da 2019an eta %9,8koa izango da 2020an. Horrela, gainditu egin da legealdiko helburua: langabezia tasa %10era murriztea.
2.- 2020ko Aurrekontuen ekonomia-finantza testuingurua
Diru-sarrerei dagokienez, Foru Aldundien ekarpenak 2019ko aurrekontuan baino 318M/€ handiagoak dira, 10.473M/€ guztira 2020an. Hau da, aurrekontu osoaren %89a dira.
Aurrekontu egonkortasunerako helburuek ezartzen dutenez, 2020an EAEren defizita %0koa izango da. Euskadiren kasuan, helburu hori duela hiru urtetik ari da betetzen, kontu publikoek superabita erakusten baitute 2017tik. Izan ere, euskal kontuen egoera onak, finantzen ikuspegitik jasangarriak diren inbertsioei ekiteko aukera eman du, 54,4M/€-koak 2018an eta 100M/€ ingurukoak 2019an.
2020ko zor publikoari dagokionez, ez da BPGren %13,2tik gorakoa izango eta, aurreikuspenek erakusten dutenez, datorren urtean Euskadiren balioak %12 ingurukoak izango dira. Amortizazioari dagokionez, 2020ko aurrekontu proiektuan 714,7M/€-koa izango da, 2019an baino 384M/€ inguru gutxiago.
Inbertsioen, kapital transferentzien eta finantza aktiboen igoeraren bilakaera aztertuta, 1.093M/€ arteko hazkundea hautematen da, hau da, 2019an baino 101,5M/€ gehiago, inbertsio publikoaren %10,2ko hazkundearekin. Aurrekontu proiektu honek, Euskal trenbide sare berriaren (Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea) kudeaketa kredituen gauzatzea 100,5M/€-tan ezartzen du 2020an.
3.- Herrialdearen erronkek definitutako aurrekontua
Jaurlaritzak, gizarte politikak bermatzeko eta hobetzeko eta ekonomiaren garapena eta enplegua indartzeko konpromisoei leial izaten jarraitzen du. Horrela, proiektu honen %77,5a gizarte politikei dagokie. 10 eurotik ia 8 inguru gizarte gastuetara bideratzen dira, Osasunera, Hezkuntzara, Enplegura eta Gizarte Politiketara.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak inbertsio publikoaren aldeko apustuarekin jarraitzen du, eta %10,2ko hazkundea izango du, 1.093M/€-ra heldu arte (101,5M/€-ko hazkundea 2019arekin alderatuz). Horrez gain, Berrikuntzarekin duen konpromisoari eusten zaio, %5,44 handituz. ZTP osoa 486,6M/€-koa izango da, 2019an baino 25M/€ gehiago.
Osasuna da, berriro ere, aurrekontu handiena duen Saila, 3.941,5M/€, hau da, 2019an baino 141,3M/€ gehiago. Partida nagusiak Osakidetzakoa, 2.999 M/€-rekin –124M/€-ko igoera erakusten du–, eta Farmazia eta Tratamenduarekiko atxikidurarako laguntzak eta Txertoak dira, 544M/€-rekin. Osakidetzan egingo diren inbertsioak 69,7 M/€-koak izango dira, iaz bezala, eta osasun kontzertuak 235,5M/€-ra helduko dira. Aurreikusitako ohiko inbertsioei dagokienez, %30 Lehen Arretara egongo dira zuzenduta, aurreko urteetako zifra hirukoiztuz, osasun zentro berriak eraikitzeko eta egungo instalazioak zaharberritzeko.
Hezkuntzak, bere aldetik, 2.919,2M/€ ditu, hau da, 2019an baino 74 M/€ gehiago. Igoera horren %64 langile publikoen soldata baldintzen hobekuntzara zuzenduko da. EHU, 2019an 314M/€ jasotzetik, 2020an 323,5M/€ jasotzera igaroko da, %3,6ko hazkundearekin.
Enplegu eta Gizarte Politika Sailak, aurrekontu partidari dagokionez hirugarrena denak, 1.030,8 M/€ izango ditu. DSBE-RGIk %2ko eguneratzea izango du, baina egia da laguntza horretara zuzendutako zenbatekoa murriztu egingo dela, Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin gertatuko den bezala, 2019an baino 20,5M/€ gutxiago, eskatzaile gutxiago dagoelako. Kopuru horrek Sailean jarraituko du, eta Enplegurako Zentro Berezietara eta bestelako enplegu eta prestakuntza politika batzuetara zuzenduko du. Sailak 81,3M/€ zuzenduko ditu familia eta erkidego politiketara, eta 27,5M/€ Gizarte Larrialdi Laguntzetara.
962,7M/€-rekin aurrekontuan laugarren lekua hartzen duen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren datuei dagokienez, 97 M/€-ko igoera izan dute 2019arekin alderatuta. Hazkunde horretatik, 75M/€ Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Erakundearen bitartez Finkatuz Funtsera egin duen ekarpenari dagozkie eta, ondorioz, funtsak 175M/€ izango ditu 2020an, euskal enpresetan inbertitzeko eta horien sustraitzea indartzeko. Euskal Y-aren eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen kudeaketa kredituek 100,5 M/€ izango dituzte 2020an. Sail horrek 13,9 M/€ gehiago bideratu ditu Zientzia eta Teknologia Planaren (ZTP-PCTI) barruan dauden programetara, eta zenbait sozietate publikoren eta programaren bitartez lehen sektorera zuzendutako zenbatekoak 145M/€ ingurukoak dira.
Segurtasunak 670,5M/€-ko aurrekontua izango du, 12,2M/€-ko igoerarekin. Sailaren aurrekontuaren %75a langileen kostuetara doa. Azpimarratu beharreko zenbatekoen artean, aurten 11M/€ inguru bideratuko dira hauteskunde autonomikoetara, Arkauteko Akademiak 3,3M/€-ko igoera izango du –19,8M/€-ko aurrekontura helduz– eta 8M/€ inguru Genero Indarkeria eta beste zaurgarritasun egoera batzuk babesteko zerbitzura bideratuko dira.
Kultura eta Hizkuntza Politika saila, bere aldetik 276,3 M/€-ra helduko da, 16,2M/€-ko igoerarekin, HABEra, hizkuntza politika programetara, EITBra, Euskadiko Orkestrara, Etxeparera, Euskadi Kirola Fundaziora, Orkestra Gaztea Fundaziora eta euskal museoetara zuzenduta.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 236M/€ inguru ditu, 2019an baino 12,7M/€ gehiago. Sail horretako partida nagusiak, IHOBE, URA, Uraren Euskal Agentzia, VISESA eta Alokabide sozietateetara zuzenduko dira. Horrez gain, gazteen emantzipazioari laguntzeko Gaztelagun programara 7,5M/€ zuzenduko dira –2019an baino 2,5M/€ gehiago–.
Lan eta Justizia sailak 225,7 M/€ izango ditu, %3,8ko hazkundearekin, Sailaren programetara zuzenduta, batez ere. Doako laguntza juridikoari dagokion zenbatekoa 15M/€-koa da, eta Osalanek 12,3M/€ jasoko ditu, besteak beste.
Lehendakaritza sailak 126,6 M/€ izango ditu 2020an, 4M/€ inguruko hazkundea, hain zuzen ere. Igoeraren onuradunak Emakunde –bere aurrekontua 5,9M/€-koa da–, Berrikuntza Funtsa eta Lankidetzarako Euskal Agentzia izango dira. Azken horrek 3M/€ gehiago izango ditu, ia 49M/€-ra helduz.
Aurrekontu proiektu honek %2ko soldata igoera aurreikusten du Eusko Jaurlaritzako eta bere erakundeetako 90.000 langile baino gehiagorentzat, Itzarrira egindako ekarpena jasotzeaz gain. Horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernu saila da hazten ez den bakarra, eta 2020an 121,1 M/€-ko aurrekontuarekin jarraituko du.
Amaitzeko, Ogasun eta Ekonomia sailak 54,9 M/€-ko aurrekontua izango du, 2,3M/€-ko hazkundearekin, aurten onartu den EUSTATen Euskal Estatistika Legean jasotzen diren eragiketen garapenaren ondorioz, batez ere. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren aurrekontua 42,6 M/€-raino igoko da, 2019an baino 1,4M/€ gehiago.